Koronabirusa

Gipuzkoako Fiskaltza zahar etxeak ikertzen hasi da, Espainiak aginduta

Arabako eta Bizkaiko egoitzak ere ikertuko dituzte. Geroz eta ugariagoak dira COVID-19 kasuak

Iruñeko Erruki Etxea zaharren egoitza, hesituta. IÑIGO URIZ / FOKU.
Joana Ibargarai - Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Fiskaltza hasia da zahar etxeak ikertzeko lehen urratsak egiten. Espainiako fiskal nagusiak eman zuen ikerketa abiatzeko agindua, Espainiako armadak adineko batzuen gorpuak aurkitu zituenean egoitza batzuetan. Arabako eta Bizkaiko Fiskaltzak ere eman dituzte pausoak. Zahar etxeetako egoiliarren osasun egoera zein den ikertuko dute. Atzo jakin zen Gipuzkoako zahar etxeetan hamabost gaixo gehiago atzeman dituztela; eta Laudioko San Roque egoitzan 84 urteko gaixo bat hil zen. Kezka gero eta nabarmenagoa da, eta suhiltzaileak dabiltza egoitzak desinfektatzen egunotan.

Araban, Gasteizen dago foku handiena, Sanitas egoitzan. Arabako Foru Aldundiak neurriak hartu ditu bere gain dauden zahar etxeeta. Eguneko zentro batzuk egokitu ditu, COVID-19 gaitza dutenak eta kutsatuta egon daitezkeenak konfinatzeko. Nafarroan, Mari Carmen Maeztu Gizarte Eskubideetarako sailburuak jakinarazi duenez, herrialdean dauden 82 zahar etxeetatik hamabostetan topatu dute gaixoren bat. Kezka, batez ere, Erruki Etxearen egoitzan dago. Kasu bat atzeman zuten, eta erabaki zuten erabiltzaile guztiak bakartzea: 530 dira.

EH Bilduk eskatu du «lehenbailehen» indartzeko zahar etxeetako babes neurriak. Diputazioei galdegin die ea zer neurri hartu diren. Egoitza horietako langileak «arrisku handiko» lanean ari direla oroitarazi du, eta haiei ere test gehiago egin behar litzaizkiekeela adierazi du.

Iparraldean, «lasaiago»

Baionako Haranbillet zahar etxean lau pertsona kutsatuak dira, baina, oro har, «lasaitasunean» segitzen dutela adierazi du Donibane Garaziko Adinduen Egoitza zahar etxeko langile batek: «Sendi da langile guztiak kontziente direla gertatzen ari denaz, eta batzuk besteak baino arranguratuagoak dira, baina orokorki aski ontsa gara oraino». Halere, zahar etxe bakoitzak bere neurriak hartzeko aukera du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.