Koronabirusa

Jaurlaritzak protokoloa arinduko du ikastetxeetan astelehenetik goiti

Indarrean diren neurriak moldatuko ditu, egoera berriak eskoletan ere «isla» izan dezan

Donostiako Bidebieta ikastetxea, ikasturte hasieran. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain - Ion Orzaiz - Oihana Teyseyre Koskarat
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Gaur indargabetuko dituzte COVID-19ari aurre egiteko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean izan diren neurri murriztaile gehienak, EAEko buletin ofizialean dekretua argitaratzearekin batera. Hezkuntzan ere egoera berrira moldatzeko urratsa egingo dute, eta aurki malgutuko dute ikastetxeetan ezarria den osasun protokoloa. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Hezkuntza Saila lanean ari dira ikastetxeetan COVID-19aren aurkako protokoloa eguneratzeko, eta beranduenera bihar igorriko diete neurri berrien dokumentua ikastetxeei, astelehenean bertan martxan jar ditzaten. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak atzo egin zuen iragarpena, Antzuolako (Gipuzkoa) eskola publikora egindako bisitan. Baieztatu zuen egoera berrira moldatuko dela ikastetxeetako protokoloa, eta asmoa dutela indarrean diren neurriak «malgutzeko», murrizketarik gabeko egoera berriak «isla» izan dezan ikastetxeetan ere: «Gizartearentzat dauden neurriak izango dira ikastetxeetara eramango direnak». Hala ere, «osasuna eta segurtasuna» bermatzea lehentasuna izango dela gaineratu zuen.

Ikastetxeetako protokoloaren aldaketa nagusietako bat maskararen erabileran egon daiteke.Maskara jantzita eramatea derrigorrezkoa izango da oraindik 6 urtetik gorako ikasleen artean, baina kanpoaldean maskara «beste modu batera» erabiltzeko modua egon daitekeela azaldu zuen Bildarratzek. Esplikatu zuen, halaber, ikastetxeetako zuzendaritzek helarazitako ekarpenak aintzat hartuta malgutuko dituztela neurriak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez ezik, Nafarroan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere egoera epidemiologikoaren arabera joan dira ikastetxeetako protokoloak moldatzen. Nafarroako Gobernuak neurri murriztaile guztiak kendu ostean, hezkuntza arloko hainbat eragilek eta oposizioko alderdiek galdegin dute ikastetxeetako protokoloak ere berritzea, baina Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak adierazi du «beranduegi» dela horretarako, eta abenduan lehengoratuko dutela eskoletako egoera. Besteak beste, urtarrilerako espero da jardunaldi zatitua berrezartzea.

Ipar Euskal Herriko eskoletan, berriz, neurriak egokitu behar dituzte lurraldeko egoera epidemiologikoaren arabera; gaur egun bigarren arrisku mailan daude hiru lurraldeak. Hain justu, eskola sartzetik bigarren arrisku mailan daude Ipar Euskal Herriko eskolak. Besteak beste, maskara derrigorrezkoa da 7 urtetik aurrera, ikasgela ezberdinen ikasleen arteko gurutzatzeak saihestu behar dituzte, eta barnealdean hunkitze kirolak egitea debekatua dago.

Zahar etxeetan ere bai

Ikastetxeetan ez ezik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zahar etxeetan ere arinduko dituzte neurriak hiru foru aldundiek. Gaur bertan dira zahar etxeetako protokoloa malgutzekoak. Izan ere, osasun larrialdi egoera amaitzeak baliorik gabe utziko ditu egoiliarren bisitei eta irteerei mugak ezartzen dizkieten foru aginduak. Indarrean jarraituko du, hala ere, Eusko JaurlaritzakoOsasun Sailak zentro soziosanitarioetarako ondutako protokoloak. Horren arabera, indarrean jarraituko dute maskararen erabilerarekin lotutako neurriek, pertsonen arteko distantziak etaegoitza zentroetako sarbideen eta edukieren kontrolak.

Murrizketak desagertuta sortu den egoera berriaz mintzatu zen atzo Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. «Arduraz eta elkartasunez» jokatzeko deia egin zien herritarrei, gaitza ez delako desagertu eta «birusarekin elkarbizitzen» ikasi behar delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.