Koronabirusa

134 paziente larri dira Hego Euskal Herriko ospitaleetako ZIUetan

Jendea paseatzen, Bilboko Abandoibarrako ibilbidean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Otsailaren hasieratik aitzina, Hegoaldean nabarmen ari da geldotzen COVID-19aren kutsatzea; beheranzko joera suma daiteke birusaren transmisioari buruzko adierazle guztietan. Ordea, Hegoaldeko osasun agintariek ospitaleei loturik dituzte begiak batik bat; izan ere, aski zio bada kezkarako. Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, 450 lagun daude ospitaleraturik Hego Euskal Herrian. Horietako 318 zentroetako gela arruntetan daude, eta, Hegoaldeko osasun agintariek zehaztu dutenez, 134 paziente daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Herenegun 28 lagun eraman zituzten erietxeetara birusaren sintomak larriagotuta.

Kutsatuen datuei dagokienez, azken zazpi hilabeteetako kasu gutxien zenbatu zuten herenegun Hego Euskal Herrian egindako testetan: 261 izan ziren, zehazki. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, joan den abuztuaren 4tik aitzina erregistratu den daturik apalena da hori. Hala eta guztiz ere, ohi denez, astegunetan baino proba gutxiago egin ziren igandean (6.119), eta, beraz, kasuen kopurua txikiagoa izan arren, aurreko egunen parekoa izan zen positiboen ehunekoa; herenegungo testen %4,3k eman zuten positibo.

Hegoaldeko lurraldeak banan-banan aztertuta, Bizkaian 116 kasu positibo atzeman ziren; Gipuzkoan, berriz, 64 izan ziren; Nafarroan 47 zenbatu zituzten, eta Araban, 32.

Intzidentzia tasak, behera

Pandemiaren bilakaerari erreparatzeko, aski argigarri dira birusaren intzidentzia metatuei buruzko datuak. Hegoaldeko lau herrialdeetako tasek etenik gabe egin dute behera azken asteotan. Esate baterako, orain duela hilabete, Nafarroa ez beste lurraldeetan 500etik gorakoa zen tasa. Martxoaren 5etik, ordea, 250etik beherakoa da guztietan. Oraintxe bertan, Araban da handiena: 236.Bizkaian, berriz, 225 da; Gipuzkoan, 168, eta Nafarroan, 121.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.