NUPen abian da Medikuntza

Gobernuaren baimena lortuta, bihar zabalduko dute matrikula epea. Urtean 60 ikasle hartuko dituzte, eta gaztelaniaz emango dituzte eskolak

Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Artxiboko irudia. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Medikuntza unibertsitate publikoan ikasi ahalko da Nafarroan. Nafarroako Gobernuak hilabeteetako prozedura amaitu zuen atzo, ikasketak eskaintzeko baimena emanda. Gobernuko laukoaren akordio programatikoan zegoen Medikuntza gradua NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan emateko erabakia, eta Maria Solana Hezkuntza kontseilariak nabarmendu du agintaldiko lana «burutu» dutela azken erabakiarekin. Irailean bertan hasiko dira ikasketak ematen, eta izena emateko epea bihar irekiko dute.

Gaur-gaurkoz, Medikuntzako gradua unibertsitate pribatuan soilik ikas liteke Nafarroan, Opusen unibertsitatean. Ikasketa horiek euskaraz egitekotan, berriz, EHU Euskal Herriko Unibertsitatera joan behar dute Nafarroako ikasleek. Aurrerantzean ere bai: gaztelaniaz emango dute Medikuntzako gradua NUPen. Urtean 60 ikasle hartuko dituzte.

Irailean hasiko dira ikasketak ematen, eta, beraz, izena emateko garaia berehala zabalduko dute: bihar bertan. Datorren asteko ostiralera arte egongo da irekita. Izatez, NUPek webgunean jarria du gradu berriaren inguruko informazioa. Besteak beste, zehaztu dute zer ikasgai izango dituzten lehen ikasturtean, eta zein izango diren irakasleak —Osasunbideko medikuak daude tartean—.

Sei ikasturteko karrera da Medikuntza. Prezioei dagokienez, NUPen lehengo ikasturtean 1.380 euro pagatu beharko dute ikasleek —ikasturteko 60 kredituak kontuan hartuta—. EHUn merkeagoa da matrikula: 1.190 euro. Kontuan izatekoa da lehen aldiari dagozkiola prezio horiek; NUPen, ikasgaia gainditu ezean, bikoiztu egiten da haren prezioa.

Gobernuak esan du unibertsitate publikoan Medikuntza emateak osasun zerbitzua hobetzeko bidea jarriko duela, eta bultzada izango dela osasun ikerketan. «Ezagutza sortuko da, eta ospitaleko jarduna irakasletzarekin eta ikerketarekin batzen duten profesionalen bidea bultzatuko da».

Lehenbiziko bi ikasturteetan, behin-behineko eraikin batean emango dituzte ikasketak, Osasun Zientzien Fakultatean. Nolanahi ere, prozesua martxan jarri dute behin betiko eraikin bat egiteko. Gobernuak adierazi du aztertzen ari direla eraikinak zer ezaugarri eduki beharko dituen.

Izena emateko epea bihar irekiko dute, eta, hain justu, selektibitateko emaitzen berri atzo eman zuen NUPek: %97k gainditu dute —euskaraz egin dutenen kasuan, %99k—. EHUk gaur emango ditu emaitzak. Selektibitateak unibertsitatera sartzeko notaren %40 balio du; Batxilergoko notak,%60.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.