Mikel Martiarena. Dorrea gaztandegia

«Artzainak etorkizuna lantzen egotea berme bat da guretzat»

IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
1984an Basaburuko ibarrean (Nafarroa) sortutako gaztandegiak gaur egun 170 artzainen esnea biltzen du. Idiazabal jatorri izeneko gaztaren ekoizle nagusia da. Urtean 400.000 kilo gazta ekoizten du, eta hamazazpi laguni ematen die lana. Mikel Martiarena gaztandegiko ordezkariaren arabera, artzain guztiekin egiten dituzte kontratuak. «Hori da sektorearen eboluzio bat, onerako».

Nola funtzionatzen dute kontratuek?

Erregulazio bat dago, artzainek esnea saltzen dutenean administrazioak kontrolpean dauka; bestela, legez kanpokoa litzateke. Horregatik, bi hilabete lehenago, eskaintza bat egin behar da, eta adostu behar dira prezioak eta baldintzak. Hori guztia kontratu batean sinatzen da.

Esne Latxa kooperatibarekin sinatutako kontratuak zer esan nahi du?

Gizarteari helarazi behar diogu, gure lurrarekin konpromisoa badugu, bertako produktuak kontsumitu behar direla. Artzainekin konpromisoa badugu, eta artzainen bizimodua errespetatzea eta luzaro jarraitzea nahi badugu, jakin behar dugu zer dagoen gure esku: gazta horiek kontsumitzea. Adierazten du gaur egun dagoen elkarlan filosofia hori, bai artzainak, bai gaztandegiak, bai tarteko bestelako aktoreak: administrazioa, laborategiak...

Zein da laborategien funtzioa?

Kalitatea bermatzen dute. Figura oso kuriosoa da. Laborategia epaile bat bezalakoa da. Artzainei hartzen zaien esnea hara eramaten da, eta esaten du kalitatez ondo edo gaizki dauden, zer balio duten, zenbat proteina eta gantz duen... Horren arabera ordaintzen zaio artzainari: litro bat euro batean edo 95 zentimoan.

Kontratuen erreferentzia horrek nola eragiten dizue?

Artzainak beraien etorkizuna lantzen egotea eta antolatzen egotea etorkizunerako berme bat da guretzat. Krisi garai bat egon da, eta artzainak desagertzen ari ziren. Orain, adibidez, Nafarroan 35 berri daude, baina garai bat zegoen artzain guztiak herriko gizon zaharrak zirela. Ekoizle guztiak desagertzen ari ziren. Euskal Herrian, lehen sektorea bakar-bakarrik uzten baduzu, desagertzera doa.

Buelta ematen ari zaio egoerari?

Idiazabal jatorri izeneko ekoizlerik handienak gara, baina, adibidez, Eroski azken urte honetan egon da artzain gaztagile pila baten hornikuntza sisteman sartzen. Aukera gehiago dago. Gaztagile txiki gehiago daude. Kalitate handiagoko gaztak etorkizuna duela ematen du, eta hori guretzat ona da. Ez da lehia kontua, etorkizuna ematen baitio sektoreari.

Zer mezu emango zenioke kontsumitzaileari?

Azkenean hori da dena. Mundu globalizatu honetan, kontsumitzaileak badaki zein den bere indarra. Gure erosketako aukera hori ia-ia gure militantzia erakusteko aukera bakarra da. Txarra balitz, baina mundu guztiak dio Idiazabal gazta ona dela. Erosten duzuenean, pentsatu hori: erosi bertako produktuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.