Etiopiak lehen fasea gainditu du

Abiy lehen ministroak jakinarazi du Niloko urtegiko ur depositua betetzeko lehen helburua lortu dutela. Kairoren, Addis Abebaren eta Khartumen arteko goi bileran ez dute akordiorik lortu, baina hitz egiten jarraituko dute

Nilo ibaiko Pizkundearen Urtegi Handia egiteko lanak, artxiboko irudi batean. EPA/STR / EFE.
Ander Perez Zala Jone Bastida Alzuru
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
AB Afrikako Batasunak babestuta, bilera telematiko bat egin zuten atzo Etiopiako, Egiptoko eta Sudango gobernuburuek, Etiopiaren Pizkundearen Urtegi Handiaren inguruan akordio bat lortzeko ahaleginetan. Azken hamar urteetan elkarrizketa ugari izan dituzte hiru herrialdeetako buruzagiek, hainbat buruzagi eta erakundek gidatuta, baina apenas eman duten aurrerapausorik, eta asteotan handituz joan da Kairoren eta Addis Abebaren arteko tentsioa. Hain zuzen, Etiopia urtegia egiteko azken fasean sartuta dago, eta, Abiy Ahmed lehen ministroak atzo jakinarazi zuenez, urtegiko ur depositua betetzeko lehen fasea gainditu dute, batez ere egunotako eurite indartsuei esker; fase horrek urtebete iraun du.

ABko eta Hegoafrikako presidente Cyril Ramaphosak gidatu zuten atzoko bilkura, eta horretan parte hartu zuten Kongoko Errepublika Demokratikoko, Kenyako eta Maliko funtzionarioek, baita Ameriketako Estatu Batuetako, Europako Batasuneko eta Munduko Bankuko ordezkariek ere, behatzaile lanetan.

Etiopiak, Egiptok eta Sudanek urteak daramate Niloko urtegiaren inguruan eztabaidatzen, baina orain arte ez dute lortu ados jartzea; atzoko bilkura horretarako egin nahi zuten, baina hiru aldeek ez zuten ados jartzeko aukerarik izan. Hori bai: Kairok, Addis Abebak eta Khartumek adierazi zuten negoziatzen jarraitzeko asmoa dutela, eta berriz itzuliko direla mahai beraren ingurura. Bileraren ostean, Abiyk adierazi zuen «ondo elkar ulertzea» lortu zutela, baina oraindik pauso gehiago eman behar dituztela auzia konpontzeko.

Sudango lehen ministro Abdalla Hamdokek Twitter sare sozialean idatzi zuenez, atzoko bileratik ateratako ondorio bakarra «negoziatzen jarraitzeko beharra» izan zen, baina pozik agertu zen bilera garatu zen moduagatik. Abiyk gehitu zuen «apreziatu» egin duela «Afrikako arazoei Afrikako irtenbideak» ematen saiatzea.

Nilo ibaian altxatzen ari diren urtegia anbizio handiko proiektu bat da Etiopiarentzat. Afrikako eta munduko urtegirik handienetako bat izango da, 1.800 kilometro koadroko eremua izango du, eta 74.000 milioi metro kubiko ur hartu ahal izango ditu; agintarien arabera, aukera aproposa litzateke ia 110 milioi herritar pobreziatik ateratzeko. Urtegia, nagusiki, elektrizitatea sortzeko erabiliko dute.

Beste aldean dago Egipto, hark pairatuko bailituzke kalte nagusiak. Eta hortik datoz, hain zuzen, bi herrialdeen arteko ika-mikak. Kairo beldur da Nilo ibaiaren emaria asko murriztuko ote den; izan ere, bertatik jasotzen ditu basamortuz jositako estatu horren ur baliabideen %90 baino gehiago. Hori kontuan izanik, elkarren arteko konfiantzarik ezak zaildu egin du akordio bat erdiestea, eta eginiko eztabaidek ez dute behar adinako arrakasta izan.

Orain arte, ur depositua betetzeko prozesuaren iraupena izan da eragozpen nagusia, nahiz eta kontu horretan ados jartzeko bidean diren: bost eta zazpi urte bitartean iraungo luke prozesuak. Badaude, ordea, gai konplexuagoak; besteak beste, urtegiaren kudeaketak etorkizunean sor ditzakeen gatazken inguruan, eta, bereziki, Egiptok zer ur emari jaso behar duen urtebete edo gehiagoko lehorterik badago.

Hala, proiektuaren inguruan dituzten desadostasunak konpontzeko, NBE Nazio Batuen Erakundeak hiru herrialdeei eskatu die «elkarrekin lan egiteko» .

Egiptok, bere eskakizunak egiteko, britainiarren kolonialismo garaian lortutako akordio batzuk hartzen ditu oinarri; gero, 1959an, Sudanekin aldebiko hitzarmen batean eguneratu zituztenak, alegia. Dokumentu horren arabera, Egiptori 55.500 milioi metro kubiko dagozkio, eta Sudani, 18.500. Horri Egiptoko Aswango urtegi erraldoian lurruntzen diren beste 10.000 metro kubiko gehituz gero, ibaiak urtean izaten duen batez besteko ur kantitatea osatzen da: 84.000 milioi metro kubiko.

Nilo ibaiaren arroan dauden beste bederatzi estatuek (Burundi, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Etiopia, Eritrea, Kenya, Ruanda, Hego Sudan, Uganda eta Tanzania) uste dute kuota horiek injustuak direla, eta horietako seik Entebbeko Hitzarmena sinatu zuten 2010ean. Hitzarmen horren helburua da Nilo ibaiko uraren banaketa berriz zehaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.