Ikasleekin lankidetza indartzea, ongizaterako giltza hezkuntzan

Programa berritzaileen esperientzien inguruan aritu dira hainbat hezitzaile Bilbon egin diren hezkuntza jardunaldietan. Irakasleek azkenaldian bizi duten nekeaz ohartarazi dute

Hainbat ikastetxetako ordezkariek euren esperientziak partekatu zituzten. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Hainbat gaiz hausnartu dute hezkuntza arloko profesionalek Ongizate emozionala eta bizikidetzarekin denok bat jardunaldietan, Bilboko Euskalduna Jauregian. Hezitzaileetako batzuk euren ikastetxeetako esperientzien inguruan aritu ziren 500 bat entzuleren aurrean, ostegunean.

Urteetako ibilbidea azaldu zuen Gasteizko Koldo Mitxelena institutuko Amparo Monterok. Berea zentro «gatazkatsua» zela azaldu du, eta 2001. urtean hausnartzeari ekin ziotela, egoera aldatzeko. Beharrezko ikusi zuten metodologia aldaketa bat; «buelta eman» eta «ikastetxea birpentsatu». Diziplina ardatz zuen metodologia alde batera utzi, eta bizikidetzan sakontzeari ekin zioten. Monterok azaldu duenez, lagungarria egin zitzaien testuinguru aldaketa. Irakasle berriak sartu ziren —irakasle guztien heren bi— eta, «aurreiritziak ekarri arren», errazagoa izan zen egoera iraultzea haiekin. «Erabaki genuen ikasleei ez geniela espedienterik irekiko, eta ez genituela kanporatuko lehen egiten genuen bezala», azaldu du Monterok aldaketez.

Formazio «handia» jaso zuten irakasleek urte askotan zehar:«Segituan jabetu ginen emozioen garrantziaz». Gatazkak konpontzeko parte hartzaile guztiek konponbidea bilatu behar zutela ebatzi zuten. Batzordeak sortu zituzten laguntzeko. Batzuk organikoak ziren, ikastetxeak egituraz zeuzkanak. Beste batzuk boluntarioak ziren, eta nahi zutenek hartzen zuten parte. Metodo aldaketa baliagarria egin zitzaien, baina badituzte etorkizunerako erronkak. Asko handitu da Koldo Mitxelena aspaldion. Duela lau urte, bost lerro zeuzkaten; orain, bederatzi. 60 irakasle zituzten lehen, eta 116 orain: horiek metodologian txertatzea dute helburu.

Bestelako irakaspen bat ekarri die hezitzaileei Irungo Toki Alai institutuko Ane Lizeagak. 2010inguruan abiatu zuten haien Ziberbizikidetza Proiektua. «Ordurako entzuna genuen zer gatazka sor zitezkeen sare sozialen erabilera desegoki baten ondorioz», azaldu zuen Lizeagak. Ikasleak babesteko asmoak bultzatu zituen irakasleak formakuntza jasotzen hastera. Rol bi sortu zituzten ikasleen artean, gerora «funtsezkoak» izan direnak bizikidetzarako: IKTeroak eta Zibermanagerrak. Azaldu duenez, prebentzioan oinarritu dute proiektua, eta bi rolek elkar osatzen dute bizikidetzan, «berdinen arteko elkarrekintzan formatzaile».

Lizeagaren berbetan, eskola segurua da haiena. Detekzio lan handia egiten dute, eta 450 ikasle inguru izan arren oso kasu gutxi izaten dituztela adierazi du. «Detektatzen ditugunean, segituan eteten ditugu». Gehienak DBHko 1. eta 2. mailetan gertatzen dira. Emaitza onak eman dizkie metodoak, baina lana eskatzen du, «sareak eta haien erabilera une oro aldatzen direlako». Gainera, familia askorengan inplikazio falta sumatu dute: «Gurasoen inplikazioa lantzen hasi ginenetik urtero eskaini ditugu formakuntza saioak lehen eta bigarren hezkuntzan, eta deigarria da zer guraso gutxik hartzen duten parte».

Umeen betaurreko bereziak

Lehen hezkuntzako esperientziaz aritu da Errenteriako Bizarain eskolako Ainara Goikoetxea. Bi eskolaren nahasketatik sortu zen haiena, eta aldaketa asko egin behar izan zituzten denbora gutxian. Ikasketa kooperatiboa egin zuten eskolaren ardatz, eta kurtso hasieretan kohesio dinamikak egiten dituzte. Ikasle laguntzaileen ideia sortu zuten, eta hiru astetik behin elkartzen dira haiekin, ondokoengatik galdetzeko, zeozer antzeman duten, edo ea uste duten norbaitek laguntza behar duela. «Saiatzen gara ideia bat indartzen: ez direla txibatoak, bakarrik behatzen ari direla, begiratzen». Goikoetxeak zintzotasunez azaldu du irakasleei askotan eskapatu egiten zaizkiela zantzuak, eta umeek «betaurreko bereziak» dauzkatela. «Gu ere autobusean, patioan edo jangelan gaude, baina, haiek berdinen artean daudenez gero, gauzak beste modu batean ikusten dituzte». Eskoletako ongizatea eta bizikidetza handitzea izan dute helburu jardunaldiek. «Iruditzen zait orokorrean orain irakasleak oso nekatuta gaudela eta hasi behar dugula gure ongizate emozionala lantzen». Txaloek eten dute haren jarduna; Goikoetxearen berbekin ados ehunka irakasle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.