Pilar Perez-Fuentes. Euskal Federalistak elkarteko kidea

«Erreformak ezin dira askoz gehiago atzeratu, ez Espainian, ez Europan»

Madrilen eta erkidegoen arteko harremanetan sakonduko duen estatu federal bat, bakoitzaren «espezifikotasunak» alboratuko ez dituena: hori da egungo erronkei erantzuteko bidea, Perez-Fuentesen ustez.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iosu Alberdi.
Bilbo
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
UEF-Euskal Federalistak elkarteko presidenteordea da Pilar Perez-Fuentes (Bilbo, 1968), eta Espainia federal baten aldeko elkarteko batzordekide kargua ere hartu zuen duela gutxi. Perez-Fuentesek autogobernu «zabalago eta sakonago» baten alde egin du, eta adierazi Espainia federal bat dela horretarako tresna: «Hori da bidea: euskal gizartearen gehiengoa akordiora batzea».

Bilbon aurkeztu zenuten Espainia federala baten aldeko elkartea. Zer berritasun dakar?

Espainia eta Europa federala nahi baditugu, estatuaren eta Europako Batasunaren osotasuna hartuko dituzten plataformak behar ditugu. Horregatik gaude Federalista Europazaleen Batasunean, eta horregatik gara Espainia federalaren aldeko elkartearen parte. Federatu egin gara ia autonomia erkidego guztietako taldeak. Saiatuko gara elkarrekin proposamen sorta bat aurkezten. Kontsentsu politiko bat izan behar dugula uste dugu, eta horretarako gune ez-alderdikoi bat da.

Zergatik sistema federal bat?

Federalismoa sistema politiko egokiena da aitorpena, dibertsitatea eta pluraltasuna bateragarri egiteko. Autogobernuaren eta gobernu komunaren arteko harremana egokitzeak baimenduko digu osasun, finantza, migrazio eta teknologia krisiei aurre egitea. COVID-19aren esperientziak agerian utzi du sistema autonomikoa eraginkorra dela estatu osoari eragiten dien aferei erantzuteko. Erkidegoak oinarrizko aktoreak dira sistema politikoaren funtzionamendu egokirako.

Harreman horrek itzalak ere izan ditu pandemian.

Pandemiak agerian utzi du sistema autonomikoak gabezia eta muga garrantzitsuak dituela. Diseinu legala eta instituzionala desegokiak izan dira askotan, eta sarri inprobisatu egin behar izan da hutsune juridiko nabari bat egon delako. Hala, garrantzitsua da autonomia estatutuaren erreforma bat egitea, perspektiba federal batetik. COVID-19aren garaiko hausnarketak, aurretik ditugun tsunamiak... Erreformak ezin dira askoz gehiago atzeratu, ez Espainian, ez Europan.

Zer-nolako erreformak proposatzen dituzue?

1978ko Konstituzioaren prozesu federalizatzailea garatu dezagun, kontsentsu zabal bat ezartzeko. Esaten digute utopia bat dela, eremu politikoa gaiztotua dagoelako, baina uste dugu erreforma horien beharra azpimarratzen jarraitu behar dugula. Alderdien ateak jo behar ditugu, lehenbailehen erantzuteko betebeharra dutelako. Bestela, kohesioa, legitimitatea eta politiken eraginkortasuna zaildu egingo dira.

Baina, egun, datuek ez dute horretarako aukerarik ematen.

Egungo datuek ez dute ematen konstituzioa erreformatzeko, baina guk diogu lanean hasi behar dugula. Has gaitezen konstituzioari eragiten ez dioten erreforma legalekin, kooperazio eta koordinazio horizontalago bat izateko. Esaterako, presidenteen konferentzia ezin da gobernuko presidentearen zoriaren pean egon. Zergatik ez arautu konferentzia hori tresna federal gisa? Ehun eta kultura federal hori eraikiz goazen heinean, konstituzioaren erreforma garatzeko kontsentsua gertuago egongo da.

Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburu Olatz Garamendik ostegunean kritikatu zuen Madrilek zorrotzegi jokatzen duela Eusko Legebiltzarrean onartzen diren legeekin.

Etengabe talkan gaude, gauzak ez baitaude argi; eremu lausoa da. Negoziaziorako dagoen borondate politikoaren araberakoa da egoera. Eta, zuriune bat dagoenez, arazoen judizializazioa etengabea da. Horrek asko nekatzen ditu herritarrak.

Estatuaren esku soilik egon beharko luketen eskumenak daudela diozue. Zein lirateke? Eta zein erkidegoen esku beharko luketenak? Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk botere judizialaren afera jarri du mahai gainean.

Ez gara eztabaida horretan sartu. Uste dugu oraindik ez dela garaia. Halere, uste dugu garrantzitsua dela euskal alderdiak ez egotea soilik norberari dagokionaren eskean, baizik eta ekarpen bat egitea osotasunaren funtzionamendu berrirako. Ni ez nau kezkatzen Urkulluk mahai gainean jarritako proposamenak, baizik eta ea zenbateraino garen gai ulertzeko autogobernu zabal eta sakon baten defentsa ez dela hemen egiten duguna soilik. Zerikusia izan behar du gureak Espainiaren osotasunean duen presentziarekin ere, mahai gainean jartzeko beste erkidego batzuei eragingo dieten proposamenak ere. Komunaren eraikuntzan euskal talde politiko askoren inplikazio falta sumatzen dut.

Estatutuaren erreforma ez atzera ez aurrera dago.

Geldirik dugu, eta beharrezkoa da gauzatzea. Gure herriaren barne egiturari begiratzeko garaia da. Egitura egokiago eta eraginkorrago bat behar dugu euskal gizarteak aurretik dituen arazoei erantzuteko. Baina ezin dugu atzeko atetik joan bideragarriak ez diren erreformak egitera. Horregatik dago trabatuta: planteamendu irreal bat dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.