Aztertu dute Eusko Jaurlaritzak egitea AHTa «atzeratuen» dagoen lekuetan

Abalos eta Tapia bilera batean aritu dira gaiaz; Bilbo eta Gasteizko sarbideak ere egitea da plana

arantxa iraola
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
«Gaurko bultzadak eskatzen du ahaleginak areagotzea atzerapen handiena dagoen lekuetan», azaldu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak, Espainiako Garraio eta Mugikortasun ministro Jose Luis Abalos ministroarekin Madrilenegin zuen bileraren harira. Lehendik ere hartu ditu Eusko Jaurlaritzak bere gain euskal Y deitutako trenbide sare lasterra egiteko hainbat obra Gipuzkoan, eta atzo aztertu zuten Bilboko eta Gasteizko sarbideak ere egitea. Usu adierazi dute Jaurlaritzako buruek kezka obren atzerapenarengatik, eta horri lotuta dator proposamen berri hau ere.

Lehendik Jaurlaritzak martxan dituen lanak ondo doazela esan zuen atzo Jaurlaritzako ordezkariak: «garaiz eta eraz» bukatuko dituzte. Gipuzkoan egitasmoa aski aurreratuta dagoela esan nahi du horrek, eta 2023rako amaituta egongo direla han egiten ari diren lanak. Horregatik, Bizkaiko eta Arabako lanetara begira jarri nahi du orain Jaurlaritzak. «Horretarako gure esku dauden baliabide guztiak jarriko ditugu», adierazi zuen atzo Tapiak.

Bileran, hainbat erabaki hartu zituzten. Bilboko geltokiari dagokionez, informazio azterlana behin betiko onartzea eta eraikuntza proiektua martxoaren 31 baino lehen idazten hastea ebatzi zuten; Gasteizko sarbideari dagokionez, irailerako behin betiko onartua izatea; Ezkioko geltokiari buruz, martxoan proiektuari oniritzia emateko konpromisoa hartu zuten; egun horixe bera ezarri zuten Astigarraga, Oiartzun eta Lezo arteko zatiko informazio azterlana bukatzeko ere.

Uriarte ere bai

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak ere bilera bat egin zuten atzo Madrilen. Eusko Jaurlaritzak bilkuraren ostean bidalitako oharraren arabera, hainbat gairi buruz mintzatu ziren bi buruzagiak, baina, batez ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza legea izan zuten hizpide. Uriartek berriz eskatu zion Zelaari, besteak beste, LOMCE legea bertan behera uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.