Iñigo Leza eta Maialen Fernandez de Pinedo. Araba Bizirik

«Ingurumena babesteko ekinaldiak ugaritzen ari dira, kezka dagoelako»

Fernandez de Pinedok eta Lezak ohartarazi dute Ingurumen Administrazioaren Lege berriarekin «hainbat proiektu inposatzeko eskumena» lortuko duela Eusko Jaurlaritzak: zentral eolikoak, adibidez.

RAUL BOGAJO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Araba Bizirik plataformak batze ariketa bat egin du urtebetean. Maialen Fernandez de Pinedo (Gasteiz, 1983) eta Iñigo Leza (Gasteiz, 1976) plataformako kideek azaldu dizkiote erronkak BERRIAri.Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Legearen aurka agertu dira —Tapia legea deitzen diote—.

Zertarako sortu zenuten Araba Bizirik plataforma?

IÑIGO LEZA: Joan den urtean, makroproiektuen aurkako hainbat plataformetan geunden kideok manifestazio bat egitea pentsatu genuen, baina berehala konturatu ginen eraginkorragoa zela guztiok batzea eta batera egitea protesta. Horren ondorioz sortu genuen Araba Bizirik, eta elkarlanean jarraitu genuen. Gainera, Jaurlaritzak orduan planteatu zuen Tapia legea indarrean sartzea.

Nola antolatu zarete?

MAIALEN FERNANDEZ DE PINEDO: Saretzen ari gara. Gasteizko jendearengana iristea zailagoa egiten ari zaigu, mugimendu gehiago dago herrietan, eta antolatuago daude.

LEZA: Duela urte batzuk Tapia legea indarrean izan balitz, fracking-aren proiektua aurrera eraman ahalko zuten. Beraz, aurrera eraman nahi zituzten hainbat proiektu egin ahal izateko moldatu dute lege hau. Lege honekin hainbat makroproiektu inposatzeko eskumena irabazi du Eusko Jaurlaritzak: zentral eolikoak, fotovoltaikoak... Eta herriek eskumenak galduko dituzte. Ez dute erabakitzeko aukerarik izango.

Nafarroan indarrean da antzeko lege bat.

LEZA: Bai, eta ikusi dugu zer gertatu den Baztango [Nafarroa] Aroztegiarekin: 50 etxe eta jauregi bat eraiki nahi ditu enpresa pribatu batek. Guztiak lur komunalean eraiki nahi dituzte, eta udalak ez dauka proiektuak deuseztatzeko eskumenik. Hemen ere horrelako gauzak egin ahal dituzte orain.

Eta zein izango da zuen lan ildoa?

FERNANDEZ DE PINEDO: Lurra defendatzen eta ingurumena errespetatzen duten proiektuen alde egin behar dugu. Bertakoak direnen eta benetako beharrak asetzen dituztenen alde.

LEZA: Egungo sistema sozioekonomikoa ez da bideragarria: hazkundean dago oinarritua. Aldatu egin behar dugu, eta aldaketa horretan ezin dugu suntsitu momentuz mantentzen dena.

Nolako harrera izan duzue?

FERANDEZ DE PINEDO: Plataforma gauza asko antolatzen ari da, eta batu da jendea. Beraz, horrelako gauzak egiten jarraitu behar dugu, eta beste proiektu batzuekin saretu. Maiatzean antolatu genuen azken manifestaziora beste proiektu batzuetako jendea batu zen, eta oso aberasgarria izan zen guretzat. Ikusten dugu nola ingurumena babesteko ekinaldiak ugaritzen ari diren, kezka dagoelako.

LEZA: Jendearen erantzuna oso ona izan da, baina egia da Tapia legearen nondik norakoak hobeto azaldu behar ditugula. Izan ere, ez du bakarrik Araban eragingo: Gipuzkoan eta Bizkaian ere hainbat proiektu egin nahi dituzte. Udalen inplikazio handiagoa ere espero dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.