Gazteluetako ikaslearen gurasoek zuzendaritza ikertzeko eskatu dute

Ikastetxeari diru laguntza publikoak kentzeko eskatuko du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean

Gaztelueta ikastetxearen irudi bat. LUIS TEJIDO / EFE.
Jon Rejado.
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Gazteluetako zuzendaritzak «delituak» egin dituela uste du eskola horretan sexu abusuak jasan zituen ikaslearen familiak. 11 urteko espetxe zigorra ezarri diote sexu abusu horiek egin zituen irakasleari, baina zentroko zuzendaritzak joan den ostegunean agerraldi bat egin zuen irakaslea defenditzeko; Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren epaia kritikatu zuen, eta biktimaren sinesgarritasuna auzitan jarri. Hori ikusita, gurasoek EAEko Fiskaltzari eskatu diote iker dezala aukerarik ba ote dagoen eskolako zuzendaritzaren aurka neurriak hartzeko.

Gurasoek eta abokatuak agerraldia egin zuten atzo, eskari hori aurkezteko. Areago, aitak, Juan Cuatrecasasek, iragarri zuen aztertzen ari direla auzitara jotzea. Aitaren ustez, Gazteluetako arduradunek «umiliatu» egin zuten semea. Epaiaren arabera, 2008an eta 2010ean jasan zituen abusuak. Aitak ohartarazi du arduradunen jokabideak «ondorio kalkulaezina duen aurrekari bat» ezarri duela. «Gazteluetak mugak gainditu ditu, biktimari eraso egin ez ezik pederasta bat defendatu ere egin baitu».

Bestalde, gurasoek Opus Deiri eskatu diote argitu dezala zer jarrera duen: Gazteluetako zuzendaritzak haren «onespenarekin» hitz egin ote zuen. Elizako erakunde horrek «datozen egunetan» kontrakorik esaten ez badu, familiak ulertuko du babestu egiten duela eskolako zuzendaritzaren jarrera. Bilboko gotzain Mario Izetaren jarrera ere kritikatu du ikaslearen aitak: salatu du auzia hasi zenetik jokabide «mespretxagarria» eduki duela.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari ere mintzatu zaio ikaslearen familia. Esku hartzeko eskatu dio, eta Gazteluetako ikastetxeko zuzendaritza taldearen dimisioa eskatu. Gurasoek aitortu dute Hezkuntza Sailak ez duela eskumenik gai horretan; ikastetxea pribatua denez, administrazioak ezin duela halako erabakirik hartu. Edonola ere, ikastetxe pribatuarekin sinatutako finantzaketa itunetan jarri dute arreta. «Diru laguntzak jaso dituztenek araudi bera bete dezatela exijitu daiteke, agian».

Eztabaida, legebiltzarrera

EH Bildu legebiltzar taldea gurasoen bide beretik mintzatu da, eta eztabaida Eusko Legebiltzarrera eramango du. Elkarrekin Podemosek proposamen bat aurkeztua zuen adingabeen aurkako sexu abusuei buruz; EH Bilduk ekinbide horri zuzenketak aurkeztu dizkio. Horien bitartez, batetik, Hezkuntza Sailari galdegin dio Gaztelueta ikastetxeari diru laguntza publikoa «berehala» kentzea. Bestetik, proposatu du Eusko Jaurlaritzak akusazio partikular gisa neurriak har ditzala Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan sexu erasoak salatzen direnean.

Azkenik, EH Bilduk eskatu du Eusko Legebiltzarrak gaitzets ditzala Gazteluetako zuzendariaren hitzak, eta babesa adieraz diezaiola abusuak jasan zituen ikasleari. Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak nabarmendu du Gazteluetako zuzendariak esandakoak «deitoragarriak, umiliagarriak eta iraingarriak» direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.