Hamabi urte arteko eskaerak Ekinekin loturiko auzipetuentzat

Hodei Iruretagoiena.
2015eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Ekineko zuzendaritzako kide izate egotzita, bederatzina urteko espetxe zigorra eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak Rosa Iriarte, Eneko Compains, Jose Aldasoro, Aniaiz Ariznabarreta, Egoitz Garmendia, Urko Asier Aierbe, Erika Bilbao eta Sandra Barrenetxearen aurka. Ugaitz Elizaranen kasuan, berriz, hamabi urtekoa galdegin du. Sumarioa ixtear da Auzitegi Nazionaleko 3. instrukzio epaitegia. Fiskaltzak eta akusazioek beren eskaerak eginda, epaiketarako data jarri beharko du auzitegiak.

Fernando Grande-Marlaska epaileak aginduta, 2010eko irailaren 14an atxilotu zituzten bederatzi auzipetuak, eta behin-behineko espetxealdian izan zituzten ia bi urtez. Baldintzapean aske dira egun. Atxiloaldian Guardiak Zibilaren «tortura saio latzak» jasan zituztela gogorarazi dute zigor eskaeren berri emateko bidalitako oharrean. Atxiloaldian jazotakoa salatu zuten auzitegietan, eta zabalik daude oraindik salaketa horietako bi.

2011n deseginda

Haien kontrako eskaerak egin dituzte orain fiskaltzak eta akusazioek. Lehenak bederatzina urteko kartzela zigorra eskatu du eta hamabina urteko inhabilitazioa zortzi auzipeturentzat. Elizaranen aurka berriz, hamabi urteko espetxe zigorra eta hamabost urteko inhabilitazioa. Zigor eskaera handiagoak egin dituzte akusazio partikularrek: AVTk, hamabina urteko espetxe zigorra eta hamabosna urteko inhabilitazioa bederatzi auzipetuentzat. Dignidad y Justiciak, 11 urteko espetxealdia eta hamahiru urteko inhabilitazioa zortziren aurka, eta hamalau urteko kartzelaldia eta hamabosteko inhabilitazioa Elizaranen aurka.

2011ko urriaren 1ean jakinarazi zuen Ekinek desegitea erabaki zuela. 1999an sortu zen eta handik bi urtera legez kanporatu zuten, ETAk ezker abertzalea kontrolatzeko zuen tresna zela ebatzita. 18/98 sumarioan ere epaitu zituzten Ekinekin loturiko hainbat pertsona, 2007an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.