Italiako abiadura handiko trenetan mantentze lanak egingo ditu CAFek

Tranbia gehiago saldu ditu Flandrian. AEBetako ingeniaritza enpresa bat erosi du Aernnovak

Trenitaliaren ETR 500 Frecciarossa tren bat, Turingo geltokian. PETER BROSTER.
Iker Aranburu.
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Eskarien poltsa betetzen jarraitzen du CAFek. 2018. urtea 7.700 milioi euroren enkarguak entregatzeko zituela amaitu zuen Beasaingo tren konpainiak; beste bi gehitu dizkio orain, eta orotara 165 milioi eurotik gora eman behar dizkiote. Horietatik, 120 milioi inguru Italiatik etorriko zaizkio. Trenitalia SPA konpainia publikoak CAF hautatu du ETR500 abiadura handiko 59 trenen mantentze lanak egiteko hurrengo sei urteetan, baina beste sei urtez luzatzeko aukerarekin.

CAFek zainduko dituen trenek Frecciarossa izenarekin ezagutzen dira Italian, eta Turin-Milan-Salerno abiadura handiko linean funtzionatzen dute, herrialdearen iparraldetik hegoaldera. Turin, Milan, Reggio Emilia, Bolonia, Florentzia, Erroma, Napoli eta Salerno hiriak lotzen dituzte, orduko 300 kilometroko abiaduran zirkulatzen dute. Era berean, abiadura handiko lineaz kanpo hedatzen diren konexioetan ere eskaintzen dute zerbitzua, eta beste hiri esanguratsu batzuetaraino iristen dira: Padua, Venezia, Rimini, Ancona, Pescara, Foggia eta Bari.

Mantentze lanak Trenitaliaren tailerretan egingo dituzte, Napolin, Erroman, Milanen eta Venezian, eta CAF Italiako adarrak egingo ditu. Gaur sinatutako kontratuak ekarriko du 300 langile baino gehiago kontratatzea.

Diruz apalagoa da, berriz, CAFek De Lijn Flandriako garraio konpainiarekin sinatutako kontratua. Haren arabera, CAFek beste 23 tranbia egingo dizkio, 44 milioi euroren truke. 2017ko urrian CAFek De Lijnekin egindako akordioaren hirugarren zatia da. Guztira, 146 tranbia egingo ditu Beasaingo tren konpainiak harentzat.

De Lijn autobusen eta tranbien Flandriako operadore publikoa da, eta, urtero, 530 milioi bidaiari inguru garraiatzen ditu. Lehenengo 48 tranbiak datorren urtetik aurrera egongo dira abian Flandriako kostaldea zeharkatzen duen tranbia linean. Atzo jakinarazitakoak, berriz, 2022ko bigarren erditik aurrera entregatuko ditu CAFek, eta Anberes hirian emango dute zerbitzua.

Aernnovaren erosketa

Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo egiten du bere negozioaren zatirik handiena CAFek, eta horrela aritzen da Aernnova ere. Arabako aeronautika enpresa sektoreko konpainia handienentzat ari da lanean: Airbus, Embraer eta Boeing. Azken horren hornitzaileentzat kontratuak lortzea da Aernnovaren azken erosketaren arrazoi nagusia. Atzo jakinarazi zuenez, Structural Integrity Engineering (SIE) enpresa erosi du. Chatsworthen du egoitza (Kalifornia, AEB), eta ingeniaritza lanak egiten ditu AEBetako industria aeronautikorako. Duela hilabete batzuk, Aernnovak beste enpresa bat erosi zuen Kalifornian bertan, Brek Manufacturing izenekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.