Urte berria, bertze ahalegin bat

Hilaren bukaerarako Siriako gatazka konpontzeko elkarrizketa saio bat prestatzen ari da Errusia.

Damaskok emana du baiezkoa.

Mendebaldeak babestutako oposizioak asteburuan erabakiko du
Baxar al-Assad Siriako presidentea soldaduei bisitan, Urtezahar arratsean, Jubargo frontean (Damasko).
Baxar al-Assad Siriako presidentea soldaduei bisitan, Urtezahar arratsean, Jubargo frontean (Damasko). SANA / EFE

Mikel Rodriguez -

2015eko urtarrilak 3
Urtea hastearekin bat, Siriako gatazka konpontzeko bertze ahalegin diplomatiko bat gorpuzten ari da. Oraingoan, Moskun dauka jatorria. Aitzineko ahaleginek izan duten emaitza ikusita, oihartzun eta ilusio handirik sortu gabe atera da berria hedabideetara. Siriako Gobernuak Errusiakoari jada adierazia dio parte hartzeko asmoa. NBE Nazio Batuen Erakundeak ere oniritzia emana dio Kremlinaren planari. Mendebaldeak babestutako oposizioa da ogi gogorrena, aitzineko aldietan ere mesfidantza gehien agertu duena izan baita. NCSROF Siriako Iraultzaileen eta Oposizioaren Koalizio Nazionalak hiru eguneko bilera bat hasi zuen atzo Istanbulen, ateak itxita. Han erabakiko dute zer egin. Ingalaterratik jarduten duen Siriarako Giza Eskubideen Behatokiak 2014an gerran hildakoen zifra eman du: 76.021 lagun. Odoluste etengabe horri, gainera, Iraken sortutako gatazka gehitu behar zaio, eta, horrekin lotuta, EI Estatu Islamikoaren erabateko indartzea. Askatzeko mataza handiegia, itxura guztien arabera.

Errusiak hil honen bukaeran egin nahi du bilkura. Moskurentzat garaipen bat litzateke elkarrizketa prozesuak arrakasta balu; behintzat, alde guztiak mahai berean esertzea lortuko balu. Ukrainako gatazka dela-eta Mendebaldeak diplomatikoki bakartu nahi duenean, Sirian horrelako ahalegin bat gorpuztuta Errusiak erreferentzialtasuna lortuko luke nazioartean. Siriako Gobernuaren aliatua da Mosku, eta Baxar al-Assad presidentea iraganean baino jarrera hobean dago orain negoziazioetarako, militarki duela urtebete edo urte eta erdi baino azkarrago baitago.

Hain zuzen, hil honen bukaeran beteko da Geneva 2 deitu zioten konferentziaren urteurrena. Urtarril bukaerakoaz gain, bertze saio bat egin zuten otsailean, baina ez zuen emaitzarik eman. Hutsune anitz izan zituen. Gobernuko eta NCSROFeko ordezkariek erabateko mesfidantza erakutsi zuten elkarrekiko, eta bileretan zuzenean solas egiteari ere uko egin zioten; elkarrizketak Lakhdar Brahimi NBEren eta Arabiar Ligaren orduko mandatariaren bidez egin zituzten. Horrez gain, elkarrizketek hutsune handi bat izan zuten, kurduen PYD Batasun Demokratikoaren Alderdia ez baitzuten gonbidatu, nahiz eta kurduek kontrolpean hartutako eremuetan indar hegemonikoa izan. Hirugarren negoziazio saio baterako asmoa agertu bazuten ere, ez zen egin, eta Brahimik amore eman eta mandatari kargua utzi zuen maiatzean.

Urtebetean, gatazkaren testuingurua aldatu da. Irakeko gatazkak Siriakoarekin bat egin duela erran liteke, eta EI inoiz baino azkarragoa da. EIren erasoak, gainera, bertze eragile guztiek pairatu dituzte, hau da, armadak eta armadaren aurka borrokan ari diren bertze talde matxinoek. Horrekin batera, bertze eragile boteretsu bat jada zuzenean sartu da jokalekuan, AEBak udaz geroztik bonbardaketak egiten ari baitira Siriako lurretan, aliatu dituen herrialde arabiarrekin batera. Eta irailean EIk Kobaneren aurkako setioa hasi zuenetik, kurduek jada nazioarteak baztertu ezin duen erreferentzialtasuna lortu dute.

Osagai berri nagusi horiek, beraz, kontuan hartu beharko dira bertze elkarrizketa prozesu bat hasiko bada. Argitaratu den informazioaren arabera, Errusiak lehenik eta behin oposizioko kideak elkartu nahi ditu Moskun, horiek Siriako Gobernuarekin solasean hasi aitzinetik. Gonbidapenak ez dizkie erakundeei egin; horren ordez, norbanakoei bidali dizkie. Hala ere, oposizioko taldeetako buruzagiak dira anitz, beraz, argi dago bakoitzak bere erakundea ordezkatuko lukeela bileretan. Siriako Kurdistango Ara News agentziaren arabera, Errusiak ez du gonbidatu Anaia Musulmanetako ordezkari bakar bat ere. Gonbidatuen artean daude Hadi al-Bahra NCSROFeko presidentea —Istanbulgo bilkuran bertze presidente bat hautatzekoak dira— eta Moaz al-Khatib presidente ohia.

Al-Assaden etorkizuna

NCSROFek zer erantzunen zain, Al-Khatibek ez du eskaintza baztertu, baina mesfidati agertu da. «Ez dugu behar erregimenaren ikuspuntua indartuko duen konferentziarik», adierazi zuen herenegun. NCSROFen betiko aldarrikapen bat errepikatu zuen: akordio bat egotekotan, Al-Assadek boterea utzi beharko luke. Genevako lehenbiziko konferentziaren arabera (2012), egungo gobernuaren aldeko kideek eta oposizioko politikariek trantsiziorako gobernu bat osatu beharko lukete; konferentzia horretan Al-Assadi aipamen zuzena egitea saihestu zuten sinatzaileek, beraz, eztabaidagai nagusietako bat da oraindik ere.

NCSROFek atzerritik jarduten du, eta gobernuak beti paratu du zalantzan plataforma horrek Siria barnean duen sostengua. NCSROFen ingurukoez gain, Siria barnean jarduteko baimena duten oposizioko politikariak ere gonbidatu ditu Moskuk; eta, berrikuntza nagusia, Saleh Muslim Kurdistango PYDeko burua kontuan hartu dute lehenbiziko aldiz. NCSROFek gaur edo bihar eman beharreko erantzuna erabakigarria izanen da ahaleginak zer itxura hartuko duen ikusteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna