Enpresetan euskara planak sustatzea nahi dute Kontseiluak, ELAk eta LABek

Euskarazko irakaskuntzaren aldeko protesta, iazko urrian. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Euskalgintzaren Kontseiluak,ELAk eta LABek euskara planakbultzatu nahi dituzte 50 langiletik gorako enpresetan, eta, horretarako, lanbidearteko akordio proposamena aurkeztu diete Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi gehienei. EAJrekin, EH Bildurekin, PSE-EErekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin egin dituzte batzarrak azken egunotan. Kontseiluaren eta sindikatuen arabera, harrera ona izan du egitasmoak alderdien artean.

Iazko azaroan aurkeztu zuten hiru eragileek lanbidearteko akordio proposamena. Confebaskekin sinatzea da asmoa, 50 langiletik gorako enpresa guztietan euskara plan bat negoziatzeko konpromisoa berresteko. Ohar batean adierazi dutenez, alderdiekin egindako bilkuretan, Kontseiluak, ELAk eta LABek «argi» azaldu diete, «norberaren eskakizun propioei uko egin gabe», aurkeztutako proposamenak «gutxienekoa» izan beharko lukeela lan munduan aritzen diren eragile guztientzat. Gainera, azpimarratu dute akordio horren bidez euskararen gaia agendan sartzea besterik ez dutela nahi, hura protokolizatuz. Funtsean, hiru eragileen eskaera bakarra da enpresetan horri buruz hitz egitea, «berdintasun planekin gertatu den bezala».

Kontseiluaren eta sindikatuen hitzetan, alderdiek harrera ona egin diote proposamenari, eta azaldutako adierazpena nola gauzatuko den eztabaidatzekotan geratu dira. Ondoko asteetan harremanekin jarraituko dute.

EAJ Irungo epaiaz

EAJk «harridura, desadostasuna eta kezka» azaldu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak Irungo Udaltzaingoaren hizkuntza eskakizunen inguruan plazaratu duen epaiaren inguruan. Dioenez, ezin da «inola ere» diskriminatzailetzat jo herri administrazioko langile bati hizkuntza ofizial biak jakin ditzala exijitzea. Kontseiluak elkarretaratzea egingo du larunbatean, 11:00etan, Bilbon, Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Murrizketarik ez lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.