Preso katalanak behin-behinean aske uztea baztertu du Gorenak

Bederatzi buruzagi subiranistak Kataluniako kartzeletara eramatea baimendu dute magistratuek

Manuel Marchena epaimahaiburua, joan den ekainaren 12an. EMILIO NARANJO / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak muzin egin dio defentsen eskaerari, eta baztertu egin du epaia kaleratu bitartean behin-behinean aske uztea Kataluniako prozesu subiranista dela-eta epaitutako buruzagi independentistak. Epaimahaiko magistratuek bat egin dute fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak azken egunetan plazaratutako iritziarekin, eta iruditzen zaie ez dagoela «berehalako arrazoirik» presoei ezarritako behin-behineko kautelazko neurriak aldatzeko. Hori bai, baimena eman dute kartzelatutako bederatzi politikariak Kataluniako kartzeletara lekualdatzeko.

Ez dute zehaztu noiz, baina Lledoners espetxera, Bagesera (Bartzelona) eramango dituzte Oriol Junqueras, Raul Romeva, Joaquim Forn, Jordi Sanchez, Jordi Turull, Josep Rull eta Jordi Cuixart; El Catllarreko (Tarragona) Mas d'Enric espetxera lekualdatuko dute Carme Forcadell, eta Figueresko (Girona) Puig de les Bessesera eramango dute Dolors Bassa

Gorenak atzo kaleratutako autoaren arabera, epaia kaleratu bitartean prozesua «babesteko beharra» dago. Hori da behin-behinean aske ez uzteko arrazoietako bat. Junquerasenak eta Romevarenak izan ezik —abokatu bera dute—, beste defentsa guztiek egin zioten eskaera Gorenari. Abokatuek argudio gisa erabili dute NBE Nazio Batuen Erakundearen Atxiloketa Arbitrarioaren Lantaldeak joan den maiatzaren 29an kaleratutako txostena. Lantaldeak Espainiako Gobernuari eskatu zion aske uzteko Junqueras, Sanchez eta Cuixart, iritzita «arbitrarioa» dela preso horiek espetxeratzea. Gorenak aitortzen du gisa horretako erakundeen «eragina», baina deliberatu du eskatutakoa «loteslea» ez dela. Eta atzoko autoa baliatu zuen NBEren lantaldeari belarrietatik tira egiteko. «[...] ebazpen horrek gobernuari eskatzen dio beharrezko neurriak hartzeko. Horrek esan nahi du ez dutela kontuan hartu zuzenbide estatuen oinarrietako bat, zeinak eragotzi egiten duen botere exekutiboak aginduak ematea justizia auzitegiei».

Epaiketa joan den ekainaren 12an bukatu zen; lau hilabete iraun du. Presoei dagokienez, Sanchez eta Cuixart 2017ko urriaren 16an kartzelatu zituzten; Junqueras eta Forn, 2017ko azaroaren 2an; eta gainontzekoak, 2018ko martxoaren 23an.

Artur Mas eta JxC

Datorren urteko otsailean bukatuko da A-9 auziagatik Artur Masi ezarritako inhabilitazioa. Eta Generalitateko presidente izan zenak ez du baztertzen berriro Kataluniako Gobernurako hautagai izatea. Hala adierazi zuen atzo, Catalunya Radion. Convergent-en espazio berria JxCren bueltan antolatzearen alde mintzatu zen, eta epaiaren ondoren bozetara deitzearen kontra dago, uste baitu horrek arriskuan jarriko lukeela gehiengo independentista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.