Pablo Martinez-Lage. Neurologoa

«Asmoa da alzheimerra ez agertzea»

Gaixotasuna nola prebenitu ari da ikertzen Pablo Martinez-Lage, eta horretarako sortu du BCAP zentroa. Hego Euskal Herrian bakarrik, 40.000 pertsonak pairatzen dute alzheimerra.

JON URBE / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Atzo izan zen Alzheimerraren Nazioarteko Eguna, eta bezperan aurkeztu zuten BCAP Basque Center for Alzheimer's Prevention zentroa. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta CITA-Alzheimerrek sustatuta, gaixotasun hori nola prebenitu ikertuko dute bertan. Egun, 40.000 pertsona inguruk pairatzen dute alzheimerra Hego Euskal Herrian. Pablo Martinez-Lage (Iruñea, 1964) neurologoa da, eta CITA Alzheimer fundazioko zuzendari zientifikoa; «zerbait egiteko garaia» dela adierazi du.

Prebentzioan jarriko duzue indarra. Nola prebenitzen da alzheimerra?

Horixe ikertuko dugu. Gaixotasun bat prebenitu daiteke haren arrisku eta babes faktoreak ezagutzen badituzu: arrisku faktoreak kontrolatzen eta faktore babesleak indartzen saiatzen zara. Alzheimerrari aurrea hartzeaz ari garenean, beraz, lehen eta bigarren mailako prebentzioak bereizten ditugu. Lehen mailakoa izango litzateke faktore babesleak indartzea, arrisku handiagoa duten pertsonen arrisku faktoreak kontrolatzea, eta horrek kasuen kopurua benetan murrizten duela frogatzea. Bigarren mailakoa da, ordea, gaixotasuna ahalik eta azkarrena detektatzea, eta terapia espezifikoekin alzheimerra garatzea eragoztea.

Prebentzioak gaitza ez agertzea ekar dezake ala atzeratzea bakarrik?

Asmoa da alzheimerra ez agertzea; hori litzateke lortu beharreko helburua. Baina hori, lehen mailako prebentzioan. Alzheimerrean arrisku eta babes faktoreak ezagutzen badituzu eta esku hartzeko programa baten bidez horiek aldatzen saiatzen bazara, kasu batzuetan gaixotasuna ez agertzea lor zenezake.

Zein izango da zentroan jarraituko duzuen lan ildoa?

Zentroak lau jarduera ildo nagusi izango ditu. Lehenengoa profesionalen eta ikertzaileen prestakuntzan oinarrituko da. Bigarrenak dibulgazioarekin, herritarrak sentsibilizatzearekin eta gaixotasuna desestigmatizatzearekin du lotura zuzena. Hirugarrena ezagutza sortzen jarraitzea da; hots, zientziaren ikuspegitik aurrera egitea. Eta laugarrena da prebentzioan esku hartzeko ikerketa lanak diseinatzea.

Aurreikusten da 2050. urtean 80.000 pertsonak paira dezaketela alzheimerra. Zergatik gorakada hori?

Azalpen bakarra da bizi itxaropena gero eta luzeagoa denez bi edo hiru hamarkadan 65 urte baino gehiago izango dituzten pertsona kopurua bikoiztu egingo dela. Alzheimer kasuen intzidentzia bera izango da, baina pertsona gehiago egongo dira izateko adinean. Arazoa da bizi itxaropena handitu dugula, baina oraindik ez dugula handitu elbarritasunik gabeko bizi itxaropena.

Egun ez dago gaitza tratatzeko botikarik. Zein da egoera?

Ez dago terapiarik edo botikarik gaixotasuna erabat gelditzea lortzen duenik. Baina lau botika ditugu, nolabait onura txikia dakartenak, eraginkorrak direnak. Azken urteotan frogatu da nutrizio elementu batek ere gaixotasunaren agerpena moteldu dezakeela. Hala ere, zalantzarik gabe, positibo eta itxaropentsu mantentzeko arrazoiak ditugu. Gaitza gero eta hobeto eta lehenago diagnostikatzen dakigu, eta diagnostiko goiztiar horrek bizi kalitatea ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.