Arantxa Tapia. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua

«Ez dut kristalezko bola bat AHTak zenbat bidaiari izango dituen ikusteko»

Legegintzaldi honen lehen erdian, AHTaren proiektua buruko min gehiago ematen ari zaio Tapiari ekonomiaren martxa baino. Sailburuak irmo defendatu du proiektua. Bideoa albiste amaieran.
JON URBE / FOKU

Xabier Martin -

2018ko uztailak 19
Euskal Y-ak zortzi milioi bidaiari izango dituela eta orain arte %8,5eko gainkostua izan duela esan berri du Arantxa Tapia sailburuak (Astigarraga, Gipuzkoa, 1963). Europako Batasunaren Kontu Auzitegiak AHTari buruz egindako txostena ikusi ostean eman ditu datuok Tapiak.

Ez ote zara baikorregi ibili?

Batasunak txosten hori egiteko agintzen du segurtatzeko estatuek finantzatutako AHT lerroek bi gauza bermatzen dituztela, Batasunak berak bere finantzaketa eman aurretik: sare bat osatuko dela Europan, non izendatutako lerroak garatuko diren lehentasunezko ardatz gisa, eta muga efektua gaindituko dela. Horregatik aztertu dute Euskal Y-a.

Baina Kontu Auzitegiak gogor kritikatu ditu AHT proiektuak.

Hamar lerro daude gainkostuari buruz; aste honetan azaldu dut gure gainkostua %8,58koa dela eta oso eraginkorrak garela.

Nondik atera dituzu zortzi milioi bidaiari?

Txostenak hiru hiriburuak bakarrik hartzen ditu aintzat, haiek Madrilekin lotuz. Euskal Y-a, ordea, ardatz zabalago baten zati da; Europara doazen bidaiariena ere bada, eta inork ez daki zenbat izango diren. Gure txostenek diote zortzi milioi espero daitezkeela.

Oposizioak dio datu horiek asmatuak direla.

Oposizioaren datuak Europako Batasunaren txostenarenak dira. Alegia, Madril-Euskadi eta hiru lurraldeen arteko loturak hartzen dituzte kontuan, ardatz atlantikoaren zatia ere izango dela ahaztuz. Gure datuak Europara igorri ditugu; ez ditut asmatu. Begira; duela urtebete Bordele-Paris lotura berria martxan jarri zenean, hamar milioi bidaiari aurreikusi ziren; bada, hemezortzi izan dira. Ez naiz baikorra: datuak txosten landu batean oinarritzen dira. Ez daukat kristalezko bola bat, noski, eta hemendik urte batzuetara ikusiko dugu zenbat diren.

Eskerrak Kontu Auzitegiak ez duela AHTa goraipatu.

Hamabi lerrotan baizik ez du kritika egin, eta Europan dirua erabiltzen den moduari buruz. Egia osoak esan behar dira. AHTa oso ekologikoa dela ere esaten du, eta onura handikoa sozialki.

Txostenaren berri izan zen egunean bertan, agerraldia egin zenuen. Zer behar zen hari erantzuteko, AHTaren aldekoa bada?

Egun horretan, ekitaldi publiko bat genuen, eta bagenekien horri buruz galdetuko zutela, goizetik eskaera asko jasotzen ari baikinen. Ez genituen gauzak nahastu nahi, eta horregatik egin genuen aparteko deialdi bat. Baina ez larria zelako guretzat, Jaurlaritzak bere azterketa zuelako baizik, eta bazuelako zerbait esateko.

AHTa «lehenbailehen» bukatu behar zela esan zenuen. Agiri hori ulertzeko modu bitxia ematen du.

Esplikatu dut txosten horretan zer esaten den, eta argi dago Euskal Y-a ahalik eta azkarren bukatu behar dela, lehentasunezko ardatza baita, besteak beste.

Nola joango zara zu Donostiatik Iruñera 2024. urtean?

Lotura aurreikusi bezala bukatu baldin bada, trenez joango naiz.

Denbora galduko duzu autoan ez joateagatik?

Erosoena trenez joatea da, eta, kutsaduraren arazoarekin koherente izan nahi badugu, trenez joatea litzateke logikoena; ez dugu denbora askorik galduko.

Irizpide horrekin ariko ote dira enpresak ere, esaterako, Landabenetik Pasaiara autoak bidali nahi badituzte?

Enpresa bakoitzak hartuko du gehien interesatzen zaion aukera, eta AHTa aukera bat izango da.

Madrilen izango zara gaur Sustapen ministroarekin. PPrekin lotutakoa salbu dago?

Lotuta dagoena lotuta dago; administrazioek horrela dihardugu alderdi bat edo beste egon. Donostia gure esku dago, eta lizitatu dugu. Bilbokoa lotuta dago, eta azterketa informatiboari ekin behar zaio. Gasteizkoan, xehetasun batzuk falta dira. Horretarako egin behar dugu bilera.

Miranda Ebro eta Logroño lotu nahi dituen AHTaren ahalezko hiru ibilbideetako batek Bastidako mahastiak suntsituko lituzke. Gaia aterako da?

AHT hori ez da lehentasunezkoa Europarentzat; garbi esan dugu Madrilen. Eta lehentasunezkotzat jotzen badute, onuradunek jasan beharko dute azpiegitura hori. Hori bai, diru xahutze bat izango litzateke AHTaren ikuspegitik. Proiektuak aurrera jarraitzen badu, hori guztia jarriko dugu mahai gainean.

Edesa Industrial AHTa baino azkarrago doa Euskal Herritik, likidazioa saihestuz, enplegua suntsituta, eta 100 milioi euroko zorra utzita. Zer iruditzen zaizu?

CNAren erreferentziek zioten serio egiten zutela lana. Bagenuen gutxieneko konfiantza proiektu berri horretan. Egia da estresatua jaio zela, aurreikuspen baikorregiekin agian, baina gai zirela ematen zuen. Okerrena da aurreikuspenak ez dituztela bete ezta erdira ere, eta enplegu guztia desagertu dela. Beraz, izugarrizko porrota izan da.

Bankuei esker, %90eko kita bat inposatzeko bidean da. Zer iruditzen zaizu?

CNAk berak zorraren zati bati erantzungo dio tratu horri esker. Taldeak bere burua salbatu nahi du, Edesaren zorrak arriskuan jarri baitu matriza bera. Gu hartzekodunak gara, eta guretzat ez da akordio txarra, baina garrantzitsuena da enplegua sortzeko proiektua desagertu egin dela.

Hartzekodun askok nahiago dute likidaziora joan eta diru gehiago eta azkarrago berreskuratu. Ez da logikoagoa?

Haientzat bai. Jaurlaritza gisa, guk oso ondo bermatuak dauzkagu maileguak, eta itun hori ez da gure kalterako. Dena den, proiektuaren porrota da garrantzitsuena hemen. Epaileak kendu egin die Fagor marka ere, eta horrekin eragotzi egin diete marka hori baliatzea beste proiektu baterako.

Kitaren akordioa zilegi da?

Enpresa ikuspegi batetik zilegi izan liteke. Egokia den ala ez? Hornitzaile batzuentzat baldintza hobeak baleude, agian beste soluzio bat hobea izango zen. Kontua da soluzio guztiak txarrak direla.

Gaizki doazenak ez, oso ondo doazen enpresen finantzaketa bultzatzeko funts berri bat aurkeztu duzue. Lehendik ere bazegoen antzeko bat, eta Bizkaiko Aldundiak beste bat dauka. Zer dela-eta sukar hori aurrezkiak enpresen patuari lotzeko?

Ez da berria. Geroan, Itzarrin eta Elkarkidetzan biztanleen dirua dago.

Ekarpenak dira, ez aurrezkiak.

BGAE bezala erretiroa hartzean espero duzun dirua ez badago, zer geratzen da? BGAEren moduko norbaitek kudeaketa ona egitea espero duzu. Gauza beraz ari gara.

Baina zergatik orain funts berri horiek guztiak?

Enpresak baikortzat hartu behar dira ondo ulertzeko. Enpresak langileenak ere badira, eta inbertsioen bidez hobekuntzak lor daitezke. Enpresa ondo badoa, gutxieneko kalitatezko enplegua sortuko da. Kate bat da: horrek diru gehiago ekarriko digu osasunean, hezkuntzan eta abarretan inbertitzeko.

Euskal enpresen sustraiak indartzeko funtsak omen dira.

Merkatuan dirua dago, eta bi gauza gerta daitezke egoera horretan: guk lortzea dirua mobilizatzea gure enpresetarako funts bat, bi edo zazpirekin, edo kanpoko dirua etortzea eta guk inolako kontrolik ez izatea.

Pentsa daiteke ez dagoela nahikoa funtsik zenbait enpresa Euskal Herrira lotzeko.

Inor ez gara bihurtuko orain enpresa horien jabe, baina gobernu batek enpresa estrategiko handi batean parte hartzeak seinale bat bidaltzen dio enpresari eta merkatuari; begiratu bestela BMWri.

Espainiako Gobernua lan erreforma ukitzen saiatuko da. Zer esparrutan legoke prest EAJ lan erreforma ukitzeko?

Ba, EAJk ez dakit zer egingo duen. Jaurlaritzari dagokionez, beti esan dugu lan harremanen euskal esparrua garatu beharko litzatekeela; gure eskakizunak hortik joan beharko luke, nik uste.

ELAk eta LABek diote erreformak itunen estatalizazioa ekarri duela eta Confebask eroso dagoela horrekin. Gainera, estrategia horrek Jaurlaritzaren babesa duela diote. Hala da?

Ez da nire saileko edukia, baina askotan esan dugu euskal esparruaren alde gaudela. Akordioak egiteko, ordea, denok eseri behar dugu mahai baten inguruan; eseri gabe zaila da aurrera egitea.

Madrilek %15eko gutxieneko sozietate zerga ezarriko die zortzi milioi eurotik gorako irabaziak dituzten enpresei. Euskal patronala pozik egongo da euskal ogasunak daudelako, ezta?

Patronalari galdetu beharko diozu. Guk aldatu berri dugu gure zerga sistema, eta gure zerga erreformari eutsiko diogu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna