Beste sakrifizio bat Atenasko aldarean

Tsiprasek pentsio eta zerga erreformak onartu ditu, eta Eurotaldeak epe motz, ertain eta luzeko zorra arintzea aztertuko duela agindu du

Alexis Tsipras lehen ministroa eta Panos Kamenos Defentsa ministroa, domekan, Greziako Parlamentuan. P. SAITAS / EFE.
Jon Fernandez.
2016ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Grezia klasikoan ohitura zen, Jainkoei eskerrak emateko nahiz eskariak egiteko, etxe abereak hiltzea aldare batean. Ahuntza, ardia edo txerria sakrifika zitekeen eskari arruntetarako, baina erregu garrantzitsuetarako idiak erabiltzen zituzten. Fedez baino gehiago, halabeharrez egin du sakrifizioa —beste bat— Alexis Tsiprasen gobernuak, hirugarren erreskatearen hurrengo zatia kobratzeko. Idiaren sakrifizioa egin du, gainera, pentsioetan sartu baititu artaziak, eta zergak igo.

Domekan onartu zituzten erreformak parlamentuan, soilik gobernu koalizioaren botoekin eta protestak atarian zituztela, eta Eurotaldeak atzo egin zuen bilera. Sakrifizioen trukean zorraren kita baten inguruko akordioa lortu nahi zuen Tsiprasek, baina Alemaniak gidatutako herrialde kritikoen taldeak berehala itzali zien atzo esperantza. Alexander Stubb Finlandiako finantza ministroak argi esan zuen: «Zorraren kita ez dago mahai gainean. Zorraren ordainketa epeen luzapenaz edo interesaz berba egin dezakegu. Baina ez espero miraririk». Halere, datozen asteetan epe motzeko, ertaineko eta luzeko zorra arintzeko eztabaida teknikoak egitea adostu zuten bileran, eta Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko buruak espero du ituna finantza ministroen hurrengo bileran lortzea, maiatzaren 24an.

Zorraren kitaren inguruan dago, hain zuzen, Greziaren erreskatearen inguruko borroka nagusia une honetan. Tsiprasentzat erreformak eta murrizketak justifikatzeko beharrezko garaipena litzateke zor publikoaren kita bat lortzea. Dagoeneko BPGaren %177 da zorra, eta ustekabeko laguna atera zaio bataila horretan Atenasi: Christine Lagarde NDF Nazioarteko Diru Funtseko presidentea.

Hirugarren erreskatearen baldintzak ezartzeko negoziazioetan parte hartu zuen NDFk iazko udan, baina ez zuen dirurik jarri, ez zelako fio. 86.000 milioi euro jarri zuten EBko herrialdeek ESM erreskate funtsaren bidez, eta oraingoz behintzat ez daude prest zorrik barkatzeko Greziari, hartzekodun nagusiak EBko estatuak baitira, bereziki Alemania. Zorren ordainketa arintzeko neurriak eztabaidatzeko prest legoke Berlin, ez kita bat egiteko ordea. Baina horixe da NDFk ere dirua jartzeko ipinitako baldintza. Zail dago zirkuluaren laukitzea.

Bestalde, Eurotaldeak ontzat eman zituen Greziaren azken erreforma, eta datozen egunetan erreskatearen lehen azterketa gainditutzat emateko itun teknikoa lortzea espero du. Azken erreformekin Atenasek urtean 5.400 milioi euro aurreztuko ditu, baina NDFk uste du ez dela nahikoa izango 2018an BPGaren %3,5eko superabit primarioa lortzeko.

Erreformen oniritzia berehala jaso beharra du Greziak, ESMtik hurrengo diru laguntza eskuratzeko: 5.200 milioi euro. Izan ere, uztailean 2.300 milioiko zorrak ordaindu behar ditu. Eta laguntza jaso ezean ez luke zelan pagatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.