Iran itun nuklearretik ateratzeko bozketa egiteko eskatu dute

Iranek presio egin die Europako potentziei 2015eko ituna bete eta zigorrak baztertzeko

Irango Parlamentua, iragan abenduan egindako saio batean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Atzo, legegile talde batek Irango Parlamentuari eskatu zion eztabaidatzeko arma nuklearren erabilera kontrolatzen duen itunetik ateratzeko mozioa, eta kolokan jarri du 1970ean sinatutako Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna; ez dute zehaztu noiz egingo litzatekeen mozioaren bozketa.

Modu horretan, Iranek presio egiten die Europako potentziei 2015ean izenpetu zuten itun atomikoa betetzeko, eta bertan behera uzteko sinatzaileen arteko eztabaidak konpontzeko martxan jarritako mekanismoa. 2015ean, Iranek eta munduko beste sei potentziak —AEBak, Errusia, Txina, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemania— sinatutako akordioak murrizketak ezarri zizkion Irango gaitasun nuklearrari, nazioarteko zigorrak kentzearen truke. Iran, baina, hitzarmena progresiboki utziz joan da —AEBek 2018ko maiatzean utzi zuten akordioa—, eta Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak hori konpontzeko mekanismoa abian jarri zuten hilaren 14an; horrekin, baliteke NBE Nazio Batuen Erakundeak zigorrak berrezartzea. Iranek gogor gaitzetsi du erabaki hori.

Mohammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroak eman zuen abisua joan den astean: esan zuen Iran 1970eko hitzarmenetik irtengo zela europarrek jarrera aldatzen ez bazuten eta Iranen espedientea Nazio Batuen Segurtasun Kontseilura bidaltzen bazuten. Ohartarazi eta gero, beste urrats bat egin zuten atzo, parlamentuari bozketa egiteko eskatuz. Hori aurrera emateko, legegileek bi irakurketatan onartu beharko dute proposamena, eta Zaindarien Kontseiluak berretsi beharko du gero. Halere, Ali Khamenei aiatolak izango du azken hitza.

Hauteskundeak

Egoera nahasi horren erdian, Irango Legebiltzarreko hauteskundeak egingo dituzte otsailaren 21ean, eta polemikoa izaten ari da prozesua. Izan ere, Zaindarien Kontseilua hautagai ugari baztertzen ari da. Horietatik asko egungo diputatu erreformistak eta moderatuak dira. Hasan Rohani presidenteak adierazi du jokabide hori demokraziarentzat «arriskutsua» dela; nabaria da, era berean, alderdi politikoen gabezia. Abas Ali Kadjodai Zaindarien Kontseiluko bozeramaileak, berriz, lege konstituzionalei «aldaketa» batzuk egitea proposatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.