Aldundiak dio Gipuzkoan «erraz» lortuko dela %70eko birziklatze tasa

Hondakinen kudeaketarako plangintza berriaren aurreproiektua aurkeztu du foru erakundeak

Monica Pedreira eta Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako hondakinen planaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Donostia
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
2030. urterako birziklatze tasa %70ekoa izango dela esan du Gipuzkoako Diputazioak. Atzo aurkeztu zuten Gipuzkoako hondakinen kudeaketarako 2019-2030 plan berriaren aurreproiektua. EB Europako Batasunean ezarrita dauden helburu eta arauen arabera egindakoa da. Birziklatuko ez diren hondakinak —%30— «energetikoki balorizatu» nahi ditu aldundiak; alegia, erre egingo ditu. Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuaren arabera, «zabortegirik gabeko hondakinen kudeaketa eredua» lortuko dute era horretan. Gaur egun, hiri hondakinen berrerabiltze eta birziklatze tasa %53 da Gipuzkoan. Asensioren arabera, «erraz» lor daiteke EBk jarritako helburua: %70.

Diputatua pozik azaldu zen atzo planarekin: «Gipuzkoak sortzen dituen hondakin guztiak baliabide propioekin tratatzeko gai izango gara». Xedea bete ahal izateko, estrategia batzuk zehaztu dituzte. «Prebentzioan»jarriko dute indarra. Besteak beste, hiri hondakinak murriztea eta «gaikako bilketa eraginkorra» egitea proposatu dute. Gaur egun martxan dauden bilketa sistemak aztertuko dituzte: horien artean daude, esaterako, atez ateko sistemak, bosgarren edukiontziaren bidezkoak eta garbiguneen erabilera. Planaren aurreproiektuan azaldu duteetorkizunerako «balio handia» dutela orain arte izandako «eskarmentuek» eta «emaitzek».

Europak jada zehaztua du 2030. urterako bete beharreko muga bat: %10 izan beharko du hiri hondakinen isurketa tasak. Asensioren arabera, hori ez da arazo: «Gipuzkoan %0 izatea lortuko dugu». Izan ere, planean jaso dute lehen mailako hondakinik ez botatzea zabortegira: «Ez da zabortegian botako aldez aurretik konpostatu ez den edota biomentazioa izan ez duen biohondakinik, edo energia aprobetxamendurik atera ez zaionik». Halere, bigarren mailako hondakinak isuriko dira. «Tratamendu plantetan errefus gisa sortutako eta aprobetxamendurik izan ez dezaketen bigarren mailako hondakinak soilik isuriko dira».

Plan horretatik abiatuta osatu nahi dute foru arau bat. Asteazkenean atera zuen aurreproiektua diputazioak, eta Asensiok jakinarazi du sarean dagoela: «Denon eskura». Irailean abiatuko dute partaidetza prozesu bat plan horren inguruan. Ingurumen diputatuaren arabera, «ordezkaritza zabala» espero dute: «Talde politikoak, mankomunitateak, partzuergoak, unibertsitateak, sindikatuak, ekologistak, adinekoen eta gazteen taldeak eta klusterrak ere bilduko dira». Parte hartaidetza prozesua bukatu ondoren, espero dute abenduan onartzea Diputatuen Kontseiluan. 2019ko otsailean bukatuko litzateke prozesua, batzar nagusietan foru araua onartu eta gero.

Errauste planta

Bide batez, Jose Ignacio Asensiok jarraitzen du, orain arteko bidean, errauste plantaren defentsa eginez. Aski proiektu eztabaidatua izan da, hura atzera botatzeko eske asko egin dira, baina, atzo errausketa ezinbestekoa dela esan zuen berriro. «Badu bere zeregina. Hobe da birziklatzetik sortutako errefusak balorizatzea, zabortegira bidaltzea baino». Prozesu hori Zubietako errauste. plantan egiteko asmoa dute; «datorren urtean» martxan egongo da. 2016an diputazioak egin zuen prognosi baten arabera, 167.811 tona zabor tratatu beharko lituzkete bertan. Lehenengo, tratamentu mekaniko biologikoko (TMB) plantatik pasatuko dituzte hondakinak. Hortik ateratako 120.000 tona erraustegiko plantara joango lirateke. Prognosiak kopuru horri gehitzen dizkio 45.546 tona hondakin industrial, komertzial eta instituzional; 14.000 tona birziklatze prozesuetan sortutako errefusekin, eta 21.576 tona araztegietatik eramandako lohietatik. Lohien inguruko eztabaida bizi-bizi dago. Izan ere, lohiak ez daude zehaztuta hiri hondakin gisara; berez, araztegiek eurek kudeatzeko betebeharra dute. Aldiz, aldundiak bere gain hartu du horien tratamendua planean.

Kalkulu horien kontra, badira bestelakoak; 2013. urtean, esaterako, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak atzera bota zuen erraustegiaren proiektua «gaindimentsionatuta» zegoela argudiatuta. Horren inguruko kalkuluak plazaratu dira sarri.

2019-2030 plangintzarekin birziklatze tasa %17an handitu nahi du diputazioak. Aldi berean, aurreikusi dute urtez urte handitu egingo dela erre beharreko errefusa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.