Katalunia

Tentsioari eusteko ahaleginean

«Behar dena» jasateko prest dago Puigdemont. CDRk hainbat errepide moztu dituzte protesta gisa. Espetxeratuen eskubide politikoak bermatzeko neurriak eskatuko dituzte, gaur, parlamentuan

CDR Errepublikaren Aldeko Batzordeek AP-7 autobidea moztu zuten Figueres parean (Girona), eta tentsio uneak izan ziren mossoekin. ROBIN TOWNSED / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Jaume Alonso Cuevillas bere abokatuaren ahotik helarazi zuen mezua, atzo, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak, Neumuensterreko kartzelatik (Alemania): «Behar dena jasateko prest nago». Kataluniako prozesu subiranistaren harira Espainiako Auzitegi Gorenak agindutako espetxealdiak eta euroaginduak gogoan, mobilizazio «baketsuetara» deitu zituen Kataluniako herritarrak, eta horiek urrikoak eta azarokoak bezain masiboak izaten ari ez diren arren, CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeek hainbat errepide moztu zituzten, atzo, egun osoan, eta ekintzak ere egin zituzten. Mossos d'Esquadra horietako batzuetan oldartu zitzaien parte hartzaileei. CUPek berretsi zuen, bezperan JxC Junts Per Catalunyak egin bezala, Puigdemont inbestitu nahi duela, eta nabarmendu, «politikoki zein pertsonalki», Espainiako Estatuaren «errepresioa» jasateko prest dagoela. ERCk ere mobilizazioak babesten ditu, baina beste bi indar subiranistengandik urrundu zen berriro, eta adierazi «lehenbailehen» osatu beharra dagoela «mundu guztiarentzako» lan egingo duen gobernu bat. Azken egunetako gertakariek balio izan dute prozesuari bultzada berri bat emateko, eta subiranistak Espainiako Estatuak planteaturiko konfrontazioari eusteko ahaleginari eusten diote. Bide batez, dozena bat pasa eragilek, ANC Biltzar Nazionalak Katalanak eta Omnium Culturalek tartean, apirilaren 15erako manifestazio batera deitu dute Bartzelonan. Behin-behineko espetxealdiak, behartutako erbesteratzeak eta askatasunen murrizketak salatzea izango du helburu.

Gaur, gainera, osoko bilkura dira egitekoak Kataluniako Parlamentuan (10:00), eta bost ebazpen proposamen eztabaidatuko eta bozkatuko dituzte. Horietako bi batera aurkeztu dituzte JxCk, ERC eta CUPek. Espetxeratuen «eskubide politikoak bermatzeko» neurriak har daitezela eskatuko dute proposamen batean; eta bigarrenean, NBEren Giza Eskubideen Batzordeak Jordi Sanchez presidentegai zenak jarritako helegiteari ezarritako kautelazko neurriak bete daitezela. Izan ere, horiek ohartarazten diote Espainiako Estatuari JxCko diputatuaren oinarrizko eskubideak bermatzea dagokiola.

Estradizioa ukatzeaz

Atzoko egunak eman zuen besterik. Puigdemont behin-behinean kartzelan dago, Schleswig-Holstein landerreko fiskaltzak Espainiako Estatuak egindako estradizio eskaera aztertzen duen bitartean. Fiskaltzaren beraren esanetan, egun batzuk beharko dituzte horretarako. Bien bitartean, lander horretako Auzitegi Nagusiak edozein unetan dei dezake Puigdemont galdekatua izateko, eta aske utz dezake kautelazko neurriak jarrita, edo espetxean mantendu auzia argitu bitartean.

Alemaniako eta Europako justizian «konfiantza handia» dutela nabarmendu zuen Alonso Cuevillas abokatuak, Puigdemontekin kartzelan hitz egin eta gero. Presidente ohia zer moduz dagoen galdetu zioten, eta erantzun zuen «bikain» dagoela eta «behar dena» jasateko prest dagoela. Mezu baikorra zabaldu zuen Puigdemonten abokatuak.

Itxaropen hori elikatzen du, gainera, herenegun presidentea zena galdekatu eta kartzelan mantendu zuen lehen auzialdiko epailearen autoak. DPA Alemaniako berri agentziak argitaratu zuen, eta, horren arabera, fiskaltzak estradizio eskaera «ukatu» dezake. Alemaniako hedabide batzuek kaleratutakoaren arabera, aukeretako bat litzateke Puigdemont estraditatzea, baina soilik diru publikoaren erabilera okerraren delitua egotzita. Eta inondik ere ez da hori Espainiako Gobernuak nahi duena. Hala gertatuko balitz, soilik delitu horrengatik epaituko lukete Espainian, matxinada alboratuta.

Baina Puigdemonten ingurukoak bezain baikor mintzatzen ari dira, publikoki, Espainiako Gobernuko kideak. Iñigo Mendez de Vigo bozeramailearen esanetan, «ohiko araua» betetzea litzateke estradizioa onartzea. «Alemania izan zen iaz estradizio gehien onartu zuena herrialdea», gehitu zuen.

Alemanian ez, Eskozian dago Clara Ponsati Kataluniako Gobernuko kontseilari ohia, eta, haren kontrako euroagindua dela medio, gaur da deklaratzekoa Edinburgoko Polizia komisaria batean, lehen auzialdiko epaile baten aurrean. Hango justiziak estradizioaz erabaki bitartean, kautelazko neurriak ezartzen dizkion erabakiko du. Haren abokatuak adierazi du ataka zailean dagoela Ponsati. Kontseilari ohiaren kontrako euroagindua dela eta, Eskoziako Gobernua Espainiakoak Eskozian duen enbaxadoreari kexatu zitzaion. Azpimarratu du, halere, gobernuak Eskoziako Justiziaren erabakia errespetatuko duela.

Llarenaren erabakia

Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak haien kontrako kausan pertsonatzeko baimena eman die Puigdemonti, Ponsatiri eta Lluis Puig kontseilari ohiari. Joan den martxoaren 20an eskatu zuten, baina orduan ukatu egin zien eskaera Llarenak, argudiatuz ez zutela haren aurrean deklaratu. Baina euroaginduen ondoren iritziz aldatu du. Horrek esan nahi du auzipetze autoen eta euroaginduen kontrako helegitea jarri ahal izango dutela. Puigdemontek, hortaz, oraingoz ez du diputatu akta galduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.