Ane Ibarzabal eta Unai Martinez. GKSko kideak

«Mahaigaineratu nahi dugu nazio auzia ebazteko beste modu bat»

Gazte Koordinadora Sozialista ez da «hutsetik» sortu, Ibarzabalen eta Martinezen hitzetan, «krisi kapitalistaren testuinguruan» baizik. Ikuspegi horretatik hasi dute analisia.

BERRIA.
Maider Galardi F. Agirre. Hodei Iruretagoiena
Andoain
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Gasteizko Auzolana pilotalekuan aurkeztu zuten ehundik gora gaztek GKS Gazte Koordinadora Sozialista, otsailaren 17an. Askok agortutzat zituzten «klase terminoetan» mintzo dira Ane Ibarzabal (1994) eta Unai Martinez (1996), «ez itxurazko erradikaltasun bat antzezteko», hautu politiko gisa baizik, «askotariko zapalkuntzen oinarri komuna azaleratzeko».

«Batzen gaituena sozialismoaren defentsa da», diozue aurkezpen agirian. Batasun hori hutsune batetik al dator?

Ez, GKS ez da ezerezetik sortzen.Proposamen politiko oro bezala, gizarteko errealitate batetik sortzen da, eta gizarteko errealitate bati erantzuteko. Hori da politika: errealitatea egituratzen duen indar harremanen sarean esku hartzea, norbere posizioa eta proposamenak indartzeko.

Beraz, nondik dator batasuna?

Azken urteotan era ez-homogeneoan Euskal Herrian garatuz joan den joera politiko sozialistan du jatorria: lekuan leku garatutako gaztetxeen proposamenak, genero auzia klase ikuspegitik lantzeko sareak eta emakume taldeak, ikasleen borrokak, langileen babes sareak... Oro har, krisi kapitalistaren testuinguruan sortu diren indar eta proposamen politiko sozialistek ahalbidetu dute sorrera. Partaideak, berriz, askotariko proiektuetatik gatoz: kulturatik, unibertsitateko militantzia eremutik...

Sistema kapitalistaz eta gizarte burgesaz ari zarete. Nondik hasi duzue egoeraren analisia?

Fase desberdinak izan arren, sistema kapitalistak lege propioak ditu, eta beti errepikatzen da egoera bat: langileriaren gaineko dominazioa. Ez dugu langileria ikuspuntu ekonomiko soiletik ulertzen. Langile izatea bizi baldintza bat da, bizitzaren eremu guztietara hedatzen dena. Nahiz eta kapitalismoaren funtsa bizi baliabideen jabetza pribatuan aurkitu, kapitalismoak gure bizitzaren esparru guztiak determinatzen ditu. Edonola ere, garrantzitsuena testuinguru historikoa aztertzea da, langileriaren dominazioa zer formetan gauzatzen den ikusteko. Uste dugu krisi kapitalistak definitzen duela egungoa.

Interpretazio hori, ordea, gazte ikuspegitik egiten duzue. Zer garrantzi du aldagai horrek?

Krisiaren efektuetako bat izan da gazteontzako ezegonkortasuna eta bizi proiekziorako ezintasuna. Aurreko belaunaldietako gehienen aukera izan da jabetzara eta kontsumo dinamiketara sarbidea izatea. Hori antolakuntza politiko sindikal eta politiko handien emaitza izan da, baina denboran mugatua, eta deuseztatze bidean dago orain. Gainera, diskurtso eta hiztegi politiko jakin bat egokitzen ari da krisi kapitalistak sortutako egoerara. Klase terminoetan hitz egitea arrotz bihurtu da aurreko belaunaldiko ezker mugimenduko kide askorentzat.

Zuek, ordea, kontzeptu klasikoagoak erabiltzen dituzue, ezta?

Klase terminologia berreskuratu nahi dugu, ez itxurazko erradikaltasun bat antzezteko, baizik eta ulertzen dugulako askotariko zapalkuntzak —arrazarena, generoarena, gazteria langilearena...— klase dinamika globalaren emaitza direla. Ikuspegi ekonomizista eta erredukzionista batek zapalkuntzen oinarri komuna ezkutatzen du. Guk terminologia politiko historikoa berreskuratu nahi dugu, oinarri hori azaleratzeko eta mugimendu sozialei klase batasuna ahalbidetzeko.

Egotzi dizuete nazio auzia edo euskal errepublika ez aipatzea.

Auzi bat ebazteko modurik eraginkorrena auzia ongi planteatzea da, eta horretarako galdera bera ongi formulatu behar da, erantzun egokia emateko. Nazio auzia gure ardura nagusietako bat da, baina desegokia iruditzen zaigu zenbaitek nola planteatzen duten. Askok nazio auzia eta auzi soziala bereizten dituzte erabat, bi errealitate diferente balira bezala, eta horien arteko lehentasunak ezartzera behartzen gaituzte. Baina hori auzia planteatzeko modu bat besterik ez da, eta guk ez dugu bat egiten. Horrek jarrera politiko bat ezkutatzen du: ulerkera horretan sartzen ez den oro espainol edo obrerista bihurtzea, esaterako. Baina argi diogu ez dugula alboratzen nazio auzia. Guk Euskal Herrian nazio auzia ebazteko beste modu bat mahaigaineratu nahi dugu, Euskal Herriaren askatasunaren alde lan egiteko.

Zer eredu da hori?

Kapitalismoak nazio eredu moderno ezberdindu bat sortu du, eta hori burgesiaren gidaritza politikoaren menpe dago erabat. Kapitalismoak sortzen duen komunitate ereduaren elementu gehienak botere burgesaren dinamikari azpiratuta daude: errepide sareak, unibertsitateak, elementu kultural eta linguistikoak, ehun produktiboa... Guk langile klasearen nazioaren eraikuntza defendatzen dugu, non komunitate horren elementuak kontzienteki eta etikoki kontrolatu beharko liratekeen.

Zer forma luke nazio horrek?

Langile klasearen eta burgesiaren komunitate forma erabat desberdinak dira, eta guk uste dugu botere burgesaren beharrei erantzun beharrean langile klasearen interesei erantzungo dion nazio eredua eraiki behar dela. Lehena jada badago: Espainiako Estatuaren eta 1979ko autonomia estatutuen forman. Bigarrena eraiki behar da: Euskal Estatu Sozialistaren bidean garatu beharreko langile nazioaren eraikuntza.

Euskal Herria zer da zuentzat?

Guretzat Euskal Herria egiten den zerbait da, ez soilik aldarrikatzen dena. Komunitate politikoa eraikitzeko esparru propioa da, bizi forma propioa eraikitzeko langileriaren borondatea badagoelako. Baina bitarteko guztiekin ukatu izan da historikoki, baita egun ere. Horri justizia egitea dagokigu. Bizi forma hori eraikitzeko, beharrezkoa da Euskal Herrian azpiegitura nazional bat garatzea, langileriaren interesei erantzuteko. Bertan, elementu kultural eta linguistiko guztiak komunitate politiko horren bizi espresio izango dira. Kapitalismoak sortzen duen komunitatean, berriz, elementu kultural eta linguistikoak dinamika kapitalistarentzako interes partikularra duten fenomenoak dira, eta biziraupena dinamika kapitalista horren menpekoa da erabat. Horren aurrean, euskal kultura sozialista defendatzea beharrezkoa da. Euskal Herria, beraz, kontzeptu politikoa da guretzat, eta nazio eraikuntza, prozesu sozialistaren parte.

Gainerakoan, nola jaso dituzue lehen erreakzioak?

Aurkeztu baino ez gara egin, eta ikusten ari gara nola baliatzen diren aurkezpen soil baten mugak gure iruditegi sozial distortsionatua sortzeko, ondoren erraz kolpa daitekeena. Politika egiteko modu hau orokortzen ari da pentsamendu liberalean: egia politikoak baino, aurkari politikoaren inguruan sortzen den irudiak definitzen zaitu. Ez dugu bat egiten horrekin, eta kezkagarria iruditzen zaigu beren burua kritikotzat duten mugimenduak modu berean aritzea. Ez dugu inola ere eztabaida politikoa saihestu nahi; gure erronketako bat da hainbat auziren inguruko ikuspegia ahalik eta modu garatu eta argienean plazaratuz joatea.

Klase feminismoa diozue. Inork pentsa dezake genero auzia bigarren mailan uzten duzuela.

Guretzat ez dago lehen eta bigarren mailako zapalkuntzarik. Guztiak dira dominazio burgesaren forma konkretuak. Ondorioz, guztien funtzioa da langile klasea dominatzea. Genero zapalkuntza andre langilearekiko ezartzen da, eta langile klasearen menderatzean sakontzen du. Uste dugu genero zapalkuntza gainditzea botere burgesa borrokatzeko langileriaren estrategiaren baitan kokatu behar dugula. Genero zapalkuntzak berebiziko garrantzia du langileriarentzat, eta militante guztion ardura da problematika hori geure egin eta gainditzeko antolakuntza bitartekoak sortzea.

Gazte Koordinadora izena hartzea ez da ausazko erabakia...

Gazte problematika ez da gazteria osoari eragiten dion auzia; langile klase osoari bere bizitzaren aro batean eragiten dion fenomenoa baizik. Gazteria diogunean, langile klaseko sektore bati buruz ari gara. Gazteria langileak funtzio jakin batzuk betetzen ditu botere burgesarentzat; adibidez, irabazi tasa handitzea ahalbidetzen dio. Gazteria diogunean, errealitate espezifiko batez ari gara, eta GKSren helburua da errealitate horretan gazte problematikan esku hartzea.

Nola egingo duzue hori?

Tresna espezifikoen bidez. GKSk ez ditu hasieran aipatutako adierazpen sozialista horiek koordinatuko; gaztetxeak, adibidez. Gazte problematikan esku hartzeko sortuko dituen tresnak koordinatuko ditu. Langile gazteen behar politikoei antolakuntza forma orokorrak eskainiko dizkie, eredu partikular anitzekoak. Horretarako, beharrezkoa da klase gisa gazte problematikaren elementu guztiak osoki txertatzea, gizartearen funtzionamendu orokorraren baitan hartzen dutelako zentzua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.