AHTak «ageriko aurkakotasuna» sortu duela aitortu du ministerioak

Iruñea eta 'Euskal Y'-a lotzeko proiektuak 7.000 alegazio jaso ditu, «inoizko kopururik handiena»

Abiadura handiko trenaren aurkako ekinbidea, Iruñean, urte hasieran. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
«Iruñea eta Euskal Y-a lotzeko edozein aukerak inguruko herritarren ageriko aurkakotasuna izango du». Jose Javier Izquierdo Espainiako Sustapen Ministerioko Azpiegitura idazkari nagusiak aitortu du «izugarria» izan dela lan horien txosten informatiboak jaso dituen alegazio kopurua: 7.000. «Espainiako Gobernuak herritarren ekarpenetara jarri dituen informazio txostenen historian alegazio gehien jaso duena izan da».

Hego Euskal Herrian abiadura handiko trenaren egoeraren berri eman zuen Izquierdok, atzo, Espainiako Kongresuan, EAJko diputatu Iñigo Barandiaranek galdetuta. Bertan ezagutarazi zuen Nafarroaren eta Euskal Y-aren arteko loturaren egoeraren berri. PP Espainiako Gobernuan zegoela mahai gainean bi aukera jarri zituen, urte hasieran: burdinbideak Ezkion elkartzea, edo Gasteizen. Orduko Sustapen ministro Iñigo de la Sernak argudiatu zuen beste aukera guztiak «egin ezinezkoak» zirela: arrazoi ekonomikoengatik, teknikoengatik, edota orografikoengatik.

Mahaian bi aukera jarri arren, Gasteizkoaren alde egin zuen De la Sernak. Bi aukeren artean luzeena zen, baina ingurumen kalte txikiena eragiten zuena zen, eta egiten merkeena. PSOEren gobernuko Azpiegitura idazkari nagusiak ez zuen aukera baten edo bestearen alde egin atzo, baina Gasteizko aukera egokiagoa dela iradoki zuen. Hiru aldagairen arteko oreka lortu beharko dela hausnartu zuen: lanen kostua, ingurumen eragina eta biderik azkarrena. Ordea, hirurak ez zituen maila berean jarri. Bidaiak «hamar minutu gehiago» irauteari garrantzia kendu zion, baina, aldi berean, nabarmendu zuen aztergai dituzten aukeren artean «alde ekonomiko handia» dagoela, eta horren garrantzia nabarmendu zuen.

Dena den, edozein aukerak izango duen «ageriko aurkakotasuna» dela eta, Izquierdok azpimarratu zuen «komenigarria» dela azken erabakia administrazioen artean adostea: Espainiako Gobernua, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza.

'Euskal Y'-a, 2023rako

Datarik eman ez zuen arren, Izquierdok berretsi zuen Sustapen Ministerioa lanean ari dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako AHTa aurreikusitako epean martxan egon dadin: 2023rako. Edonola ere, aitortu zuen «esku hartze izugarri konplexua» dela, eta inbertsio «oso handia» eskatzen duela. Halaber, gogora ekarri zuen zenbait zatitan arazoak daudela, bai Sustapen Ministerioak egiten duen zatian, bai Eusko Jaurlaritzaren ardurapean dagoenean. Batetik, Sustapen Ministerioaren ardurapean dagoen Bergarako lotunea egiteko kontratuak uda aurretik esleitu ziren. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak berriki eten du Hernani-Astigarraga zatia egiteko kontratua.

2023ko epea bete ahal izateko, hiriburuetako geltokien proiektuetan lanean ari direla berretsi zuen Espainiako Azpiegitura idazkari nagusiak. Bilbokoa aurreratuen dagoena dela gogorarazi zuen. Urrian ezagutarazi zuten konpromisoa ekarri zuen gogora: 2019ko martxoan proiektuaren txosten informatiboa herritarren ekarpenetara irekiko dute. Aurretik, txostenari buruzko gai tekniko batzuk lotu behar dituztela azaldu du, baita finantzaketaren banaketa zehaztu ere.

Gasteizko tren geltokia lurperatzeko proiektua prestatzen ari direla gaineratu zuen Izquierdok. Konponbide teknikoa «ia adostuta» dagoela argitu zion EAJko diputatuari, baina gaineratu zuen gaur egun udalak eman behar dien informazio baten zain daudela. Hori jasotzean txosten informatiboaren tramitazioa hasiko dutela iragarri zuen. Donostiako lanen egoerari buruz «beste mota bateko lanak» direla gogorarazi zuen, hirugarren haria jartzea kasurako, baina ez zuen horietan sakondu.

Azkenik, Gasteiz eta Burgos (Espainia) arteko zatiari dagokionez, 2023a baino geroago irekiko dutela iradoki zuen Izquierdok. Zati horren txosten informatiboa Trantsizio Ekologikoko Ministeriora bidali behar dutela azaldu zuen, ingurumen eraginari buruzko txostena egin dezan. Ahalik eta azkarrena egiteko asmoa dutela adierazi zuen, eta «aurki» egingo dutela iragarri. «Tramite asko falta zaizkio, arrazoiak arrazoi, aurreko etapa batzuetan ez zaiolako bultzada egokia eman».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.