Kontseiluak berretsi du «adostasun soziala» ehuntzen jarraituko duela

Eusko Legebiltzarraren Hezkuntza Batzordean parte hartu du, beste zenbait eragilerekin batera

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao (erdian), atzo, legebiltzarrean. BERRIA.
gotzon hermosilla
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Kontseiluak esku hartu du hezkuntza sistemari buruzko hitzarmena berriztatu nahi duen Eusko Legebiltzarraren batzordean, eta han «ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen ikaseredu orokortu bat» proposatu du Paul Bilbao idazkari nagusiak. Horrez gain, iragarri du Kontseiluak jarraituko duela «adostasun sozial ahalik eta sendoenak lantzen» helburu horren inguruan.

Kontseiluaren ordezkariak nabarmendu du ofizialtasunak «eskubide eta betebehar batzuk» dakartzala: «Ikasle guztiek dute euskara jakiteko eskubidea, eta, horregatik, legeak betebehar juridiko bat ezartzen dio hezkuntza sistemari: ikasleen esku jartzea bi hizkuntza ofizialetan gaitasun egokia eskuratzeko tresnak. Hori ez da gure ustea, legeak ezartzen duen betebeharra baizik».

Hori lortzeko bidean, Bilbaok garrantzi handia eman dio hizkuntza proiektuari: «Ikastetxe bakoitzak bere errealitate linguistikoa du, eta hori kontuan hartu behar da». Baina xehetasun bat eman du horren inguruan: «Ezin dugu baimendu nolabait esateko abiapuntu makurragoa dutenei aukera gutxiago ematea abiapuntu egokiagoa dutenei baino. Gure ustez, berdintasuna da ardatza, eta, horretarako, gutxiago duenari gehiago ematea da bidea».

Xede hori lortzeko adostasuna beharrezkoa dela jakitun daude Kontseiluan, eta, horregatik, Bilbaok gogora ekarri ditu zenbait eragilerekin azken urteotan lortu dituzten akordioak, eta bereziki azkena, eskola eragile nagusiez gain gehiengo sindikala ere barne hartzen duen «adostasun historikoa». «Haizea alde daukagu», esan du. «Aukera ikaragarria dugu jauzia egiteko. Gu ikuspegi sozialetik adostasun ahalik eta sendoenak lortzen saiatuko gara aurrerantzean ere, adostasun politikoa ere helduko delakoan».

Beste zenbait eragilek ere parte hartu dute batzordean. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren izenean, Arkaitz Fullaondok zenbait datu eman ditu atzerriko jatorria duten ikasleen inguruan. Esan duenez, immigrazioa «errealitate estrukturala» da, «gizarte honetako beste ezaugarri bat», eta aniztasun hori are handiagoa da gazteen artean: 24 urte bitarteko gazte eta umeen artean, bostetik batek Espainiatik kanpoko atzerriko jatorria du, guraso baten aldetik gutxienez.

Soziolinguistika Klusterreko Pablo Suberbiolak esan du hezkuntza sistemak lorpen ugari izan dituela: «Oreka lortu du herri mugimenduaren eta instituzioen arteko uztarketan, ereduak ikasleak euskaldundu ditu, eta irakasleek bilakaera handia izan dute bizpahiru hamarkadatan. Hori ez da behar bezala baloratzen: milaka eta milaka irakaslek euskara ikasi dute». Erronkak eta premiak ere aipatu ditu: euskarazko konpetentziak hobetzea, erabilera handitzea, eta eskolak egiten duen hori kanpoko arloetan osatzea, aisialdian esaterako.

Bake linguistikoa bermatu

Alberto Lopez Basaguren EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedradunak hizkuntza bat baino gehiago dituzten herrialde demokratikoetako antolamendu juridikoa aztertu du, eta esan du horien ezaugarri nagusia dela «bake linguistikoa bermatzea» izan dutela helburu.

Haren esanetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere xede hori hartu zuten aintzat Gernikako Estatutua eta Euskararen Legea garatu zirenean. Gainera, hezkuntza sistema antolatu zenean onartu zen «oinarria ez izatea separatismo linguistikoa, baizik eta ikasle guztiek hautazkoa ez den beste hizkuntza ere ikasi behar izatea. Gure sistemak integrazioa ere izan du helburu».

Lopez Basagurenen arabera, kontuz ibili behar da «bake linguistiko» hori apurtu ez dadin eta sistemak «integratzaile» izaten jarrai dezan. Horretarako, «hizkuntza bat ala bestea hautatzeko aukera emango duen sistema malgua» proposatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.