Ijitoen gizarteratzea sustatzeko estrategia aurkeztu du laukoak

Enplegua, osasuna eta hezkuntza dira ardatz nagusiak gobernuak aurkeztutako planean
Nafarroako Gobernuko zerbitzuburuak, atzo, ijito komunitateko elkarte eta ordezkariekin.
Nafarroako Gobernuko zerbitzuburuak, atzo, ijito komunitateko elkarte eta ordezkariekin. IÑIGO URIZ / FOKU

Uxue Rey Gorraiz -

2018ko abuztuak 31
Ijito komunitatearen inklusio soziala du helburu Nafarroako Gobernuak aurkeztu berri duen estrategiak. Planaren zirriborroa aurkeztu dute oraingoz, baina behin onartuta, gobernuak adierazi du indarrean egonen dela 2021 arte. Ijito komunitatearen garapena bultzatu nahi dute, hainbat esparrutan laguntzak eta askotariko neurriak abiaraziz. Izan ere, planaren aurkezpenean nabarmendu dutenez, asko dira ijitoek pairatzen dituzten diskriminazio egoerak. Txostenean jaso dutenez, enplegua, osasuna eta hezkuntza esparruetan daude presazko helburuetako asko: ikasleria ijitoaren arrakasta akademikoa handitzea, 30 urte baino gutxiago dituztenen enplegu tasa %100era zabaltzea, eta osasun esparruan pairatzen dituzten desberdintasunak murriztea, batik bat. Horiez gain, etxebizitza, aitortza soziala eta instituzionala, eta parte hartze soziala ere bilduko ditu Nafarroako Gobernuaren planak, besteak beste.

«Hobekuntza nabarmenak egin badira ere, oraindik zailtasun ugari ditu ijito komunitateak erabateko gizarteratzerako», esan du Gema Mañu Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiak. Azpimarratu du egoera horren aurrean «ezinbestekoa» dela administrazioak esku hartzea. Normalizazioa funtsezkoa da, haren esanetan. «Ijitoek zerbitzu eta esparru orotara sarbidea izateko aukera bermatu nahi dugu. Eremu askotan parte hartzea areagotzea, finean».

Enplegua ezinbestean tratatu beharreko afera da ijito komunitatearen garapena bermatzeko, azaldu dutenez. Hori aintzat hartuta, hainbat neurri jarriko dituzte martxan, 30 urtetik beherako gazteei lan mundurako sarbidea errazte aldera. Izan ere, adin tarte horretako pertsonen langabezia errotik erauztea definitu dute helburu konkretu gisa. Gainera, salmenta ibiltariaren eta hondakinen biltzearen normalizazioaren eta erregulazioaren aldeko apustua eginen du gobernuak.

Etxebizitzaren gaia ere biltzen du estrategiak. Ijito familiak dagoeneko martxan diren laguntza baliabideen jakitun izan daitezen lan eginen dutela azaldu dute, batik bat. Bizitoki desegokiak atzean uztea nahi dute, laguntzez baliatuta.

Alde handiak osasunean

Osasun zerbitzuen erabilpena sustatzeko beharra azaldu du Maria Jose Perez Jarauta Osasun Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak.Esparru horretan, ijito komunitatean antzeman daitezkeen gabeziak azpimarratu ditu. «1980ko hamarkadan dagoeneko baziren egoera zail hori islatzen zuten ikerketak», azaldu du. Gaineratu du ez dela berriki sortutako arazoa, baina asko dagoela egiteko oraindik.

Aurkeztutako neurrien artean, azpimarratzekoa da haurrentzako osasun zerbitzuetan jarri beharreko arreta. Datuek erakusten dutenez, osasun etxeetako osasun azterketetan falta izaten dira sarri haur eta gaztetxo ijitoak; txertaketa programak ere ez dituzte osorik betetzen. Bestalde, zenbait programa indartzea proposatu du gobernuak: ohitura osasuntsuak nola eduki irakasteko tailerren areagotzea, minbiziaren prebentzioa ahalbidetzen duten programetan parte hartzea bultzatzea, eta drogekiko dependentzia tratatzeko programetarako sarbidea sustatzea, adibidez.

Datu zehatzak zailak dira lortzen ijito komunitatearen errealitatea xehetasunez ezagutzeko. Ikerketak egin badira ere, kopuruak gutxi gorabeherakoak dira kasu askotan. Hezkuntzan, ordea, oso nabarmena da beren komunitatearen garapena sustatzeko beharra. «Aski arrazoi dugu ikusteko interbentzioa oso beharrezkoa dela arazoari aurre egiteko», azaldu du Roberto Perez Elorza Hezkuntzako zuzendari nagusiak. Azaldu duenez, eskolara ez joatea da arazorik larriena; gaztetxoenen kasuan, bereziki.

Eskola abandonu maila

Orokorrean, ikasleen %13k bakarrik uzten dituzte ikasketak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako agiria jaso gabe, ikerketen arabera. Ijito komunitatearen kasuan, ordea, ehunekoa askoz handiagoa da: gazteen %64k uzten baitituzte ikasketak agiria jaso aurretik. Laguntzaile soziokulturalak izan dira orain arte neurririk «emankorrenak», Hezkuntza zuzendariak azaldu duenez; eta neurri hori indartzeko lanean jarraituko dutela gaineratu du. Bestalde, jardun horretarako Europako diru laguntzak jasoko ditu Nafarroako Gobernuak aurten, eta baliabideak areagotzeko aukera izanen dute, horrela.

Orain aurkeztutakoa entitate askok elkarlanean ondutako estrategia dela azpimarratu du gobernuak. Perez Elorzak bereziki eskertu du ijito komunitateko elkarteek erakutsitako prestasuna: «Ez litzateke posible izanen haien laguntza gabe».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna