Prezio igoera txikiak urte hasieran

Renfek %1 garestituko ditu aldirietakoak, baita Euskotrenek ere zerbitzu batzuk. Iparraldean, errenta eta sozietate zergek behera egingo dute

Tren bidaiariak Madrilgo geltoki batean, artxiboko irudi batean. J.J. GUILLEN / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Inflazio apaleko urte baten amaieran, nahiko apalak izango dira prezio igoerak zerbitzu publikoetan. Garestitu egingo dira trenen txartelak eta autobideetako ordainsari gehientsuenak, baina merkatu, berriz, gasaren prezioa.

Azaroan, urte arteko inflazioa %0,8koa izan zen Hego Euskal Herrian, baina litekeena da urte amaieran hamarren bat edo beste igotzea, erregaien garestitzearen ondorioz. Espainian, esate baterako, %0,4tik %0,8ra igo da urteko azken hilabetean. Ipar Euskal Herrian ere antzeko kopuruetan izango da inflazioa, erreferentzia gisa Inseek Frantziarako emandako datua aintzat hartuz gero: %1eko igoera azarora arte.

Trenbideei dagokienez, Renferen zerbitzuetan izango dira igoera handienak. Horrela, aldirietako trenen txartelak %1 garestituko dira, eta eskualdeetako trenak eta ibilbide ertainekoak ere beste hainbeste. Konpainiak nabarmendu duenez, 2015ean garestitu zituen txartelak azken aldiz.

Igoera handiagoak izan dira ibilbide luzeagoetan; %1,1 AHTetan eta ibilbide luzeetan. Renfek justifikatu duenez, Adif trenbideen kudeatzaileak erabileragatik jasotzen duen kanona handitzeko asmoa izateak eragin du garestitzea. Liberalizazioaren atarian dago abiadura handiko trenaren zerbitzua, 2020ko abendutik aurrera Renfek lehiakideak izango baititu bidaiari gehieneko lineetan.

Euskotrenek 2019ko apirilean eguneratu zituen prezioak azken aldiz, eta aldaketa gutxi batzuk baizik ez ditu egingo bihartik aurrera. Bizkaian, joaneko txartel arruntaren prezioa 1,75 eurotik 1,80ra igaroko da lehen gune barruko bidaietan, eta 1,95 eurotik bi eurora, berriz, bigarren gunean; hortik gorako guneetan ez da aldaketarik. Gipuzkoako zerbitzuetan, bonu 2 izenekoa soilik garestituko da, 4,35 eurotik bost eurora —Bizkaian ere neurri berean—.

Aldaketarik ez dago Bizkaiko Garraio Partzuergoak kudeatzen dituen zerbitzuetan, ezta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren tarifetan ere.

Autobideak eta gasa

Autobideen erabiltzaileek ere izango dituzte berritasunak urte berrian. Bizkaiko Aldundiak bost zentimo garestitu du autoen tarifa AP-8aren bere zatian, Galdakao eta Ermua artekoan: 3,71 euro ordaindu beharko dute bihartik aurrera ibilbide hori egiten dutenek. Ohiko erabiltzaileek ere gehiago pagatuko dute: gehienez 32,63 euro Bizkai barruko zatiak erabiltzen dituztenek, eta 47,74 euro Araban eta Gipuzkoan ere sartzen direnek —bidaia Bizkaian hasi edo bukatzen dutenek—. 2018an jarri zituen indarrean lehen aldiz tarifa murriztu horiek (30 eta 45 euro, hurrenez hurren).

Artxandako tuneletan, prezioa hiru zentimo igo dute, eta asteburuko tarifa desagertu egingo da.

Gipuzkoan, aldaketa nagusia Irun inguruko erabiltzaileek antzemango dute. Izan ere, hiri barruko trafikoa arindu nahian, aldundiak prezio murritzagoak jarriko dizkie Behobia eta Bentak auzoen arteko ibilbideetarako: lehen bidaiatik aurrera, %50 merkeago izango dute, eta gehien erabiltzen dutenek %85 gutxiago ordainduko dute. Tarifa horiek baliatu nahi dituztenek teleordainketarako aparatua izan beharko dute.

Nafarroan, berriz, %0,1 igoko dituzte sariak AP-15ean. Iruñeko lur azpiko zortzi udal aparkalekuen erabiltzaileek %0,5 gehiago ordaindu beharko dute.

Inflazioa baio askoz gehiago garestituko dira Correosen zigiluak, %8tik gora. Eskutitz arinenek, 20 gramotik beherakoek, bost zentimo gehiago ordainduko dute: 0,65 euro Hego Euskal Herri barrukoek edo Espainiarakoek, eta 1,45 EBrakoek. La Postek ere emendatu ditu tarifak, %4,7 batez beste.

Gas naturala, berriz, merkatu egingo da. Hego Euskal Herrian,tarifa arautua dutenek %4 gutxiago ordainduko dute bihartik aurrera; Ipar Euskal Herrian, berriz, %0,9 merkeagoa izango da.

Zergek behera Iparraldean

Zergei dagokienez, Ipar Euskal Herriko biztanleek izango dituzte berritasun gehien. Oro har, zerga gutxiago ordainduko dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako biztanleek. Errenta zergaren bigarren tartea %14tik %11ra jaitsiko da urtean 9.964 eta 27.519 euro artean irabazten dituztenentzat. Gainera, etxebizitza zerga guztiz desagertuko da irabazirik apalenak dituzten %80entzat.

Enpresek ere gutxiago ordainduko dute: beren irabazien gaineko sozietate zerga %33tik %31ra apalduko diete enpresa handiei, eta %31tik %28ra enpresa txikiei eta ertainei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.