Parisek lehen urratsa egin du polizien irudiak hedatzea debekatzeko

Polizia munizipalen eskumenak zabaldu nahi ditu. Kazetariak eta abokatuak asaldatu egin dira

Frantziako Polizia, Parisko manifestazio batean. IAN LANGSDON/EFE.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Baliteke orri honetako argazkia publikatzea debekatua izatea laster. Frantziako Asanblean lege berri bat eztabaidatzen hasi ziren herenegun: Segurtasun Orokorrerako Legea. Errepublika Martxan-eko bi diputatuk aurkeztu zuten lege proiektua, eta Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroaren babesa jaso du. Baina kezka sortu du oposizioan, Frantzia Intsumisoan batez ere. Gisa berean, sare sozialetan ere haserrea piztu du; arau berriaren kontrako mezuak zabaldu dituzte hainbat kazetarik eta abokatuk, Irudi hau ez da gehiago existituko traolarekin.

Izan ere, legearen artikulu batek Frantziako Poliziaren irudiak filmatu eta zabaltzea debekatu nahi du, «polizien integritate fisiko eta moralaren kontra» doalakoan. Prentsa askatasunaren kontrako neurritzat jo dute anitzek, eta gogora ekarri dute azken urteetan polizia bortizkeriaren hainbat kasutan zabaldutako irudiak lagungarri izan direla horien harira egindako ikerketetan.

Arie Alimi Parisko abokatuak, adibidez, Christophe Chouviaten hilketaren kasua aipatu du Twitter sare sozialean. Iragan urtarrilaren 3an hil zen Chouviat, Frantziako Poliziak egindako kontrol baten denboran, Parisen. Lekuko batek bideoa grabatu zuen, eta, gerora, Alimik azaldu duenez, Poliziaren bortizkeriagatik hil zela segurtatzeko balio izan zuten irudiek. «Bideo hori zabaltzeagatik kartzelara joaten ahalko naiz. Zu ere bai, bideoa partekatzen baduzu», gehitu du abokatuak txioan. Legea onartuko balute, debekua errespetatzen ez duenak 45.000 euroko isuna eta urte beteko kartzela zigorra ere arriskatuko lituzke. EFJ Europako kazetarien elkarteak egitasmoa bertan behera uzteko eskatu du.

Horrez gain, beste hainbat neurri ere biltzen ditu lege proposamenak. Polizia munizipalaren boterea indartu nahi dute, agenteek orain dituzten konpetentziak zabaltzeko, arau hauste gehiagotan esku hartu ahal izan dezaten.

Bestalde, Frantziako Poliziak bere jardunean—atxilotzeak, manifestazioak...— erabiltzen dituen bideokameren irudiak polizia etxeetara zuzenean konektatzeko aukera ematen du Segurtasun Orokorraren Lege proiektuak. Teknika horren bidez, zuzeneko irudiak ikusi ahalko lituzkete, beraz. Orain arte, poliziek ez dute irudiak begiratzeko eskubiderik izan: ikerketa baten harira, epaileak soilik eman dezake baimena. Molde berean, droneen irudiak zuzenean ikusteko modua izango lukete.

Ildo beretik, irailean ordenaren mantentzeko doktrina berria aurkeztu zuen Darmaninek. Poliziak manifestazioetan barreiatzeko ematen dituen abisuak «herritar ororendako» direla berretsi zuen, «baita kazetarientzat ere». Maxime Reynie kazetaria honela mintzatu zen BERRIAn: «Manifestazioen kontakizuna kontrolatu nahi dute: zentsura da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.