Koronabirusa

Gutxieneko zerbitzu handiagoak jarri dituzte hezkuntzako grebarako

Garbiketan, %100eko gutxieneko zerbitzuak jarri dituzte. Sindikatuak aztertzen ari dira auzitara jotzea

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTk deitutako protesta bat, joan den astean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek grebara deitu dute gaurko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzan, itzulera «segurua eta adostua» eskatzeko, eta deialdiarekin bat egin dute hezkuntza arloko azpikontratek ere; garbiketa zerbitzuari, jantokiei eta garraioari eragingo die. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak ere bat egin du deialdiarekin, eta mobilizatzera deitu du.

Atzo argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak gaurko gutxieneko zerbitzuak ezartzeko agindua, eta aurrekoetan baino handiagoak dira. Grebara atxikitako ikastetxe edo eraikin bakoitzean pertsona hauek egon beharko dute: zuzendaritzako kide batek; mendekoen kidegoko langile batek goizean, eta beste batek arratsaldean; eta COVID-19aren koordinatzaileak.

Gainera, «babesa eta segurtasuna bermatzeko», etapa bakoitzeko irakasle batek joan beharko du ikastetxera, eta, haur eskoletan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, etapa bakoitzeanmatrikulatutako ehun ikasleko bi irakasle gehiago jarriko dituzte etapako. 200 ikasletik gora direnean, beste bi, eta horrela jokatuko dute ehun ikasle gehiago daudenero. Hezkuntza bereziko eskoletan eta hezkuntza bereziko gela egonkorretan, gutxieneko zerbitzuak %75ekoak dira.

Ikastetxeetan eskaintzen diren beste zerbitzuei dagokienez, garbiketako langileen %100 bertaratzea «ezinbestekoa» izango da, Jaurlaritzak argitaratu duen arauaren arabera. Jantoki zerbitzua ere bermatuta egongo da. Horretarako, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dituzte: sukaldeko langileen %10; begirale bat2 urteko bederatzi jankideko; begirale bat 3 urteko hamabost jankideko; begiraleen %10 4 eta 5 urteko umeentzat; eta behar bereziak dituztenentzat, «elikadura beharrak asetzeko» behar den gutxieneko begirale kopurua.

Segurtasunaren«aitzakia»

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuen iritziz, ezarritako gutxieneko zerbitzuak ikusita, «greba eskubidearen urraketa larri bat» dela uste dute, eta ohar batean azpimarratu dute aztertzen ari direla gutxieneko zerbitzuen agindua epaitegietara eramatea. «Orain arteko grebetan ezarritako gutxieneko zerbitzuen irizpideak erabat aldatu ditu, eta, osasuna bermatzeko aitzakiapean, inoiz baino gutxieneko zerbitzu handiagoak ezarri ditu». Jaurlaritzaren «inprobisazioa» salatu dute, baita hari kritika bat egin ere: «Hezkuntza Sailaren kudeaketa tamalgarria eta izandako utzikeria ezkutatuz mobilizazioa ikusezin egiteko eta greba desaktibatzeko saiakera bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.