Kataluniako prozesu subiranista. Greba orokorra

Bide mozketak, bidea aurkitu nahian

Greba orokorrak Katalunia mobilizatu du berriz ere eskubide politiko, zibil eta lan eskubideen defentsan. Deitzaileen arabera, «azken hamabost urteotako handienetan bigarrena» izan da.

Mossoak grebalariak errepidetik kentzen, atzo goizean, Bartzelonako Gran Vian. TONI ALBIR / EFE.
Gaizka Azketa
Bartzelona
2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Eguzkia ez da oraindik atera katalanek errepideak mozteari ekin diotenean. Hasi da greba orokorra. Ofizialki, Intersindical-CSC sindikatuak deitu du grebara; besteak beste, Espainiako Gobernuaren lan erreforma indargabetzeko, 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatzeko eta lanpostuetan genero berdintasuna aldarrikatzeko. Dozena bat lekutan moztu dituzte goizean goizetik autobide eta errepide nagusiak. Batzuk gurpil erreekin, beste batzuk harri eta adarrekin eta, gehienetan, grebalariek tokian bertan eutsiz, zutik zein asfaltoan eserita. Errepideak mozteko erak adina arrazoi ematen ditu grebarako kalera atera den jendeak: presoen askatasuna, independentzia, lan eskubideak, langileen potentzialaren aldarria, errepresioa... Hasi da eguzkia irteten eta, harekin batera, Bartzelonara heldu da greba.

Gosariak antolatu dituzte auzoz auzo greba batzordeek, 07:00etan gehienak. Gosaria bukatu, eta berehala hiriko errepideak hartzen hasi dira grebalariak. Ramon Llul eskola izan zen 2017ko urriaren 1eko erreferendumean Poliziaren errepresioa jaso zutenetako bat, eta horren aurrean geratzen den errepidean egin du eserialdia auzoko piketeak, adin guztietako jendez osatutakoak. Mossoak heltzean identifikazio eta isunekin mehatxatu dituzte, baina auzokideak ez dira lekutik mugitu.

Horietako bat da 32 urte dituen Mari Carmen Fernandez. Haren ustez, «errepresioaren aurrean greba honek normala ez den egoera ikusarazteko balio behar du». Langileen tresna «legitimoa» dela dio, eta hark helburutzat «Herrialde Katalan independente, feminista eta sozialistak» ditu. Ez da ausartzen etorkizunaren inguruan suposizioak egitera, eta autokritika egiten du: «Egunero borrokan ari zarenean, oso erraza da norabidea galtzea».

Ordu erdi inguru pasatuta mugitzea erabaki du greba batzordeak, eta inguruko kale eta komertzioetan informazioa banatzen hasi da, gehiena ezker independentistaren Alcem-nos kanpainarekin sinatuta. Marta Martinezek 46 urte ditu, eta hala azaldu du auzoetako grebari begirako antolakuntza: «Kaleko mugimenduari dagokionez, ezker independentista ezin zen besoak gurutzaturik geratu epaiketaren testuinguruan, eta Alcem-nos kanpaina aurkeztu zuen, epaiketen hasiera datatik abiatuta mobilizazioak bultzatuz. Horren ondoren, hainbat sindikatu, eragile eta Errepublikaren defentsarako batzordeen [CDRen] deialdiak heldu ziren. Gaurkoan, CDRek garrantzi berezia hartzen dute». Martinezen esanetan, erreferendumean egindako «desobedientzia ariketa» errepikatu beharko balute, «herriak erantzungo luke». «Zorabiatuko gaituzte, Kataluniatik zein Espainiatik gezurrak esanen dizkigute, baina argi dut borroka ez dela amaituko».

11:00etan CDRen zutabeak Urkinaona Plazan batu, eta Laietana Kalea hartu dute milaka pertsonak, 12:00etan Unibertsitate Plazara heldu eta handik manifestazio bateratua hasteko. CUP alderdiko Maria Sirvent diputatuak Kataluniako Gobernu «eraginkorra» kritikatu du han: «Gobernu eraginkorrak greba kriminalizatu eta erreprimitu du gaurkoan. Barne Kontseilaritzaren agindupean aritu dira mossoak, eta, oraingoz, bost pertsona atxilotu dituzte» —lau lagun atxilotu zituztela esan zuen Babes Zibilak eguna amaitzean—.

Unibertsitate Plazara bidean, hainbat eraikinen aurka egin dute manifestariek, besteak beste margoz betetako arrautzak jaurtiz: CCOO sindikatuaren egoitza, Espainiako Poliziaren kuartela, Zara, Starbucks eta beste hainbat. Handik aurrera, ezinezkoa izan da manifestazioaren hasiera eta bukaera ikustea, milaka eta milaka izan baitira batu direnak.

Manifestazioaren kontrako norabidean ari da ibiltzen 54 urte dituen Laura Palmera: «Erosketak egiteko baliatu dut eguna, pentsatu dut dendak hustuagoak izanen zirela». Palmeraren ustez, jendeari «gehiegi eskatu zaio» Kataluniako independentzia prozesuarekin. Harentzat, «gero eta eskasagoa da independentziaren aldeko mobilizazioetan parte hartzen duen jende kopurua».

Roger Montblancek 22 urte ditu, eta manifestazioarekin batera doa: «Nire ustez, ez dago nahiko indar korrelazio gaurko grebarekin lorpen errealak lortzeko. Hala ere, uste dut badirela grebak eraginkorrak izateko planteamendu posibleak gaurko testuinguruan. Esate baterako, alderdi kapitalistei itxoin gabe langileriak aldaketa soziala planteatuz; langileriaren antolakuntza gero eta handiagoa den heinean izanen baita, nire ustez, independentzia posibleagoa».

Goizari amaiera emateko, Rodalies zerbitzu publikoaren trenbideak moztu dituzte manifestari gazteenek. Geltoki barruan eta kanpoan tentsio handiko egoerak izan dira mossoekin, eta hainbat gaztek borra kolpeak jaso dituzte. Geltokira geroz eta jende gehiago sartzen ari zela ikusita, mossoek alde egin dute, eta trenbideetara itzuli dira manifestariak.

Arratsaldean, hiriburuetako manifestazioekin bukatu da greba eguna. Bartzelonan, Gracia pasealekua bete dute milaka eta milaka manifestarik, Eskubiderik gabe ez dago askatasunik lelopean. Grebaren deitzaileak, Intersindical-CSCk, ohar batean esan du «azken hamabost urteotako greba handienetan bigarrena» izan dela, 2017ko urriaren 3koaren ondoren. Hau da, katalanek erreferendumaren ondorengo bideari ekin ziotenetik.

Prozesuari buruz bi begirada

Disidentzia politikoaren kontrako epaiketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.