Espetxeetako langileen baldintzak airean dira transferentziaren atarian

Jaurlaritzak urriaren 1ean jasoko du kartzelen eskumena. Artolazabalek Zaballa bisitatu du

Espetxeko bisitan, Artolazabalek eta Itxasok lore eskaintza egin zioten ETAk eraildako Maximo Casado langileari. EGO.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Mesedeetako Andre Mariaren eguna dela eta, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte sailburuak Zaballako (Araba) kartzela bisitatu zuen atzo, eta, Jaurlaritzak espetxeen kudeaketaren eskumena jasotzeko astebete falta dela gogoratuta, datorren ostirala «egun historikoa» izango dela adierazi zuen. Dena den, urriaren lehena iritsi aurretik, oztopo nabarmen bat gainditu beharko du Artolazabalen sailak, sindikatuek ez baitiote oraindik oniritzirik eman kudeaketa berriaren pean espetxeetako langileek izango dituzten baldintzei.

Eskumen transferentzia horrek kezkatuta dauzka Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru espetxeetako langileak. Izan ere, hemendik aurrera izango dituzten lan baldintzak zehazteko negoziazioek oraingoz ez dute fruiturik eman, eta beste lanpostu edo erkidego batzuetara lekualdatuak izatea eskatu duten langileen kopurua ohi baino handiagoa da.

Sindikatuek salatu dutenez, Jaurlaritza motz geratu da eginiko proposamenarekin, hiru espetxeetako ia 700 langileen baldintzak hobetu ez eta okertu egiten dituelako. Negoziazio mahaian eserita daude ELA, CCOO eta ACAIP-UGT sindikatuak, eta astelehenean bildu ziren azken aldiz Berdintasun, Justizia eta Gizarte Saileko ordezkariekin; geroztik, beste proposamen baten zain egon dira.

CCOOk, sektorean ordezkaritzarik zabalena duen sindikatuak, adierazi du jasotako azken proposamena «eskasa» izan dela, eta onartezintzat jo du «lortzea asko kostatu den enplegu baldintzak eskumen aldaketarekin galtzea». Bide beretik, ELAk langileen soldatak, ordutegiak eta lanaldiak hobetzeko beharra azpimarratu du, eta lantaldea handitzeko lan eskaintza publiko bat egiteko beharra seinalatu.

Horiek horrela, akordio bat lortzeko hurrengo aukera datorren astelehenean izango dute Jaurlaritzak eta sindikatuek, negoziazio alderdi guztiak elkartuko dituen Administrazio Orokorreko mahai sektorialean.

«Ereduaren jarraipena»

Artolazabalek atzo Zaballako espetxean eginiko bisita adibide gisa jarrita, Espainiako administrazioaren kudeaketa ereduari «jarraipena» eman nahi izatea leporatu dio ELAk Jaurlaritzari: «Espetxeen eskuduntza transferitzeko astebete falta dela, Beatriz Artolazabal Zaballako zentroan egin den ekitaldian izan da Espainiako espetxeetako zaindariaren eguna ospatzeko. Horrek, bada, estatuko ereduaren jarraipena besterik ez du irudikatzen».

Sindikatuaren arabera, orain arte erakutsi duen jarrerarekin, Jaurlaritza «eredu propioa garatzeko aukera hipotekatzen» ari da, eta «espetxe sistema eredu modernoago eta gizatiarrago baten aldeko propaganda instituzionala» egin beharrean, helburu hori betetzeko neurriak eskaintzeko eskatu dio, besteak beste lan baldintzen arloan. Izan ere, presoen gizarteratzea helburu izanik, espetxe sistemak «presoen eskubide guztiak zorrotz errespetatu» behar dituela gogoratu du ELAk, eta, horretarako, espetxeetako langileen baldintzak bermatzea «ezinbestekoa» dela adierazi du.

«Edozein ostiral bezalakoa»

Berdintasun, Justizia eta Gizarte sailburuak espetxeen kudeaketaren eskualdatze «lasaia» espero duela esan zuen atzoko agerraldian, urriaren 1a «espetxeen eguneroko bizitzan beste edozein ostiral bezalakoa» izango dela azpimarratuta. Bestalde, sailburuak «esker ona» adierazi die espetxeetako langileei beren lanarengatik, eta baita «zigor penalak betetzen dituzten pertsonei askatasuna berriro aurkitzen laguntzeko eginiko ahaleginagatik» ere.

Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari Denis Itxaso ere Zaballan izan zen atzo, eta, Artolazabal bezala, itxaropentsu agertu zen datorren astean gauzatuko den transferentziari begira. Adierazi du «erabateko konfiantza» duela Jaurlaritzak egingo duen kudeaketan, eta ziur dagoela langileen baldintzak zehazteko sindikatuekin egiten ari diren bilerek irtenbide bat lortzeko balioko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.