Uriartek «arduraz» aritzeko eskatu die Kristau Eskolako sindikatuei

Gutxieneko zerbitzuak handitzeko eskatuko du. Patronalak ez du egingo proposamen berririk
Itunpeko ikastetxe erlijiosoetako langileen manifestazioa, iazko azaroan, Bilbon.
Itunpeko ikastetxe erlijiosoetako langileen manifestazioa, iazko azaroan, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko urtarrilak 15
Aurretik akordiorik lortu ezean, bihar hasiko da Kristau Eskolako langileen zortzi eguneko greba. Azken orduetan, hainbat bilera izan dira deialdia saihesteko. Adibidez, ikastetxe erlijiosoetako gurasoen elkarteetako ordezkariak Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuarekin elkartu ziren atzo arratsaldean. Gobernuak bitartekari lanak egin ditzala nahi dute familiek. Uriarteri «gehiegizkoa» iruditu zaio zortzi eguneko deialdia. «Arduraz» jokatzeko eskatu die sindikatuei, «grebak hezkuntza sistemari eta Kristau Eskolako ikasleei kalte» egingo dielakoan. «Gatazka ikasgeletatik atera behar dute. Ezin dugu onartu neska-mutilek ikasturtea galtzea», ohartarazi zien bileraren ostean egindako adierazpenetan.

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek egin dute deialdia. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 200 ikastetxe pasatxotan ikasten duten 120.000 ikasleri eragingo die. 9.000 langile daude deituta. Uriartek iragarri zuen gaur Eusko Jaurlaritzako Lan Sailarekin elkartuko dela, eta gutxieneko zerbitzuak handitzeko eskatuko diela. «Ikastetxeen tamainaren arabera egokitzea nahi dugu, baita behar bereziak dituzten ikasleen beharrak kontuan hartzea ere». Sailburuaren esanetan, aurreko deialdietan soilik ikastetxea zabalik edukitzeko behar diren beharginak joan dira lanera, eta horrek «ez du bermatzen ikasleek behar duten gutxieneko arreta». Ez du zehaztu zenbateko zerbitzua eskatuko duen.

Kristau Eskolako ordezkariak ere biltzekoak dira familien bozeramaileekin eta Hezkuntza Sailarekin. Sindikatuek ere bilera dute gobernuarekin. Patronalaren zuzendaritza batzordeak ezohiko bilkura egin zuen atzo goizean, Donostian. Mikel Ormazabal zuzendari nagusiak ohartarazi zuen ez dutela pauso berririk emango. «2017ko azarotik lau proposamen aurkeztu ditugu negoziazio mahaian, eta erantzun maximalistak baino ez ditugu jaso. Ezinbestekoa da sindikatuek xehetasunetara jotzea». Berriz ere negoziazio mahaira itzultzeko deia egin zien Ormazabalek sindikatuei, «gehiegizko greba deialdia bazterrera utzita».

Ormazabalen esanetan, eurek egin dezaketen proposamena Eusko Jaurlaritzarekin daukaten itunak mugatzen du. «Besteak beste, finantzaketa publikoarekin egindako soldaten ordainketak egiteko irizpideak zehazten ditu. Beraz, ezin ditu patronalak finkatu; ez dago gure esku».

Gurasoen ordezkariek kezka agertu dute, euren seme-alabek ikasturtearen %10 galduko dutelako. Hainbat familia elkartek mobilizazioetara deitu dute: ostegunean elkarretaratzea egingo dute Bilbon, Indautxuko jesuitetan; igandean, manifestazioa.