'Herrigaia' praktikara eramateko zuzendaritza proposatu du Sortuk

Urteotako zuzendaritzaren segida da talde berria. Belaunaldi aldaketa dago proposamenean

Sortuk urriaren 20an Donostian eginiko adierazpena. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jon olano
2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Txosten politikoari buruzko eztabaida amaituta, Sorturen hirugarren kongresua zuzendaritza organoak berritzeko prozesuan sartuko da datozen egunetan. Bide horretan, Nazio Kontseiluak jakinarazi du zer zerrenda proposatzen duen Nazio Idazkaritza osatzeko. Orain arteko zuzendaritzaren jarraipena antzeman daiteke izen-abizenetan; esaterako, proposatutako zerrendak Sortuko kideen oniritzia jasoz gero, Arkaitz Rodriguez egungo idazkari nagusiak jarraituko du kargu horretan, Nuria Altzugaraik idazkaritza teknikoan, Kizkitza Gil de San Vicentek ekintza politikoan eta Gotzon Elizburuk komunikazioan. Horiez gain, orain arte Nazio Kontseiluan zeuden Oihana San Vicentek, Elena Belokik eta Haimar Altunak bertan jarraituko dute, beste zeregin batzuetan; Barne koordinatzaileordea izango da San Vicente, nazioarteko arduradun Beloki, eta gatazkaren ondorioak konpontzeko batzordearen arduradun Altuna.

Hain justu, Altunarena da berritasun nagusietako bat. Orain arte, gatazkaren ondorioak konpontzeko batzordea Rufi Etxeberriaren ardurapean zegoen, baina Etxeberriak zuzendaritza utziko du. Era berean, David Pla izango da zuzendaritzaren beste berritasunetako bat: Norabidetze Estrategikorako Gunearen arduraduna izango da. Pla Nafarroako idazkaritzako kidea da iaztik, eta gatazkaren konponbiderako ETAren mintzakidea izan zen; 2011n, Pla izan zen ETAren jardueraren behin betiko amaiera iragarri zuten hiru kideetako bat. Esanguratsua da belaunaldi aldaketa ere; soilik Beloki da 1960ko hamarkadan jaioa.

Bestalde, Sortuk nabarmendu du parekidetasunerako bidean «urrats esanguratsua» egingo duela Nazio Idazkaritza berriarekin: hamar ardura nagusietan bost emakume eta bost gizon egongo dira, eta, herrialdeak kontuan hartuta, sei emakume eta bederatzi gizon.

Horren harira, zuzendaritza osatzeko bi «mekanismo zuzentzaile» aplikatuko dituzte: bata, Nazio Kontseiluaren %40 gutxienez emakumezkoak izango direla bermatzeko, eta bestea, herrialde bakoitzak duen kide kopuruaren arabera, zuzendaritzan dagokion pisua izango duela bermatzeko.

Aurkezteko epea, gaurtik

Nazio Kontseilua 30 lagunek osatuko dute: Nazio Idazkaritza osatzen duten hamabost kideek eta banan-banan bozkatuko dituzten beste hamabostek. Gaur irekiko da hautagaitzak aurkezteko epea, urtarrilaren 5a bitarte, eta aukera dago Nazio Idazkaritzarako hautagaitza alternatiboak zein banakakoak aurkezteko. Bozketa urtarrilaren 19tik 21era izango da.

Sortuk azaldu duenez, «talde sendo, kohesionatu eta dinamikoa» aurkeztu dute, «nazio-askapen prozesua bururaino eramateko konpromisoa duena eta estrategia aldaketaren ostean ireki den garai berria posible izan dadin ekarpena egin duena». Alderdiaren iritziz, COVID-19ak «sakoneko aldaketak eta mugimenduak azkartu» ditu, eta «lurrikarak» eragin: «Krisi ezberdinak, nazio pultsua lausotzea, ziurgabetasuna». Hitzeman du erronka horiei «gogotsu» helduko diela, «herri erronkei ekarpena egiteko: euskalduntzean, bizi baldintza duinen alde eta prekaritatearen aurka, bakegintzan, feminismoan, ekologismoan eta migrazioen auzian, besteak beste».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500