Italia. Gobernua osatzeko negoziazioak

Martxoaren 23tik aurrera abiatuko dira gobernua osatzeko elkarrizketak

Parlamentua eta senatua bilduko dira lehenik, eta ondoren hasiko du Matarellak elkarrizketa erronda. Bruselak «lasaitasuna» eskatu du

Iosu Alberdi.
2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Igandeko bozek ez dute argitu nor izango den Italiako hurrengo lehen ministroa, eta zalantzak hor daude oraindik. 5 Izar Mugimendu euroeszeptikoak eta Lega xenofoboak gobernua osatzeko eskubidea aldarrikatu dute, baina bietako inork ez du lortu gobernua osatzeko beharrezko %40a. Beraz, Italiako presidente Sergio Matarellak erabaki beharko du nori eman gobernua osatzeko agindua, hautagaiek lor ditzaketen babesak kontuan izanik. Martxoaren 23tik aurrera hartu beharko du erabakia, orduan bilduko baitira lehen aldiz Diputatuen Ganbera eta Senatua. Martxoaren 22an eta 23an bilduko da Europar Kontseilua ere, eta Italiako egoera politikoa gaien artean egongo da ziurrenik.

Legealdi berria martxoaren 8anhasiko da, diputatuek eta senatariek parlamentuan izena ematean. Lehen bilkurak, ordea, ez dira hilaren 23ra arte egingo, bi ganberetako presidenteak hautatzeko. Diputatuen Ganberaren kasuan, negoziazio mahaian eseri beharko dute alderdiek, presidentea hautatzeko beharrezkoa baita gehiengo osoa.

Ganberetako presidenteak izendatuta, Matarellaren txanda iritsiko litzateke. Italiako presidenteak elkarrizketa erronda hasiko luke ganberetako presidenteekin eta talde parlamentarioekin. Erronda amaitzean, lehen ministroaren kargua hartzeko hautagaia zehaztuko luke, ziurrenik Legako Matteo Salvini edo Bost Izarren Mugimenduko Luigi Di Maio. Ordura arteko negoziazioen bilakaerak baldintzatu dezake Matarellaren erabakia.

Europa, begira

Europa ere Italiara begira jarri da, eta, emaitzak ikusita, «lasaitasunerako» deia egin du EB Europako Batasunak, euroeszeptikoek bozen %50 baino gehiago lortu baitituzte. Europako Batzordeko bozeramaile Margaritis Schinasek eta Alemaniako kantziler Angela Merkelek gobernu «egonkor bat» eskatu dute, «italiarren eta Europaren onerako». Macronek, berriz, «Italiak sufritutako immigrazioaren presioarekin» lotu ditu emaitzak.

Lehen erreakzioetatik harago,Italiako Gobernuaren osaera hizpide izango dute EBko estatuburuek eta gobernuburuek, Italiako Parlamentuaren lehen bilkuraren egun berean elkartuko baitira, Europar Kontseiluaren bileran. Egungo Italiako lehen ministro Paolo Gentiloniren nazioarteko azken bilera izan daiteke hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.