Iruñeko erasotzaileek aske segituko dute

Auzitegiak atzera bota ditu sanferminetako eraso kolektiboaren egileak berriz espetxeratzeko eskatzen zuten helegiteak.

Samara Velte -

2018ko uztailak 19

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ekainaren 21ean emandako ebazpenari eutsi dio, eta 2016ko sanferminetan neska bati taldeko sexu erasoa egin zioten bost gizonak berriro ez espetxeratzea erabaki du. Atzera bota ditu, hortaz, fiskaltzak eta akusazioek ipinitako helegiteak, eta ohartarazi du erabaki irmoa dela oraingoa: bost gizonen aurkako behin betiko epairik ez dagoen bitartean bermepean aske gera daitezkeela argudiatu du.

Auzitegiak bederatzina urteko espetxe zigorra jarri zien Sevillako (Espainia) bost gizoni apirilean, sexu abusu jarraituzko delituak eta lapurreta egotzita. Bortxaketa delitutik, ordea, absolbitu egin zituen —auzitegiko prentsa zerbitzuak oraindik bortxaketa hitza darabilen arren—, erasoan indarkeria fisikorik egon ez zela argudiatuta. Handik bi hilabete eskasera, ekainaren 21ean, baldintzapeko askatasuna onartu zien bostei; bakoitzak 6.000 euro ordainduta atera ziren espetxetik, astean hiru bider auzitegira agertzeko baldintzarekin, eta pasaportea eskuratzeko debekuarekin. Gainera, debekatuta daukate erasotako emakumea bizi den erkidegora —Madrilera— joatea.

Ihes egiteko arriskua

Orduan, bi urte baino gutxixeago zeramatzaten bostek behin-behinean preso; erasoaren biharamunetik, hain zuzen ere. Epaimahaia osatzen duten hiru epaileetatik bik ebatzi zuten aske gera zitezkeela, auzitegiak lehen instantzian jarritako zigorra oraindik irmoa ez zenez gero. Hirugarrenak, epaimahaiko presidenteak, boto partikularra eman zuen orduan erabakiaren aurka, argudiatuz zigorraren erdia —lau urte eta erdi— betearaz ziezaieketela behin-behinean; atzo argitaratutako ebazpenean ere hala argudiatu zuen.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrek —emakumearen abokatuak, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak— helegitea ipini zioten erasotzaileak espetxetik ateratzeko erabakiari, argudiatuz, besteak beste, zigortuek ihes egiteko arriskua zegoela. Ekain amaieran, hain zuzen ere, kalapita sortu zen horri buruz, zigortuetako bat —Antonio Manuel Guerrero guardia zibila— pasaportea berreskuratzen saiatu zelako. Horrek beste auzibide bat zabaldu du, helegitearekiko independentea; auzitegiak oraindik ez du haren inguruko ebazpena eman, eta ez zuen aintzat hartu atzoko adierazpenean.

Epaileek helegitearen inguruko erabakia irmoa dela adierazi duten arren, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak iragarri dute legeen zirrikituak arakatuko dituztela, «ezarritako zigorraren larritasuna dela eta».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna