Kataluniako prozesu subiranista. Babesa Euskal Herritik

«Demokrazian, ezin da epaitu demokrazia»

Preso katalanak askatzeko eta prozesu subiranistaren aurkako auzia eteteko eskatu dute alor ugaritako 68 lagunek. EH Bilduk protestara deitu du, «inboluzio antidemokratikoari» aurre egiteko

jon olano
Donostia
2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da, Espainiako Auzitegi Gorenean, Kataluniako hamabi buruzagi politiko eta sozial independentisten aurkako epaiketa, herrialde horretako prozesu subiranista dela eta. Epaiketa hasteko bezperan, Euskal Herrian alor ugaritan diharduten 68 lagunek manifestu bat plazaratu dute, auzipetuei elkartasuna adierazteko eta auzibidea bera bertan behera utz dezatela eskatzeko. Izan ere, uste dute demokrazian ezin direla «kriminalizatu» mobilizazio baketsuak, ezta «disidentzia politikoa» ere: «Bozkatzea ezin da izan delitu, konponbide baizik. Demokrazian, ezin da epaitu demokrazia».

Izenpetzaileen artean daude Ainhoa Tirapu Athleticeko jokalaria, Asier Illarramendi Realekoa, Karmele Jaio eta Eider Rodriguez idazleak, Gorka Urbizu, Fermin Muguruza, Olatz Salvador eta Anari Alberdi abeslariak, Onintza Enbeita bertsolaria, Daniel Innerarity eta Ander Errasti filosofoak, Jule Goikoetxea eta Mario Zubiaga EHUko irakasleak, eta Pili Kaltzada, Elixabete Garmendia, Mariano Ferrer, Martxelo Otamendi, Lorea Agirre eta Julen Telleria kazetariak, besteak beste. Gure Esku Dago dinamikak sustatu du testua, eta azaldu du «gehiengo soziala islatzen duen lagin bat» dela adierazpena sinatzen dutenen zerrenda.

Hiru eskakizun jaso dituzte adierazpenean. Batetik, preso katalanak «berehala» askatzea nahi dute, haiek espetxean egotea «bidegabea» delako. Bestetik, «salbuespenezko bide judizial, juridiko eta prozesalak indargabetzeko» eskatu dute, bertan behera gera daitezen 2017ko urriaren 1eko erreferendumari lotutako auzibide guztiak. Azkenik, «elkarrizketari eta negoziazioari ekiteko deia» egin dute, «herritarren borondatearen begirunean eta balio demokratikoetan oinarritutako konponbide politikoa posible izan dadin».

Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak esker ona azaldu dio GEDi egitasmoagatik. Mezu bat zabaldu zuen sare sozialetan, manifestuaren berri izan eta berehala: «Gure Esku Dago-ko lagun maiteok, eskerrik asko egiten ari zareten guztiagatik. Elkarrekin borrokatzen gara Kataluniaren eta Euskal Herriaren askatasunaren alde. Eskerrik asko, besarkada bat».

Epaiketaren hasierarekin bat eginez, mobilizazioak antolatu dituzte gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat herritan. Bilboko Arriagan, Donostiako Bulebarrean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eta Iruñeko Udaletxeko plazan elkarretaratzeak egingo dituzte; 20:00etan Bilbon, eta 19:00etan gainerako hirietan. Iganderako, manifestaziora deitu du GEDek (12:00); Donostiako Kataluniako plazatik abiatuko da.

EH Bildu, martxarekin bat

Hain justu, igandeko mobilizazioan parte hartuko duela jakinarazi zuen atzo EH Bilduk. Prentsaurreko batean, Arnaldo Otegi koalizio subiranistako koordinatzaileak adierazi zuen gaur hasiko dena «erabakitzeko eskubidearen aurkako epaiketa bat» dela: «Beraz, gu guztion aurkako epaiketa baten aurrean gaude». Otegik ohartazi zuen «inboluzio antidemokratiko bat» gertatzen ari dela eta, horren kontra, komeni dela «aurrerapauso batzuk» ematea. Urrats hori egiteko bi bide aipatu zituen Otegik: batetik, mobilizazioaren beharra nabarmendu zuen; bestetik, premiazkotzat jo zuen Euskal Herrian «aliantza zabalak» osatzea alderdi politikoen, sindikatuen, beste eragile ekonomiko batzuen eta gizarte mugimenduen artean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko Komunikazio idazkari Andeka Larreak, berriz, uste du «bidegabea» dela buruzagi katalanen aurkako epaiketa, eta alderdiak absoluzioa baino ez du espero. Kataluniako auzia konponbidean jartzeko, «elkarrizketa, lasaitasuna eta moderazioa» lehenesteko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.