«Elkarbizitza demokratikorako» oinarriak nahi ditu Foro Sozialak

Biktima guztien aitortza, presoen auziaren irtenbidea eta memoria barneratzailea jo ditu zutabetzat
Nekane Alzelai eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko kideak, atzo, Bilbon.
Nekane Alzelai eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko kideak, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Enekoitz Esnaola -

2018ko irailak 4
Foro Sozial Iraunkorrak uste du azken urteotan «aurrerapauso handiak» eman direla euskal gatazkaren «konponbiderako» —ETAren armagabetzea eta desegitea, euskal presoen arloko akordioak, elkarrizketa politikoa...—, baina ohartarazi du oraindik falta dela bidea egiteko. Hala, urte politiko berrirako funtsezkotzat jo du «elkarbizitza demokratikorako» oinarriak ezartzea eragileen artean, «bake eta giza eskubideen kultura batean eraikitakoak», Nekane Alzelai eta Agus Hernan foroko kideek Bilbon prentsaurreko batean azaldu dutenez. Hiru zutaberen gainean eraiki beharko litzateke elkarbizitza demokratikoa, Foro Sozialaren arabera: indarkeria mota guztietako biktima denen aitortzarako behin betiko urratsetan; euskal presoen auziaren irtenbide integralean; eta kontakizun guztiak onartuko dituen memoria barneratzailean. Akordio zabalak eta zeharkakoak eskatu ditu.

Biktimen alorrean, urriaren 5ean eta 6an V. foroa egingo dute, Iruñean eta Bilbon, Egia ezagutzeko eskubidea: biktimentzako aitortza eta erreparaziorako tresnak lelopean. Horrez gain, indarkeria mota desberdinetako biktimekin lanean jarraituko dute, eta argitu gabe kasuak lantzen ere segituko dute, Alzelaik eta Hernanek iragarri dutenez.

Presoen gaian, adostasun zabalak lortu izanari garrantzia eman diote, baina urrats falta sumatu dute. Espainiako Gobernuari eskatu diote neurriak hartzen hasteko «premiazko» kasuetan; hots, gaixorik dauden presoen, 70 urte gorakoen, hurbilketaren eta gradu progresioaren kasuetan.

Memoria barneratzaile bat osatzeko, berriz, Foro Sozialak nabarmendu du etorkizunari begiratu behar zaiola, iragana ahaztu gabe. «Lan horretan inor ez da baztertuta sentitu behar».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna