Euskara ez da balioetsiko LEPean, «dekretua onartu gabe dagoelako»

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak lan deialdia berrikusteko eskatu diote Txibiteri

Euskalgintzaren Kontseiluak uztailean antolatutako manifestazioa, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz - Jone Arruabarrena
2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Erizain postuekin loturiko deialdia zabaldu du berriki Nafarroako Gobernuak: zehazki, erizainen 424 lanpostutarako prozesu bat abiatu dute, eta euskaraz jakiteak ez du inolako baliorik izanen eskaintza horretan. Euskara ez da balioetsiko; ingelesa, frantsesa eta alemana, ordea, bai. Euskara zokoratua utzi izanak sumina eragin du hainbat herritar eta talde politikorengan, eta kritikei erantzun zien atzo Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek. Arrazoi bat eman zuen euskarak baliorik izanen ez duela argudiatzeko: euskararen dekretua onartu gabea izatea.

«Honek euskararen dekretuarekin du ikustekoa, eta oraintxe bertan barne tramitazioko prozesuan da oraindik ere», adierazi die Txibitek kazetariei. Nabarmendu du dekretua aztertze fasean dela: «Auzitegiak egindako eskakizunei erreparatu behar diegu orain, eta, beraz, dekretua ez da indarrean». Gaineratu du «laster» prest egon daitekeela, baina «oraingoz» ez dagoela argitaratzeko moduan.

Erizaintzako lan eskaintza publikoaren harira, parlamentuko talde politikoek askotariko jarrerak azaldu dituzte. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak lan deialdia berrikus dadila eskatu zuten atzo parlamentuan. Euskara balioetsi gabe uztearekin desadostasuna agertu zuten. EH Bilduren iritziz, «erokeria bat» da euskarak baliorik ez izatea; Ezkerraren hitzetan, «izugarrikeria bat». «Gobernuak arlo honetan egon daitezkeen muga guztiak gainditu ditu neurri honekin», salatu zuen Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentuko kideak. Gainera, Ezkerrak adierazi zuen langileei kalte egiteaz gain, «beharrezkoa ez den gatazka bat» sortu duela Gobernuak neurri horrekin.

Ordea, gobernuak azaldu du «legea betetzen» ari direla, eta, are, esan dute egungo egoera joan den legegintzaldian egindako urratsei zor zaiela: «Aurreko legegintzaldian ez balitz dekretu bat sortu herritarren behar soziolinguistikoei erreparatu gabe, orain ez ginateke egoera honetan egongo».

Bestalde, Navarra Sumak ez du nahi lan eskaintza publikoko deialdia moldatzerik, eta gobernuari galdegin dio «behingoz» onar dadila euskararen dekretu berria: «Nafarroako herritarrek ez dute merezi bi urteren ondoren oraindik konponbiderik ez egotea». Gaineratu du horrelako desadostasunek erakusten dutela gobernua osatzen duten taldeen arteko ezberdintasunak «norainokoak» diren. «Gobernua bere kontuekin ari da, eta ez da arduratzen herritarrek behar dutenarekin», Navarra Sumaren arabera.

Hezkuntzan ere, antzera

Auzia ez da berria: azken urteotan Nafarroako lan eskaintza publikoetan euskarari ematen zaion balioa maiz izan da polemika iturri. Besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluak hainbatetan salatu du Nafarroakoak «hizkuntza eskubide urraketak betikotzen dituzten lan deialdiak» direla, eta aldaketa sakonak eskatu ditu. Gainera, azaldu dute Nafarroako Gobernuak ez duela prestutasunik agertu arazoari irtenbidea emateko.

Esaterako, gobernuak euskarazko irakaskuntzan aritzeko 108 irakasle kontratatzeko lan eskaintza publiko bat argitaratu zuen 2016. urtean, baina helegitea aurkeztu zuen Afapna sindikatuak, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion sindikatuari.Gero, auzitegiaren erabakia berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Gauzak horrela, joan den urteko ikasturte hasieran, emandako epaia betetzeko, gobernuak beste horrenbeste lanpostuko enplegu eskaintza bat egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.