Emakumeeen Nazioarteko Eguna. Paula Garcia. Iruñerriko Mugimendu Feministako kidea

«Espazio guztiak gureak direla aldarrikatzen jarraitu behar dugu»

Borroka eta besta uztartzeko egin zuten larunbatean lehenengoz Feministok Fest jaialdia. Garciaren hitzetan, beharrezkoa zuten «indar erakustaldi» bat egitea mugimendua indartsu dagoela berresteko.

JAGOBA MANTEROLA/FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Feministok Fest. Besta eta borroka uztartzen dituen aldarrikapen besta ospatu zuen larunbatean Iruñerriko Mugimendu Feministak Antsoainen (Nafarroa). Azken bi urteetan ospatu gabekoak ospatzeko eta feminismoa gune informaletara zabaltzeko aprobetxatu zuten eguna, aldarrikapena jai giroan ere presente dagoela plazaratuz. Iruñerriko Mugimendu Feministako kidea da Paula Garcia (Iruñea, 1995), eta bestakoantolatzaileetako bat izan da.

Nondik sortu da Feministok Fest?

Eguna bera behar batetik dator. Iruñerrian identifikatu genuen behar genuela horrelako zerbait: berriz elkar ikusi, elkarrekin egon eta bereziki elkarrekin disfrutatu. Azken bi urteetan ez dugu izan paradarik elkarrekin disfrutatzeko, eta horixe jarri nahi genuen erdigunean.

Beraz, borroka egitea, bai, baina, izaera ludiko-festiboa ematea eta jendea elkartzea ere garrantzitsua da?

Bai, oso garrantzitsua. Aurten Martxoaren 8a prestatzen hasi ginenean, iruditu zitzaigun behar genuela horrelako elkargune bat, berriz elkarrekin egon, elkar ikusi , elkar ezagutu... Pandemiaren azken bi urte hauek oso gogorrak izan dira guztientzat, eta uste dugu horrek ere eragina izan duela gugan gauzak antolatzeko orduan. Uste dugu indar erakustaldi bat behar genuela, nahiz eta jaiarekin lotua izan, bereziki berriz ere elkar ikusteko eta elkarrekin saretzeko.

Zenbateko garrantzia du horrelako gune informalak sortzeak borroka feminista indartzeko?

Guretzako berebiziko garrantzia du. Gune informalek ere beste konfiantza batzuk sortzen dituzte, eta, askotan, gune informal horiek ere lotzen gaituzte beste pertsona batzuei, borrokari eta antolakuntzari. Askotan, antolakuntza zerbait arrotza edo urrun dagoen gisara ikusten dugu, eta gune informalek hori apurtzen laguntzen dute. Beste harreman mota batzuk sortzen dira gune informaletan, eta horri ere garrantzia eman behar diogula uste dugu.

Antolakuntza feminista gure indarra leloa izan du jaiak. Nola sortzen da antolakuntza feminista hori?

Uste dugu leku guztietatik sortu ahal dugula antolakuntza feminista hori. Bai gure auzo eta herrietako asanbladetatik, baina baita eremurik txikienetik eremu handiago batzuetara ere. Uste dugu sareak sortuz sortzen dela antolakuntza hori, ezinbestekoak direla sare horiek sortzea, eta uste dugu jai eremua ere izan daitekeela borroka esparrua, eta sare horiek sortzeko ezinbesteko espazioak direla.

Pandemia dela eta, azkenaldian ezin izan da horrelako bestarik egin. Horregatik egin nahi izan duzue aurten bereziki indarra horretan?

Pandemiak eragin du oso atomizatuak egotea gure artean azken bi urte hauetan, bakoitza norbere esparrutik eragiten egotea, bere herri edo auzoko asanbladatik. Askotan oso bakarrik sentitu gara, eta iruditu zitzaigunoso garrantzitsua zela denek bat egitea eta denek batera antolakuntza feministaren apologia egitea eta hori erdigunean jartzea.

Kirola, tailerrak, musika... Denetariko egitaraua izan zuen jaiak. Garrantzitsua izan da oreka bat bilatzea, eta ekitaldi teorikoagoak ere sartzea?

Bai, batetik, uztartu nahi genituen kirola, dantza, eta hitzaldiak; batez ere, adin desberdinetako emakumeengana iritsi nahi genuelako, denek non kabitu izan zezaten egun horretan. Eta horretaz gain, uste dugu ez dela jaia bakarrik, borrokarako beste esparru bat ere badela, eta eduki teorikoagoak eta politikoagoak sartzea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun. Areto futboleko txapelketa ere sartu genuen, kirola oso gizonezkoei lotu zaien eta emakumeei ukatu zaigun eremua delako, eta garrantzitsua iruditzen zaigu guk ere horrelako espazioak hartu eta gureak egitea.

Gaua ere emakumeena dela aldarrikatu izan du aunitzetan mugimendu feministak. Oraindik ere hori aldarrikatzeko beharra dago?

Bai, oraindik ere bai. Eta ez gaua bakarrik, espazio guztiak aldarrikatu behar ditugu. Azken urteetan, eta mugimendu feministak egin duen lanari esker, aurrerapauso handiak eman ditugu, baina ezin dugu atzerapausorik eman. Espazio guztiak gureak direla aldarrikatzen jarraitu behar dugu.

Iruñerriko jaia izan da asteburukoa, baina, garrantzitsua izango da saretze hori Euskal Herrira ere zabaltzea, ezta?

Pandemiaren aurretik Euskal Herriko Jardunaldi Feministak izan ziren, non Euskal Herri osoko pertsonak bildu ginen, eta uste dut oso indar erakustaldi potentea izan zela bai kanpora begira eta baita barrura begira ere. Hori pandemia aurretik izan genuen azken indar erakustaldia izan zen, eta oraindik ere pandemiak ez du ahalbidetzen Euskal Herri mailako elkargune bat egitea. Oraingoz, lokaletik hasiko gara, baina beti begirada Euskal Herri mailan jartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.