Kataluniako hauteskundeak. Eguneko kronika

Diadako mobilizazioak ere matxinadatzat jo ditu Guardia Zibilak

jon olano
Bartzelona
2017ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
2013az geroztik urtero irailaren 11ko egunez eginiko mobilizazio independentistak matxinada delituaren parte dira, Guardia Zibilak Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenari igorritako txosten batean jasotzen denez. Generalitatearen eta alderdi eta mugimendu sozial independentisten aurkako auzia darama Llarenak, eta epailea aztertzen ari da ikerketa zabaltzea, lagun gehiago auzipetzeko.

Litekeena da gaur bertan hartzea hainbat pertsona deklaratzera deitzeko erabakia; Guardia Zibilaren txostenean ageri dira, besteak beste, Artur Mas Generalitateko presidente ohia, Marta Rovira ERCko idazkari nagusia, Anna Gabriel eta Quim Arrufat CUPeko parlamentari ohiak, Neus Lloveras Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteko presidentea, Agusti Alcoberro ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidenteordea eta Marcel Mauri Omnium Culturaleko bozeramailea. Guztiek osatzen dute prozesu subiranistaren «batzorde estrategikoa», Poliziaren arabera, eta «estatu subiranoa sortzeko plan bat diseinatu, zuzendu eta kontrolatu» izana egotzi die.

Llarenaren esku dagoen txostenean ageri denez, bide orri independentistak manifestazioen babesa zuen, eta mobilizazio horiek «Espainiako Estatuarekiko eta bere erakundeekiko ukazio—eta, are, gorroto— sentimendu baten hazia» ezarri dute. Txostenean ageri dira beste mobilizazio batzuk ere; kasurako, ikasleen irailaren 27tik 29rako greba, urriaren 3ko geldialdia, urriaren 17ko manifestazioa eta azaroaren 8ko greba orokorra. «Azken urteetan, erabateko sinbiosia eta ekintza batasuna izan da eragile independentista guztien artean», Poliziak ondorioztatu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.