Koronabirusa munduan

Test azkarrak, beste formula bat

EBk antigenoen detekziorako proben estrategia erabiltzera deitu ditu estatu kideak. Eslovakia izan da test masiboen saioa egin duen Europako aurreneko estatua, eta asteburu batean biztanleriaren %66k egin du proba

Antigenoen testa egiteko jende ilarak, iragan astean, Bratislavan. JAKUB GAVLAK / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
COVID-19aren pandemiak hamaika galdera eta zalantza sortu ditu, askotan erantzun argirik ez dutenak. Bada, zerbait argi dago: positiboak detektatu eta harreman kateak identifikatzea garrantzitsua da; zenbat eta lehenago, hobe. Birusaren hedapena eteteko ezinbestekotzat jo dute hori, eta herrialde askok test diagnostikoetan jarri dituzte indarrak eta inbertsioak. PCR proba mota izan da orain arte gehien erabilia, eraginkortasun, espezifikotasun, fidagarritasun eta praktikotasun kontuagatik, baina azkenaldian beste formula baten kanpainak ere sona hartu du: test azkarrenak. Emaitzak jasotzeko bizkortasuna eta prezio txikia dira proba mota horren abantaila nagusiak. Horrekin ez dituzte PCRak alboratu nahi, baizik eta bien arteko elkarlana baliatu. Asmo nagusia, hona: COVID-19aren kontrola hobetzen laguntzea. Hain zuzen, Osasunaren Mundu Erakundeak pandemiaren larrialdi egoeran erabilera azkarra izateko probak garatzea aholkatu zuen, eta saiakera berezia egin dute hainbatek horretan. Horiek horrela, gero eta ohikoagoa da antigenoen testa baliatzea.

Europako Batzordeak ere test azkarren estrategia erabiltzera deitu ditu estatu kideak, birusari aurre hartzeko ahaleginetan. Jokaleku horretan, Eslovakia izan da lehena urrats esanguratsua egiten, eta hark egin du test azkarretan oinarritutako lehenengo kanpaina; hots, proba masiboen Europako aurreneko saioa. Erantzukizun partekatua izena jarri zioten operazioari. 5,45 milioi herritar bizi dira han, eta hamar urtetik gorako herritar guztiei egin zien testa egiteko deia: 4,81 milioi laguni, hain zuzen.

Urriaren 31ko asteburuan gauzatu zuten kanpainaren lehen fasea, eta biztanleriaren %66 joan zen proba egitera, deituta zeudenen %75, alegia —3,6 milioi pertsona—. Gobernuak milaka zentro prestatu zituen herrialde osoan. Bigarren txanda, berriz, joan den asteburuan egin zuten. Kasu horretan, lehen fasean positibo tasa %0,7tik gorakoa izan zen 45 barrutietan egin zuten; hau da, eremurik kaltetuenetan. Bi milioi pertsona inguru joan ziren testa egitera, eta bigarren aldi horretan nabarmen jaitsi zen positibo tasa: %1,06tik %0,66ra.

«Orain arte antolatutako operaziorik zail eta jendetsuena izan da», adierazi zuen Igor Matovic lehen ministroak, eta positiboak detektatzeak duen garrantzia azpimarratu zuen. Programan parte hartzea borondatezkoa zen arren, proba egiten ez zuenak berrogeialdia egin behar zuen, nahitaez. Baita, noski, positibo emandakoek ere.

Egitasmoaren balorazio ona egin zuen Matovicek, eta kutsatzeen hazkundea moteltzeko balio izan duela azaldu zuen. «Negu gogor batean sartzen ari gara. Antigenoen probetan oso tresna eraginkor bat dugu, eta kutsatutako pertsonen proportzioa murrizten du». Gaineratu zuen konfinamendua berrezartzea eragozteko erreminta baliagarria izan daitekeela, ekonomia «ez ixteko» alternatiba gisa. Hain zuzen, hori izan da test horiek egiteko arrazoi nagusietako bat: itxialdia eragoztea. «Europa osoarentzako jarraibide bat da». Lehen ministroak ez zuen baztertu proba masiboen kanpaina berriz gauzatzeko aukera, eta ikusi beharko da ea Europako beste herrialdeek ere Eslovakiak irekitako bide horri jarraitzen dioten.

Azkar jokatzeko aukera

Antigenoen detekziorako proben emaitzak hamabost minuturen bueltan ematen dira, eta, horretan, koronabirusak geruzan duen proteina bat atzematen da. Muga nagusia zera da: kutsatuta dagoen pertsonak birus kantitate txikia badu, negatibo faltsuak eman ditzakeela, eta, beraz, ez dela PCRak bezain fidagarria eta espezifikoa. Kontrara, proba mota horiek merkeak, azkarrak eta egiteko errazagoak dira, eta, beraz, bakartzeko nahiz osasun publikoko neurrietan azkar jokatzeko aukera ematen dute.

Ez du kasualitatez egin Eslovakiak test azkarretan oinarritutako Europako lehen kanpaina. Ataka estuan sartzen ari zen herrialdea, asteotan gogor jo baitu birusaren bigarren olatuak, eta ospitaleak lan karga hori sumatzen hasiak ziren. Hala, egitasmo horrek egoeraren benetako diagnostiko bat emateko balio izan dio, eta COVID-19aren hedapena nolabait kontrolatzeko, milaka kutsatu detektatu eta bakartuta. Proba masiboen saioa egiten hasi zirenean, 100.000 biztanleko 500 kutsatu inguruko tasa zuten.

Egun, Eslovakian hainbat neurri daude indarrean; esaterako, etxeratze agindua goizeko bostetatik hurrengo eguneko goizeko ordubatetara. Halere, hainbat kasu daude salbuetsita, tartean antigenoen testean negatibo eman izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.