Eudelek proposatu du 2030erako garraio publikoa deskarbonizatzea

Metodo komun bat partekatzea du xede Urtaranek, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerriekin

Gorka Urtaran Eudeleko presidentea, atzo goizeko agerraldian. EUDEL.
jone arruabarrena
2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Urteko batzar orokorra egin zuen atzo Eudel Euskal Udalen Elkarteak Mungian (Bizkaia), pandemia hasi zenetik modu presentzialean egin duten lehena. Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak bertan finkatu zuen zein izango den elkartearen helburu nagusietako bat hurrengo hamarkadarako: «Estatuek hiriei eta herriei entzun behar diete. Udalerriok izan behar dugu planeta salbatzeko politikarik eraginkorrenak bultzatzen dituen akuilua». Udalen asmoen artean jarri zuen, besteak beste, hirietako garraio publikoa 2030erako deskarbonizatzea.

Urtaranek hiru konpromiso hartzea proposatu zuen, 2030 Agendari ekarpen bat egiteko asmoz. «Euskal udalerri gisa partekatutako ibilbide orri bat» bideratzeko asmoa du elkarteak, berotze globala geldiarazten laguntzeko.

Alde batetik, 2023. urterako «metodologia komun bat lantzea» proposatu du presidenteak, toki erakundeek beren udal aurrekontuak «garapen jasangarriko helburuetan oinarrituta» egin ditzaten. Bigarren konpromisoak kontsumoarekin dauka zerikusia: «2022tik aurrera udaletan energia auditoretzak bultzatzea, 2030ean udal instalazioen energia kontsumoa % 35 murrizteko, eta, data horretarako, kontsumo horren % 32 hornitzeko adina energia berriztagarri instalatzeko». Urtaranek atzo nabarmendu zuenez, helburu hori lortzeko «tresna egokia» da Gauzatu Energiaren 100 milioi euroko laguntza programa. Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek martxan jarri duten egitasmoa da programa hori, eta diru laguntzak eskaintzen ditu auditoretza energetikoak egiteko.

Azkenik, hirugarren konpromisoa hiri garraioko zerbitzua duten udalerriekin hartu du elkarteak, «2030erako deskarbonizatzeko konpromiso sendoa hartzeko». Presidenteak azpimarratu du «mugikortasun iraunkor eta osasungarri baten alde» apustu egiteak garraio zerbitzuaren deskarbonizazioaren aldeko «apustu irmoa» eskatzen duela.

Horrez gain, beste hamabost proiektu aurkeztu ditu, hainbat herritan gauzatuko direnak, «garapen jasangarriaren helburuak» betetzeko asmoz. Hala ere, adierazi du «udal bakoitzak eman nahi dion ibilbidea» izango dutela proposamen horiek, «udal autonomia errespetatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.