PPk estatus berriko oinarriei kontra eginez hasiko du urte politikoa

Legez besteko proposamen bat aurkeztuko du legebiltzarrean. Mendiak dio PSE mugitu dela
Borja Senper, Alfonso Alonso eta Nerea LLanos PPko legebiltzarkideak, otsaileko osoko bilkura batean.
Borja Senper, Alfonso Alonso eta Nerea LLanos PPko legebiltzarkideak, otsaileko osoko bilkura batean. J. FONTANEDA / FOKU

Jon O. Urain -

2018ko irailak 6
Alfonso Alonso PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presidenteak jakinarazi du zein izango den bere alderdiaren lehen egitasmoa urte politiko berrirako: legez besteko proposamen bat aurkeztea Eusko Legebiltzarrean, Autogobernu Lantaldean estatus politiko berriaz onartutako oinarriak erretira ditzatela eskatzeko. Testu hori baztertu, eta 1979ko estatutua erreformatzeko lanei hutsetik ekin nahi die PPk, baina «legezkotasunez eta modu transbertsalean».

Uztailean oinarriei buruzko eztabaida amaitu eta gero, Autogobernu Lantaldeak datorren asteazkenean ekingo dio berriz lanari, eta eragile politiko gehienak autogobernuari buruzko eztabaidaz ari dira hizketan egunotan. PPz gain, gaia hizpide izan zuten atzo Jaurlaritzak, EH Bilduk, PSE-EEk Ezker Anitzak eta ELAk. Elkarrizketa batean, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu zuen EAJn «denak» daudela ados EH Bildurekin adostutako oinarriekin, baina «akordio barneratzaileago bat» nahi dutela guztiek.

Izan ere, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak astelehenean adierazi zuen «aztertu» beharra dagoela EAJk eta EH Bilduk adostutako edukiak, baina, herenegun, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak azpimarratu zuen oinarri horiei ez zaiela uko egin behar. Erkorekak argitu du ez dagoela «sakoneko desberdintasunik» bi iritzien artean.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak, berriz, hitzartutakoa defendatu du: «Estatusaren inguruan EAJrekin egin dugun akordioak herri honen gehiengoaren sentimendu politikoarekin konektatzen du».

Asmo «gauzagarriak»

Estatus berriaren oinarriei buruzko eztabaidan, EAJk eta EH Bilduk gainerako alderdi politikoei leporatu diete negoziaziorako borondaterik erakutsi ez izana, baina kritika horri erantzun dio Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak. Esan du sozialistak «jada mugitu» direla estatutua erreformatzea onartuta, PSEk nahiago baitzuen «Espainiako Konstituzioaren erreforma bat», eta ohartarazi du «guztiek» egin beharko dituztela ekarpenak estatus berriak «denak babesteko». Horrez gain, «errealitate printzipiotik» abiatzeko eskatu du: «Gauza bat dira asmo nazionalistak, eta beste bat, horiek gauzagarriak izatea».

Ezker Anitzak, berriz, erabakitzeko eskubidea estatutuaren erreformatik kanpo uzteko eskatu du, iritzita hori «Argitasun Lege»baten bidez hitzartu beharra dagoela: «Pentsatzea estatutuaren erreformaren bidez guk beti defendatu izan dugun autodeterminazio eskubidea gauzatu dezakegula jendea engainatzea da».

Gaiaz hitz egin du Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak ere. Uste du EAJ «debaluatzen» ari dela EH Bildurekin eginiko akordioa, eta erantsi du «eskertuko»lukeela bi taldeek orain arteko akordioari eustea: «EH Bilduk dio akordio estrategiko bat lortu duela EAJrekin, baina guk sumatzen dugu EH Bilduk gauza bat dioela eta EAJk beste bat».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna