CAF 3.000 milioi euroko kontratu baten lehian sartu da

Londres eta Ingalaterra iparraldeko hiriak lotuko dituen HS2 abiadura handiko linea 54 trenez hornitzeko hautagaia da. Galesen egingo lituzke, uda ostean irekiko duen lantegian. Bideoa, albistearen amaieran.

CAFen Oaris abiadura handiko tren bat, probak egiten.
CAFen Oaris abiadura handiko tren bat, probak egiten. CAF

Iker Aranburu -

2018ko uztailak 5

Autobus elektrikoen sektorean apustu handia egin eta biharamunean, oraingoz bere jokaleku nagusia trenak direla gogorarazi du CAFek. Kontratu mardul baterako lehian sartu da, Londres eta Ingalaterra erdialdeko eta iparraldeko hiriak lotuko dituen HS2 abiadura handiko trenbiderako trenak egiteko. 54 tren hornitzeko lehiaketa irabaziz gero, 3.100 milioi eurotik gora lor ditzake, eta %50 handituko luke gaur egun duen eskarien zorroa. Konparaziorako, iaz Espainiako Renfek Talgori emandako kontratua 1.400 milioi eurokoa izan zen.

CAFek atzo jaso zuen HS2rako trenak hornitzeko gonbidapena. AHT horrek Ingalaterrako hiri nagusiak elkartuko ditu. Lehen fasean, Londres eta Birmingham lotu nahi dituzte (2026rako); bigarrenean, Birminghametik bi adar eraikiko dituzte, bata Manchesterrera eta bestea, 2033rako, Yorkshireko hiri nagusietara (Sheffield, Leeds, York).

HS2 Ingalaterrako eta Erresuma Batuko bigarren AHTa izango da. Bestea Eurostar trenak erabiltzen duena da, Londres Parisekin eta Bruselarekin lotzen duena.

HS2aren aurkako protesta mugimendu bat sortu da, bai ekologistena, baita zeharkatu behar dituen herrietan ere. Aurkakoek diote ez dela beharrezkoa —trenbide sare zabala du Erresuma Batuak—, garestia dela —62.000 milioi euro—, eta kalte handiak egingo dizkiola ingurumenari.

CAFekin batera beste lau konpainia lehiatuko dira kontratua lortzeko: Talgo espainiarra, Bombardier-Hitachi, Siemens alemaniarra eta Alstom frantziarra. Azken horiek bat egiteko prozesuan daudenez, eta Bombardier kanadarrak eta Hitachi japoniarrak eskaintza bateratua egitea erabaki dutenez, HS2 Ltd enpresak CAF sartu du berriro lehian.

Kontratua lortuz gero, CAFek ez lituzke trenak Beasaingo eta Irungo lantegietan egingo, Galesen baizik. Gaur egun fabrika bat eraikitzen ari da Newport hirian. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria datorren astean da hara joatekoa. Lantegia uda ondoren ireki nahi dute, eta han egingo dituzte azken urteetan CAFek Erresuma Batuan lortutako kontratu mamitsuetarako trenak. Kontratu horietako azkena duela hilabete eskuratu zuen, Wales and Borders frankiziarentzat 70 tren egitekoa.

CAFek Oaris trenarekin hartuko du parte lehiaketan, Richard Garner CAF UK adarreko zuzendariak baieztatu duenez. «Abiadura handiko gure Oaris trenek abiadura, erosotasun eta segurtasun maila handienetan bidaia egiteko eskain daitekeen teknologiarik aurreratuena erabiltzen dute, eta, gainera, bizi garen munduan horren beharrezkoa den konektagarritasun digitala eskaintzen dute», azaldu du, ohar baten bidez.

Oaris: arrakasta handirik ez

Bada urte batzuk Oaris modeloa prest duela CAFek, baina bakarra saltzea lortu du, 2015. urtean. Oslo eta Gardemoen aireportua lotzeko zortzi tren eskatu zizkion Flytoget konpainiak. Tren horiek probatzen ari dira orain, eta urtea amaitu aurretik hasi beharko lukete funtzionamenduan.

CAFek kontratua ez lortuta ere, baliteke gastuaren zati bat Euskal Herrian egitea. Izan ere, Talgok Erriberabeitian (Araba) duen lantegian egiten ditu bagoiak. Bombardierrek, berriz, motorrak egiten ditu Trapagaranen (Bizkaia).

Trenen sektoretik autobus elektrikoen sektorera ere zabaldu nahian dabil CAF. Ildo horretatik oso urrats garrantzitsua egin zuen asteartean, Poloniako Solaris enpresa erosita. Europa erdialdean eta ekialdean indar handia duen enpresa da Solaris, eta, haren eta Vectia fillialaren bidez, aurrez aurre lehiatu ahal izango da Goierriko bere bizilagunarekin, Ormaiztegiko Irizarrekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Aranburu

Informazio osagarria