Beste mirari baten peskizan

Gorritxoek sasoi-aurre kaxkarra osatu dute, zazpi partidatik bost galduta. Igoerak ekarritako ilusioak bere hartan segitzen du. Gaur hasiko du liga Osasunak, Malagan.

enaut agirrebengoa
Iruñea
2016ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Gorritxoek denboraldi-aurre nahiko kaxkarra osatu dute, zazpi partidatik bost galduta. Igoerak ekarritako ilusioak, dena den, bere hartan segitzen du. Ez da gutxiagorako, bere historiako garairik latzenetarikoak igaro ostean goi mailara itzuli baita Osasuna.

Ataka estuan izan zen. 2.B Mailara jaistear zenean. Desagertzear. Baina ez zuen amore eman. Nortasunez, aurrera ateratzea lortu zuen azken jardunaldiko azken minutuan. Miraria izan zen 2014-2015eko denboraldian talde nafarrak mailari eustea. Miraria izan zenez iragan sasoian igoera lortzea. Etxeko jokalarien aldeko apustua ardatz harturik, liga seigarren bukatu zuten gorritxoek, eta kanporaketetan erakustaldia emanda balentria lortu. Horrela, bada, hastear den denboraldian berriz ere goi mailan arituko dira. Ilusioz gainezka, eta esku artean erronka galanta dutela: onenen artean irautea, hain zuzen.

Iragan hurbileko lorpenek hauspotuta, gandorra tente dute nafarrek. Haatik, zail, oso zail izango dute mailari eustea. Aurten ere, ziurrenik, mirari baten beharrean izanen dira. Kategoriako talderik ahulenetariko bat da Osasuna. Edo, menturaz, ahulena. Teorian, iragan urtean jaitsieraren lehian aritu ziren taldeak gainetik ditu. Baita Bigarren Mailatik datozen Alaves eta Leganes ere. Azken batean, ez da ahaztu behar Bigarren Mailan seigarren izatetik datorrela talde gorritxoa. Azkenekoz Cordoba igo zen nafarren baldintza berean.

Sasoi-aurrean lortutako emaitzek ere ez dute baikor izateko motibo handirik ematen. Balantzea oso da eskasa: zazpi partidatan, bost porrot eta berdinketa eta garaipen bana. Zernahi ere, emaitza horiei ez zaie duten garrantzia baino handiagoa eman behar. Finean, lagunartekoak dira, bizitasun aldetik ez dute ligako neurketekin zerikusirik. Nafarrentzat,benetako lehia Malagan hasten da, gaur gauean.

Sei aurpegi berri, oraingoz

Taldea sendotzeko, sei jokalari fitxatu dituzte. Horietako hiru Mikel Merinok utzitako zuloa betetzera etorri dira: Goran Causic, Fausto Tienza eta Fran Merida. Beste hirurak Juan Fuentes defentsa, Jaime Romero hegalekoa eta Oriol Riera aurrelaria dira. Merkatua itxi artean jokalari gehiago fitxatzen saiatuko dira, euskarria eta aurrealdea indartzen saiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.