Datorren urtean ere, ordainduz

Ordaintzen diren Baionako besten balorazio baikorra egin du udalak. Aurten estreinatu sistema bera jarriko dute heldu den urtean ere: sartzea 8 eurotan, ez gehiago, ez gutxiago
Aurtengo Baionako bestetako irudia, 8 eurotan saldu eskumuturrekoa jartzen; eskumuturrekoa ezartzeaz gain, zakua miatzen zuten bertan.
Aurtengo Baionako bestetako irudia, 8 eurotan saldu eskumuturrekoa jartzen; eskumuturrekoa ezartzeaz gain, zakua miatzen zuten bertan. ISABELLE MIQUELESTORENA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko abenduak 4
«Finantza helburuak kausitu ditugu», borobildu du Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapezak. Lehen aldiz ordainarazi dituzte aurten Baionako bestak, eta atzo egin zuten lehen finantza balorazio publikoa. Izan ere, Baionako bestek asteazkenetik igandera arte irauten dute, eta aurtengo ostiral goizetik igande gauera arte 8 euro ordaindu behar izan ziren Baionako hiri barneko besta eremura sartzeko, zenbait ordurako edo hiru egunerako.

Bestak ordainaraziz 739.000 euro irabazi dituztela poztu zen auzapeza: «Hori gutxiago izanen dute ordaintzeko baionesek». Atzoko balorazioaz baliatu ziren berresteko heldu den urtean sistema hori atxikiko dutela: «Are gehiago, aurtengo esperientziari esker, hobetuko dugu», segurtatu zuen auzapezak. Hobetu, erran nahi baita eskumuturrekoen sistema antolatzeko jarri diru kopurua txikitu. 601.000 euro gastatu zituzten eskumuturrekoak, ordainsariak eta zaintza lanak antolatzeko, hiriko hamar sartzeetan. Sarreren zaintza lanak agentzia pribatu baten esku jarri baitzituzten, eta alokatu behar izan zituzten etxe prefabrikatuak, eta behar baino gehiago alokatu zituztela ohartu dira. Heldu den urterako espero dute 100.000-150.000 euro gutxiago gastatzea.

Hori bai, prentsaurrekoan argi utzi nahi izan zuten ez dagoela beste biderik. Partaidetza pribatuei dei egiteak ez duela funtzionatzen, adibidez. Sanferminek Heineken markarekin partaidetza dute, baina Baionan ez litzatekeela posible esplikatu zuen Michel Soroste finantza axuantak, Frantziako Evin izeneko legeak debekatzen duelako, alkohol marka bat baita. «Eta alkoholaz aparte, ez dago beste partaiderik interesaturik», gaineratu zuen Etxegaraik.

Horiek erranik, Etxegaraik ere argi utzi zuen heldu den urtean ere eskumuturrekoa 8 eurotan atxikiko dutela. Prezioa ez dutela goitituko, ez eta beheitituko ere. Zehaztu zuen ezin dela egin eguneko sartze bereziturik, horrek kostuak handitu eta sistema gehiegi konplikatzen duela. Zenbait ordurentzat edo hiru egunentzat, 8 eurotan atxikiko dute eskumuturrekoa heldu den urtean ere.

Ordainketa justifikatzeko, Frantziako Estatuak behartu segurtasun neurriei lotua dela berretsi zuten prentsaurrekoan. Iaz baino 227.000 euro gehiago gastatu behar izan dituztela esplikatu zuten, gastu horiek segurtasun neurriei lotuz.

Etxegaraik gogoratu zuen Paueko auzitegi administratiboak ez ziola oztoporik jarri ordainketagatik. Izan ere, alderdi sozialistako kide Joe Mendes baionesak helegite bat jarri zuen udalaren erabakiaren aurka. Baina auzitegiak arrazoia udalari eman zion: «Galdera hau zen ororen buru: segurtasun kontuengatik 8 euro ordaindu behar ote ditu baionesa ez denak? Auzitegiak baietz erantzuten dio horri. Ez dela izariz kanpoko kaltea, segurtasun kostua dela eta. Proportzionaltasuna dute begiratu, helburuaren eta horren lortzeko hertsitzen den libertatearen artean». Oro har, auzapeza bera, axuantak baita besta batzordea ere poztu ziren ordainketak besten izpirituari kalterik egin ez izanaz. «Hori baieztatu digute ukan ditugun oihartzunek». Nabarmendu zuten ez dela jende gutxiago etorri; kalkuluen arabera, %5 eta %10 artean. Nahiz eta inpresio aldetik baieztatu zuten «dentsitatea galdu» zela, «joan eta etorriak aiseago egin ahal izan ditugu», Baionako besta batzordeko buru Henri Lauqueren hitzetan. «Baina, horri esker, elkarrekin solasean aritzeko denbora gehiago ukan dugu».

739.000 euro horiek irabazi gisa aurkeztu zituzten; horrekin, animazio arloan diru gehiago sartzeko asmoa aipatu zuten denek, deus gehiagokorik zehaztu gabe. Paradoxikoki, hainbeste segurtasun aipatu, eta Yves Ugalde kultur axuantak hauxe izan zuen bere argumentu nagusia: «Ez dut nehor harrituko hori erratean. Besta herrikoi baten segurtasuna ziurtatzeko molde egokiena bere dimentsio kulturala bermatzea da. Hori frogatua izana da. Batzuetan, hiru txarangak CRS autobus batek baino gehiago balio dute».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Nora Arbelbide Lete

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna