Albistea entzun

Oinazeari begiratzeko tresna «multifokala»

Indarkeriak Andoainen eragindako sufrimenduari buruzko lana aurkeztu dute. 1956tik, 11 hildako, 24 zauritu eta 78 torturatu izan dira. Besteak beste, 'Egunkaria'-ren itxiera jaso dute txostenean
Andoaingo Bastero Kulturgunean aurkeztu zuten azken 60 urteetako indarkeriari buruzko lana.
Andoaingo Bastero Kulturgunean aurkeztu zuten azken 60 urteetako indarkeriari buruzko lana. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2018ko abenduak 13 - Andoain

Motibazio politikoko indarkeriak Andoainen (Gipuzkoa) utzitako arrastoaren argazkia atera dute Argituz elkarteak eta udalak. Gordina da emaitza: 11 hildako, 24 zauritu, bizkartzainarekin ibilitako 30 herritar, atxilotutako 205 lagun, torturak salatu dituzten 78 pertsona, ondasun materialen aurkako 126 eraso, Euskaldunon Egunkaria euskarazko egunkari bakarra zenaren itxiera, herritik kanpo bizitzera joandako pertsona kopuru zehaztu gabea, mehatxuak eta beldurra; norabide anitzeko ikara, testigantzek islatzen dutenez: «ETAk bezala pentsatzen ez genuenok beldur handia pasatu dugu. Mundu horrek jendea mugatzen zuen. Manifestazioa egiten zutenean, herria jaten zuten», dio elkarrizketatuetako batek. Guardia Zibilaren beldur zen beste bat: «Zure etxean sartzen direnean eta zure etxeko atea botatzen dutenean, hori ez da hurrengo egunean ahazten».

Memoria partekatu baterantz: 1956tik 2018ra bitarte izan diren giza eskubideen urraketei eta indarkeria ekintzen txostena izena du dokumentuak, eta, datuez gain, alor eta ideologia ugaritako 29 herritarren bizipenak eta iritziak jaso dituzte 270 orrialdetan; besteak beste, udaleko talde politikoetako ordezkarienak, Mari Paz Artolazabal ETAk 2000. urtean hildako Jose Luis Lopez de Lacalleren alargunarenak, Zuriñe Olaitz ETAk 1978an hildako Ignacio Olaitzen alabarenak eta Ixiar Lizarralde Guardia Zibilak 1990ean Irunberrin (Nafarroa) hildako Jon Lizarralderen arrebarenak.

«Kritika eta autokritika»

Lanean berariaz jaso dute 2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi izana, eta gogorarazi dute 2010eko epaiak «prentsa askatasuneko esku sartzetzat» jo zuela polizia operazio hura. Bi ataletan jaso dute euskarazko kazetaren itxiera: batetik, prentsa, informazio eta iritzi askatasunaren aurkako erasoen arloan; bestetik, torturenean, gogora ekarri baitute 2012an Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu zuela, Martxelo Otamendi Egunkaria-ren zuzendariaren tortura salaketa ez ikertzeagatik.

Dokumentua atzo aurkeztu zuten, Andoaingo Bastero kulturgunean, eta ekitaldian bertan azaldu zuten zertarako osatu duten lana: «besteen sufrimendua ezagutzeko tresna multifokal» bat izateko asmoz egin dutela azaldu zuen Sabino Ormazabal Argituz-eko kideak. Ana Karrere alkateak, berriz, esan zuen «memoriaren alorreko etorkizuneko udal politiketarako lanabesa» dela, eta balio behar duela «gertatutakoaren berrikusketa kritikoa eta autokritikoa» egiteko. Andoaingo Bizikidetza Mahaiak hiru urte eta erdi eman ditu lanean, eta bide horren ondorio gisa aurkeztu zuten agiria. Aretoa bete zuten herritarrek, eta, alkatearen eta Argituz-eko kideen hitzartzeez gain, herrikide ugariren testigantzak biltzen dituen bideo bat ikusi zuten.

Amaitzeko, Jon Mirena Landa Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak biktimen laguntzaren inguruan jardun zuen, eta ondorioztatu, batetik, biktimak laguntzeko politikak gero eta ohikoagoak direla erakundeetan baina, bestetik, «asimetria handia» dagoela biktima eragin duen taldearen arabera. Halaber, azpimarratu zuen ETA ezin dela «aitzakia» izan «atzera ez begiratzeko», iraganari erreparatu ezean gizarteak «zatituta» jarraituko duela iritzita, eta erantsi zuen Andoaingo txostena «bide onetik» doala: «Kontua ez da [biktimak] nahastea, bakoitzari berea ematea baizik».

Iradokizunak

Behin txostena osatuta, egindakoari jarraipena emateko iradokizun sorta bat jaso dute agirian. Besteak beste, azpimarratu dute hildakoek «tratamendu instituzional bera» izan behar dutela, «aitortza anitza» egin behar dela «maila desberdinetako biktimak alde batera utzi gabe» eta udaleko Bizikidetza Mahaiak «entzuteko prozesu bat» abiatu beharko lukeela biktima guztiekin. Era berean, hainbat alorretan txostena osatzeke dagoela uste dute —estortsioa, torturen azaleratzea, presoen urruntzea eta erien errealitatea...—, eta Jon Lizarralderen hilketa «areago argitu beharrekoa» dela. Azkenik, herritarren kontseilu bat osatzea iradoki dute, hark proposa dezan «lekurik egokiena biktima guztiak gogoratzeko eta omentzeko» eta bizikidetzari lotutako egitasmoei buruzko prozesu parte hartzaileak sustatzeko.

Udal ugari ari dira memoriari eta elkarbizitzari lotutako zereginetan, eta, horiei laguntzeko, eskuliburu bat plazaratu zuen Argituz elkarteak martxoan; horrekin, udalei gutxieneko irizpide batzuk eman nahi zizkien, tresnak izan ditzaten memoriari eta bizikidetzari lotutako txostenak ontzeko eta, horrela, «hautsitako elkarbizitza» onbideratzeko. Eskuliburuak oinarrian ditu Errenteriako Udalak (Gipuzkoa) 2015ean eta Lasarte-Oriakoak eta Elgoibarkoak (Gipuzkoa) 2017an prestatutako txostenak.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©MARISCAL / EFE

«EAJk 40 urtez egin duen politikan dabil EH Bildu orain»

Xabier Martin

Kupoaren bost urterako akordioa da EAJren legegintzaldiko mugarri nagusietako bat, Sagastizabalen arabera. Nafarroako trafiko eskuduntzari ongietorria egin dio.
Maria Txibite Nafarroako lehendakaria. ©VILLAR LOPEZ / EFE

Foru Hobekuntza: osatu edo berritu

Jon O. Urain

Txibitek uste du ez dela garaia Nafarroako Foru Hobekuntza moldatzeko, hura «garatzeko» baizik. Barkosek dio legea «bete gabe» dagoela eta «itun politiko berri bat» beharrezkoa dela
Tellez, 2008ko ekaineko mobilizazio batean, Managuan. ©Mario Lopez / EFE

Dora Maria Tellezi emango diote Rene Cassin saria

Jon O. Urain

«Giza eskubideen sustapenean, defentsan eta zabalkundean duen konpromisoagatik» sarituko dute.

IAren mobilizazioa, martxoaren 24ko greba zela-ta, Gasteizen. ©Iñigo Uriz / Foku

Mugimendu Sozialistako bi kidek «jazarpen poliziala» salatu dute

Berria

Esan dutenez, «kolaboratzeko» eskaintza egin diete telefonoz zein zuzenean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jon O. Urain

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...