Burujabetzaren aldarria Bruselan

EAJk eta EH Bilduk Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako estatus berriaren oinarriak babestu dituzte Europako Parlamentuan. Espainiarekin «aldebiko» eta «berdintasunezko» harremana lehenetsi dute Egibarrek eta Iriartek
Joseba Egibar EAJko bozeramailea eta Maddalen Iriarte eta EH Bildukoa, atzo, Europako Legebiltzarrean eginiko hizketaldian.
Joseba Egibar EAJko bozeramailea eta Maddalen Iriarte eta EH Bildukoa, atzo, Europako Legebiltzarrean eginiko hizketaldian. BERRIA

Jon O. Urain -

2018ko urriak 11
«Legeekiko errespetuak printzipio demokratikoa ez baldintzatzeko» beharra; Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiaren arteko harremana «aldebikoa» eta «berdintasunezkoa» izateko beharra, «elkarrekiko errespetuan» oinarritutakoa; funtsean, «nazioen burujabetza aitortzeko» premia. Nagusiki, ideia hori babestu zuten atzo Joseba Egibar EAJko bozeramaileak eta Maddalen Iriarte EH Bildukoak Europako Parlamentuan.

Bruselan autodeterminazio eskubideari buruz eginiko konferentzia batean parte hartu zuten biek. Jardunaldia Ordezkapenik Gabeko Nazio eta Herrien Erakundeak eta Kataluniaren eta Europako Batasunaren arteko elkarrizketa sustatzearen aldeko plataformak antolatu zuten, GUE-NGL, Berdeak-ALE eta ALDE taldeek babestuta. Euskal Herriaz gain, Kataluniaz, Eskoziaz, Faroe uharteetaz eta Kanakyz aritu ziren hizketan.

Euskal ordezkariek hara joandakoei azaldu zizkieten Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak estatus politiko berrirako onartutako oinarriak. Egibar izan zen hitz egiten aurrenekoa, eta «Euskadik, subjektu politiko-juridiko gisa, sistema instituzional propioa osatzeko beharra» azpimarratu zuen, «garapen ekonomikoa sortzeko justizia sozialaren parametroetan». Horretarako, ezinbestekoa da Espainiarekin «harreman eredu berri bat» eratzea, Egibarren iritziz, eredu hori «egungo ahultasunean baino gehiago, sendotasunean» eta «egungo subordinazioan baino gehiago, elkarrekiko aitortzan eta errespetuan» oinarritu dadin. Hitz bitan, «nazio bakoitzaren burujabetza» aitortzea premiazkotzat jo zuen: «Nazio bakoitzak erabaki ahal izan behar du, une oro eta edozein baldintzatan, zein egitura politiko, artikulazio administratibo eta independentzia edo interdependentzia maila nahi duen bere buruarentzat».

Autogobernu lantaldean onartutako oinarriak xehatuta, Egibarrek azaldu zuen testuak erabakitzeko eskubidea duela oinarri «euskal autogobernua eguneratzeko bide» gisa, «legezkotasunarekiko errespetuak ez dezan baldintzatu printzipio demokratikoa». Hortaz, euskal herritarrek erabakitakoak «lege izan behar du», Egibarren hitzetan.

Horren harira, EAJko bozeramaileak uste du legebiltzarrean onartutako oinarriek legezkotasun printzipioa eta printzipio demokratikoa «uztartzen» dituztela. Izan ere, printzipio demokratikoaren bidez, euskal herritarrei aitortzen zaie «beren etorkizunaz erabakitzeko eta demokratikoki azaldutako borondatea errespetatua izateko eskubidea», eta testuak legezkotasun printzipioa ere betetzen du, 1979ko estatutuan eta Espainiako Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian oinarritzen denez gero: «Beraz, kontua da tradizio historiko itunzalea eta egungo eta etorkizuneko eskakizun demokratikoak batzea».

Estatus politiko berriaren oinarriei forma juridikoa eman beharko die orain aditu talde batek; zortzi bat hilabeteko epean. Ondoren berrekingo diote tramitazio parlamentarioari, eta, gero, lege egitasmoa onartu edo baztertu beharko luke Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak. Legeriaren arabera, testu horrek Espainiako Gorteen onespena beharko luke ondoren, erreferendum bidez herritarrek iritzia eman aurretik. Hori horrela, «pertsona eta eragile politiko guztiak Euskal Herriak erabakiko duena Madrilen defendatzera» deitu zituen Egibarrek.

«Giza eskubideez ari gara»

Iriartek Espainiako sistema politikoaren azken lau hamarkadetako bilakaerari errepasoa egin zion estatus politikoa eguneratzeko eztabaidara iristeko. Salatu zuenez, Espainiako Estatuak 40 urteotan aukera izan du «bere lurralde arazoak bideratzeko», baina justu «kontrakoa» egitea lehenetsi du, «estatua gero eta gehiago berdinduta». Halaber, gogora ekarri zituen Auzitegi Konstituzionalak erkidegoen erabakien aurka emandako ebazpenak eta 1979ko estatutua betetzeke dagoela oraindik, «formalki lege organiko espainiar bat den arren».

Testuinguru horretan, Iriartek «balioa» eman zion Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean onartutako testuari: «Lehen aldiz historia hurbilean, gure herrialdeko bi tradizio politiko handiek, egun hautesleriaren %58 ordezkatzen dutenek, printzipio batzuk adostu ditugu, gizarte modernoa, irekia eta ongizate pertsonal eta kolektibo mailarik handiena nahi duena eraikitzeko helburuz». Horretarako, Iriarteren iritziz, beharrezkoa da «posible den askatasun mailarik handiena» lortzea.

«Giza eskubideez ari gara; finean, demokraziaz. Ez gara ari independentziaz, ezta etorkizuneko euskal estatu independente bateko gobernu formaz ere. Euskal Herriaren borondate demokratikoa aitortzeaz eta errespetatzeaz ari gara», gaineratu zuen.

Estatus berriaren oinarrietan Espainiarekiko «aldebiko» harremana proposatzen dela-eta, hori zertan datzan azaldu zuen: «Berdinen arteko harremana; batek besteari ezin dio inposatu bere borondatea. Aldebikotasun horrek kontrol elementuak eta berme zehatzak izan behar ditu akordiorik ez dagoen kasuetan».

Zeharka, baina Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ere jardun zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politikoaren eztabaidaz. Radio Euskadin elkarrizketatu zituzten biak, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren adierazpenez galdetu zieten —Olanok esan zuen «inbidia» eragiten ziola Kataluniak, «nazio gisa urrats garrantzitsua» egin zuelako iazko urriaren 1eko erreferendumarekin—. Rementeriak erantzun zuen ez duela nahi «Euskadin bizitzea Katalunian gertatzen ari dena».

Beste hainbeste ihardetsi zuen Aburtok: ez datorrela bat Olanorekin, eta «inorentzat ona» ez dela «gizartea zatituta» egotea. Kataluniaz galdetuta, Aburtok erantzun zuen «politikaren unea» dela, «elkarrizketarena, oinarrizko akordioak bilatzeko, horien gainean aurrera egiten jarraitzeko».

Irudi «kaskarra» PSErentzat

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, ordea, kritiko azaldu zen Egibarrek eta Iriartek estatus berriaren oinarriak Europako Parlamentuan aurkeztu izanarekin. Haren ustez, EAJk eta EH Bilduk euskal herritarren «irudi kaskar samarra» eman dute Bruselan, «nazionalismoak oro har» Europako Batasunaren proiektuaren aurka daudelakoan. Hain justu, Mendiak eskuin muturraren zaku berean sartu zituen EAJ eta EH Bildu, Matteo Salvini Italiako Barne ministroa eta Marine Le Pen Frantziako Batasun Nazionala alderdiko presidentea aipatuta.

Euskadi Irratian atzo eginiko elkarrizketan, Mendiak esan zuen «mugak eraikitzen dituztenek erantzun errazak partekatzen» dituztela «arazo zailen» aurrean: «Europak ez du behar nazionalismo gehiago, federalismo gehiago baizik. Erakundeen demokrazian eta demokrazia europarrean sakondu behar dugu».

PP ere kexu azaldu zen EAJk eta EH Bilduk Europako Legebiltzarrean emandako azalpenekin; zehazki, «estatutu baztertzaile nazionalista» aurkeztuta, «kea saltzea» egotzi zien Carlos Iturgaitz europarlamentariak: «Estatutu zirriborro hori ETAk eta nazionalismoak baino ez dute babesten». Ohar batean, Iturgaitzek azpimarratu zuen Egibarrek eta Iriartek ez zituztela azalpenak eman parlamentuko «batzorde formal» batean: «Zorionez, Europako instituzioetan, euskal nazionalisten diskurtsoa, nazionalista kolpista katalanenarekin gertatzen den bezala, ez da kontuan hartzen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna