Nepalen krisia piztu du bozak aurreratzeak

Presidenteak onartu egin du parlamentua desegiteko lehen ministroaren eskaria. Manifestazioak izan dira erabakiaren aurka

Manifestari komunistak, atzo, Katmanduko manifestazio batean. H. SHRESTHA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Ehunka manifestari irten ziren atzo kalera Katmandun, Nepalgo hiriburuan, parlamenturako bozen aurrerapena salatzera. K.P. Sharma Oli lehen ministroak ganbera desegin eta bozak 2021. urteko apirilean eta maiatzean egiteko eskatu zion Bidhya Devi Bhandari presidenteari —aurreikusi baino urtebete lehenago—. Presidenteak oniritzia eman zion gobernuburuaren galdeari, eta parlamentua desegin zuen, joan den igandean. Erabakiak hainbat sektore politiko asaldatu ditu. Oposizioak eta Oli gobernuburuaren Nepalgo Alderdi Komunistak «iruzur konstituzionala» egitea leporatu diote.

Lehen ministroak bere alderdiko zuzendaritzaren konfiantza galdu du, gobernuan erabaki garrantzitsuak hartzeko garaian alderdiko buruzagiak baztertu dituela iritzita. Kritika bera egin zion alderdi maoistak ere 2016an. Olirekin gobernu koalizioa apurtu zuen, iritzita ez zuela banatzen boterea eta bere kabuz hartzen zituela erabakiak. Orduan, Pushpa Kamal Dahal talde errebelde maoisten buru izandakoa hautatu zuten gobernuburu.

Oposizioak eta Nepalgo Alderdi Komunistak aginteari eusteko «iruzur konstituzionala» egitea leporatzen diote Oliri. Ohartarazi dute 2015eko konstituzioak ez diola lehen ministroari eskumenik aitortzen presidenteari parlamentua desegitea proposatzeko, baldin eta gobernua eratzeko bestelako formularik proposatzen ez badu.

Oliren gobernuko zazpi ministrok dimisioa eman dute, parlamentua desegitearen kontrako erantzun gisa, eta lehen ministroak 2017an jaso zuten «herritarren agindua» urratu duela salatzeko.

Bhandari presidentea ere alderdi komunistakoa da, eta lehen ministroaren hurbilekotzat jotzen dute. Alderdiak hauteskundeak aurreratzeko Oliren eskariari bide eman izana gaitzetsi du.

Giro politikoa jada nahasia zegoela piztu da ganbera desegiteari buruzko eztabaida. Pandemiaren kudeaketak kritika ugari eragin ditu gobernuaren kontra; Nepalek 2008an baztertu zuen monarkia berriz ere ezarri nahi duten sektoreen protestak indartzen ari dira, eta errebelde maoista ohiz osatutako muturreko taldeen indarkeriak ere gora egin du.

Olik egonkortasuna eta ustelkeriaren kontrako borroka agindu zituen boterera iritsi zenean, baina ez du ezer esanguratsurik lortu arlo horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.