Soldatak parekatzeko neurriak jasoko ditu Berdintasun Legeak

Datozen asteetan onartuko dute Eusko Legebiltzarrean, EAJren eta PSE-EEren babesarekin

Artxiboko irudia: legebiltzarrean legea lantzeko eginiko saioetako bat, iazko martxoan. RAUL BOGAJO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko talde politikoek ia prest dute EAEko Berdintasun lege berriaren testua: atzo batzordean zuzenketak onartu ostean, osoko bilkurara bidali dute, eta bertan emango diote azken onespena —oraindik ez dute data zehaztu—. Ikusteko dago zenbateko babesarekin aterako den aurrera legea: EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua baliatuko dute testua onartzeko, baina oraingoz ez dute beste botorik lortu; abstentziora joko dutela iragarri zuten atzo EH Bilduk eta PP+Cs-ek; aurka bozkatuko du Voxek —atzoko batzordean ez zuen parte hartu—, eta Elkarrekin Podemos-IUk aurrerago argituko du bere jarrera. Halere, ordezkari politiko guztiek txalotu zuten prozesu osoan egindako lana eta zuzenketen bidez testua hobetzeko konpromisoa. Besteak beste, soldata berdintasunaren aldeko neurriak txertatu dituzte.

Nazioarteko hitzarmenetara egokitzeko asmoz abiatu zuen Emakundek 2005eko legea berritzeko prozesua. Aurreko legegintzaldian aurkeztu zuen testuaren zirriborroa, 2019ko martxoan. Indarkeria matxistaren alorrean egin zituen aldaketarik nabarmenenak: bortizkeriaren definizioa eta eremua zabaltzea, arreta integrala bermatzea, hildako andreen seme-alabei laguntza ekonomikoak ematea, erakundeen arteko koordinazioa hobetzea eta erreparaziorako eskubidea aitortzea. Zuzenketen prozesuan adostu dute indarkeria digitala, instituzionala eta obstetrikoa ere jasotzea, eta biktimen babes neurriak martxan jartzea arriskua antzematen den egoera guztietan, baita andreek salaketa ez jartzea erabakitzen dutenean edo auzitegiek kasua artxibatzen dutenean ere.

Soldatak parekatzeko neurri batzuk ere onartu dituzte azken fasean. Batetik, erakunde publikoek «gardentasuna» bermatu beharko dute lan sarien alorrean, eta ikuskatzeak egin. Eremu pribatuan, berriz, administrazio publikoek kontratatutako edo diruz lagundutako enpresek eta erakundeek ere soldata berdintasuneko irizpideak bete beharko dituzte; instituzio publikoek hori kontrolatzeko modua ezarriko dute, eta, soldatekin lotuta diskriminaziorik detektatzen badute, eta entitateek ez badute zuzentzen, kontratua edo laguntza eten ahalko dute administrazio publikoek.

EH Bilduk txalotu egin ditu azken ekarpen horiek, «kontuan izanda lan feminizatuetan nolako azpikontratazioa dagoen». Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak aitortu du zuzenketetan proposamen «garrantzitsuak» onartu direla, baina erantsi du ez direla nahikoak. Hainbat hutsune ikusten dizkio legeari, besteak beste aurrekontuarekin eta zaintzarekin lotuta: «Legeak pauso ausartagoak eman behar zituen».

Elkarrekin Podemos-IUk ez du argitu testua babestuko duen, baina Isa Gonzalezek adierazi du premiazkoa dela «legea gauzatzeko borondate politikoa», eta, horretarako, «aurrekontuz eta giza baliabideez hornitzea». EAJk eta PSEk, berriz, eragileek eta alderdiek prozesuan eginiko «ahalegina» goratu dute. «Berdintasunean gero eta gauza gehiagok batzen gaituzte», esan du Leixuri Arrizabalaga jeltzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.